Arratzuko eta Foruko lurretatik ibili dira Berbalagunak
28 berbalagunek parte hartu zuten maiatzeko Gernika-Lumoko Berbalagunen mendi irteeran, eta "giro apartean" ibili ziren.

28 berbalagunek parte hartu zuten Arratzu eta Forua batu zituen hilabete amaierako mendi irteeran, zapatuan (maiatzak 24). “Giro aparta” izan zuten eta ibilbidea ere “nahiko lehor” eduki zuten.
Irteerako argazkia ezohiko lekuan atera zuten: Malosteko plazan. Beraz, handik abiatu zuten ibilaldia. Donejakue bidea hartu zuten, eta Burgoa baserriraino iritsi ziren, Donejakue bidea utzi eta Loiolara ailegatzeko. Han, bidehoriagaz bat egin eta Uarka zein Olesko gurutzatu zituzten, Oleskon Euskaraldiari omenaldia egiteko: txapa jantzi eta Gure bihotzaren taupadak abestia kantatu zuten. “Hunkigarria izan zen”.
Handik Triñerako bidea hartu zuten, Barrutiko basoa eta Oka ibaia gurutzatuz Foruko auzo ederrera ailegatzeko. Han, paisaiaz gozatu eta talde argazkia aterata Gernika-Lumorako buelta egin zuten Tiloetatik.
Gainera, jakinarazi dute ekainean egingo dutela ikasturte honetako azken irteera, eta herritarrak gonbidatu dituzte parte hartzera.