Tabako-kerik gabeko Bermeo, helburu
Tabakoak osasunean eta ingurumenean duen eraginaz kontzientziatzeko ginkana antolatu du Minbiziaren Aurkako Elkarteak, maiatzaren 29an [eguena]. Udaleko Adikzioen Prebentzio Zerbitzuak, berriz, Zigarro bat sagar baten truke kanpaina prestatu du.

Tabako-kerik gabeko udalerri bihurtzeko helburuagaz, Bermeoko Udalak Eusko Jaurlaritzaren Kerik Gabeko Euskadi Sareagaz bat egin du. Berarekin batera Sagrado Corazon Ikastetxea, Eleizalde Ikastola eta San Frantzisko Herri Ikastetxea atxiki ditu, eta datorren eguenean [maiatzak 29] hezkuntza zentro horietako sarrerak seinaleztatuko dituztela jakinarazi dute,
Udalak, Minbiziaren Aurkako Elkarteak eta Osakidetzak bat egin dute sarearen helburuagaz; horregatik, elkarteak kerik gabeko guneen “errespetua indartzeko eta tabakoak osasunean eta ingurumenean duen eraginaz kontzientziatzeko” ginkana antolatu du maiatzaren 29an, udaleko Adikzioen Prebentzio Zerbitzuaren, osasun zentroaren, Berton Merkatarien Elkartearen eta Sagrado Corazon Ikastetxearen laguntzaz. Guztira 120 parte hartzaile izango ditu probak, gehienak ikastetxe horretakoak.
Udaletik jakinarazi dutenez ginkanak ordu eta erdi inguru iraungo du. 10:30ean jarri dute hitzordua eta Lehen Hezkuntzako 6. mailako eta DBHko 2. mailako ikasleak izango dira herrian zehar tabako eta gailu berriei buruzko galderak erantzuten saiatuko direnak. Aurreratu dutenez, ekimenean inplikatutako eragileak izango dira parte hartzaileek osasunari, kontsumoari eta horren ingurunean duen eraginerari, gailu berriei edota kerik gabeko guneei buruz dituzten galderak erantzungo dituztenak.
Antolatzaileek azaldu dutenez, ekimenak gazteenak kontzientziatu nahi ditu, “baina baita bermeotarrak orokorrean ere”. Horretarako, herritarrei babesa eskatu eta galdera bat edo beste erantzuteko eskatuko zaie. Parte hartzaile guztiek ginkanan egindako lana bateratuta emango diote bukaera ginkarari, 12:00ak aldera, Lameran.
Kerik gabeko Bermeo lortzen laguntzeko eskaera luzatu die udalak bermeotarrei, ekimena “gazteenak babesteko” tabakorik, nikotinarik eta produktu eratorririk gabeko ingurunek sustatzen dituen proiektuan kokatzen dela gogoratuta.
Ekintza sinbolikoa.
Horrez gain, Bermeoko Udaleko Adikzioen Prebentzio Zerbitzuak maiatzaren 31 tabakorik gabeko eta biriketako osasunaren aldeko nazioarteko eguna dela baliatuko du udalerrian “ekintza sinboliko” bat eginez kontzientziazioa pizteko: Zigarro bat sagar baten truke izeneko ekintza antolatu dute Gabilondo farmaziagaz eta osasun zentroagaz batera.
Zigarro bat sagar baten truke ekimenak “bizimodu osasungarriagoak” sustatu gura ditu, herritarrak tabakoaren ondorio negatiboen inguruan sentsibilizatzeagaz batera. Horretarako, udalak herritar guztiak deitu ditu tabakoaren kontsumoari buruz hausnartzeko ekimenan parte hartzera.
Lehenengo hitzordua maiatzaren 27an [martitzena] jarri dute, 11:00etatik 12:30era bitartean, Goiko Plazan. Maiatzaren 28an [eguaztena], berriz, anbolutatorioan egingo dute, ordutegi berean.