"‘Ombuaren itzala’ filma auzolankide guztiena da"
Pedro Mari Otañoren heriotzaren mendeurrenean otu zitzaion bere herrikide Patxi Bisquerti bertsolariaren omenezko ‘Ombuaren itzala’ filma egitea. Gaur Bermeon ikusi ahal izango da.

Pedro Mari Otaño bertsolari, olerkari eta idazleari Euskal Herri mailako omenaldia egiteko nahiak eraman du Patxi Bisquert kameraren beste aldera. Aktore lanetan aritutako zizurkildarra bere opera primaren aurkezpenbira egiten ari da, auzolanean sortutako Ombuaren Itzala filma auzolankideengana hurbiltzeko. Gaur, 19:00etan, Bermeoko Nestor Basterretxea izango du geraleku.
Nola sortu zitzaizun Otañoren biopic bat egiteko ideia?
Otaño izugarrizko sortzaile handia izan zen, bere garaian gure kulturarekiko erreferente garrantzitsuenetakoa. 115 urte dira Argentinako diasporan hil zela; lehen mendeurrena ospatu zen garaian hasi nintzen ni honekin, ikusirik omenaldia Zizurkilen, bere jaioterrian bakarrik kokatu zela. Nolabaiteko amorrua sortu zidan, horrelako sortzaile handi batek Euskal Herri mailan omenaldia egitea merezi zuelako. Zinegilea naizenez, gizon hau belaunaldi berriei ezagutzera emateko zerbait egin behar zela okurritu zitzaidan, gehienek ez dutelako inolako erreferentziarik Pedro Mari Otañoren inguruan.
Filma egiteko prozesua oso luzea izan da.
Bai, hamalau urtekoa. Lehenengo bederatzi urteak ate joka igaro nituen, ekoiztetxe baten bila. Nere buruan ez zen sartzen Otañoren filma nik ekoiztu eta zuzentzea, nik Otaño gorpuztu nahi nuen. Milaka ate jo nituen, eta leku gehienetan ez zekiten Otaño nor zen ere. Orduan auzolanez egingo nuela erabaki nuen, nire ekoiztetxe txikiarekin: Eguazki Art Zinema. Auzolanez loratzen dira nolabait proiektu interesgarrienak, herrigintzan eginez. Azken finean, Otañok ere lotura handia izan du bere bizitzan zehar auzolanarekin.
Nolakoa izan zen erantzuna?
Oso ona. 150 aurkezpen inguru egin ditugu, eta 120 bat udaletxe sartu dira auzolanaren sarean; beste hainbeste institutu, eskola, ikastola eta kultur elkartek ere bat egin dute, eta gero, inportanteena denak, jende arruntak ere bai. Bakoitzak bere ekarpena eginez lagundu digu aurrekontua osatzen. Beraiek eman digute filma gauzatzeko aukera, eta orain, guk esker onez eskaini behar diegu filma auzolankideei. Ombuaren Itzala auzolankide guztiena da. Herriz herriko ibilaldiagaz ari gara, gero izango dugu tartea filma komertzialki estreinatzeko, ziur asko udazkenera begira.
Zergatik Ombuaren itzala?
Zuhaitz horrek bere baserriko atarian zegoen intxaurrondoa gogoratzen zion Otañori. Berak horren itzalpean idazteko ohitura zuen, eta bere herriminean, Argentinan zegoela, itzala ematen zion zuhaitza aurkitu zuen: Ombua. Bere Errekaldeko intxaurrondoa bihurtu zen Ombua, eta
bertso sorta ederrak egin zizkion.
Otañori buruz asko idatzi al da?
Informazio oso gutxi dago, Otañoren erreferentzia bere bertsoengatik dugu. Aita Zabalak bildu zituen bi liburutan, Pedro Mari Otaño eta bere ingurua izenpean, eta bertsoak ematen digu zelako pertsona zen ezagutzeko neurria; bere hitzak. Prentsan albiste motzak bakarrik ikusi ditugu, Arrasaten Lore-Jokoak irabazi zituenekoa edota Pasaian Argentinara joateko Korsika baporea hartu zuenekoa. Informazioa lortzeko bere bertsoak aztertu behar izan ditugu, eta horrek eman dizkigu pertsonaren neurria, jokamolde politikoaren eboluzioa… Horregatik interesatu zait ordena kronologikoa mantentzea.
Nola sentitu zara zuzendari lanetan?
Pelikulan kameraren aurrean ere jarri naiz, paper txiki batekin. Pertsonaia galiziar bat sartu dugu, Galiziari omenalditxo bat eginez. Hamalau urtez bizi izan naiz han, nire seme-alabak galiziarrak dira, eta keinu bat bezala galegoz egiten duen pertsonaia bat sartu eta gorpuztu dut. Kameraren atzean baina, zuzentzen, oso lasai sentitu naiz, izugarrizko lasaitasunarekin. Ez naiz batere estresatu grabatzeko momentuan, estresa eta urduritasuna gero etorri dira.
Argentinan, Nafarroan eta Gipuzkoan grabatu duzue, nolakoa izan da prozesua?
Nahikoa kaotikoa. Diru gutxik egun gutxi behar du, orduan, nahikoa presaka ibili ginen. Dirua sartzen zen heinean grabatzen genuen: 2023ko ekainaren 5ean hasi ginen, eta 2024ko abuztuaren 5ean bukatu genuen, 25 egunez.
Kulturaz gain, politika eta exilioa ere landu dituzue.
Jorratu beharra zegoen. Otaño hiru aldiz joan zen Argentinara, hiru arrazoirengatik. Aurreneko bidaia 18 urterekin egin zuen, 1875ean, azken foruak galdu baino urtebete lehenago, gerrara mobilizatzeko arriskua zuelako. Bizpahiru urtera bueltatu zen, baina ez zuen bere burua ikusten, Panparen nostalgia zuen. Bertsoetan abesten du: Amerikara noa/nere borondatez/aspertu naizelako/emengo suertez. Hirugarrenean imigrante ekonomiko gisa joan zen: Ez noa borondatez/ beharrak narama/nerekin daramazkit/hiru ume ta ama.
Ze feedback jaso duzue?
Normalki, jendeak ordubete daramanean zineman eta istorioak motibatzen ez badu, mugitzen hasten da. Hemen ez, ia bi ordu irauten ditu, eta denak daude serio, pantailari begira. Bukatzean, beti egiten dugu solasaldi bat, etaorduan, aurpegiak aurrez aurre ikusi, eta filma gustatu zaiela sumatzen da. Hori da niretzat daturik onena.
Bermeon aurkeztuko duzu gaur.
Bai, herritarrak azaldu daitezela, pelikula eder bat ikusiko dute-eta. Herritar bakoitzak Otañoren hitzaz eta bizitzaz informazioa jasotzeak merezi du. Zulo beltzean dago egun Otaño, eta belaunaldi berrientzat berreskuratzeak merezi du.