Gautegiz Arteagak hartuko du Udaberria Bertsotaneko azken saioa
Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako txartela lortzeko azken saioak eguenan (maiatzak 29) jokatuko dira Gautegiz Arteagan eta Plentzian, 18:30ean, Udaberria Bertsotan zikloari amaiera emanez..
Udabarria Bertsotan ekimena bukatzear dago; eguenan (maiatzak 29) jokatuko dituzte Bizkaiko Bertsolari Txapelketara sailkatzeko saioetako azkenak, Gautegiz Arteagan eta Plentzian. Biak ala biak 18:30ean hasiko dira, Gautegiz Arteagako udal aretoan bata, eta Plentziako Goñi portalean bestea. Zortzi saiok osatutako sailkapen faseari bi saio falta zaizkion heinean, Bizkaiko Txapelketarako txartela zein bertsolarik lortuko duten erabaikiko da eguena honetan.
Gautegiz Arteagan, adibidez, Bittor Salterain Etxebarria, Haizea Telleria Urkijo, Igor Galarza Intxausti, Mikel Aiartzaguena Agirrebeitia, Mikel Retolaza Etxebarria eta Peru Vidal Gurrutxaga bertsolariak izango dira lehian, gai jartzaile lanetan Idoia Anzorandia Kareaga izango den bitartean. Epaimahaia, aldiz, Ander Txakartegi Basterretxea, Mirari Azula Aurrekoetxea eta Miriam Juaristi Urizarrek osatuko dutela jakinarazi dute Bertsozale elkartetik. Idazkari lanak Itziar Basterretxea Olarreagak egingo ditu.
Plentziako saioan, ordea, Ander Anakabe Lekue, Koldo Muñiz Aldamizetxebarria, Lurdes Ondaro Mallea, Naroa Jaio Jaio, Naroa Torralba Rodriguez eta Peru Irastortza Santxo izango dira bertsotan. Saioan gaiak ematen Jon Amezaga Fernandez ariko da, eta epaimahaikideak, berriz, hurrengoak izango dira, aurreratu dutenez: Garazi Mendoza Agirre, Leire Etxebarria Gaztelu eta Marta Ortiz Mateo. Idazkaria, bere gain, Itxaro Juaristi Olaetxea izango da.
Bertsozale elkartetik nabarmendu dute, saioetako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian daudela salgai, baita saioen egunean aretoetan bertan ere, 18:00etatik aurrera. Sarrerak 3 eurotan eros daitezke; elkarteko bazkideak 2 eurotan. Gainera, 18 urtez azpikoak ez dute ordaindu beharko.