Bermeo FT, 75 urteko ibilbidea herritarrekin ospatzeko gogoz
Bermeo Futbol Taldeak 75 urte beteko ditu aurten, eta ibilbidea omentzeko jaia antolatu dute ekainaren 7an [zapatua], Itxas Ganen.

1950eko uztailaren 31n sortu zen Bermeo Futbol Taldeak —lehen Bermeo Kluba— 75 urte beteko ditu aurten, eta klubak ibilbide hori omentzeko ekintzak antolatu ditu. Hitzorde bereziena ekainaren 7rako [zapatua] deitu dute, eta taldetik igaro zein ez, herritar guztiei Itxas Ganen antolatu duten ospakizunera hurbiltzeko deia egin die.
Ander Goienetxea Beitia Bermeo FTko presidenteak eman du jardunaldiaren berri eta, azaldu duenez, omenaldi berezi bat izango du abiapuntu jaiak, 11:00etan: “Imanol Urrutia 2. bazkidea omenduko dugu; iaz lehenengoa omendu genuen, eta aurten Imanol. Azkenean adineko jendea da, urte askotan gurekin egon dena”. Omenaldia bukatuta, Bermeoko Orfeoiaren ekitaldia hartuko du Itxas Ganek, eta taldearen ereserkia entzuteko aukera egongo dela aurreratu du Goienetxeak: “Ez da asko ezagutzen, baina aurten ofizialki kaleratuko dugu”.
Futbol kluba izanik, urteurren jaian partidu bat antolatu beharra zegoen. 13:00etan, Bermeoko eta Gernikako beteranoak arituko dira nor baino nor gehiago. Aurretik baina, jokalari, zuzendari zein entrenatzaileak, egungoak zein 75 urteetan zehar Itxas Ganetik igaro direnak, familia argazkia aterako dute, zaletuekin batera.
Partiduaren ostean, indarrak berreskuratu, anekdotak gogoratu eta ospakizunari amaiera biribila emate asmoz, bertaratzen direnak “hamaiketakoan” bilduko dira.
Ekainaren 7koa baina ez da antolatu duten ekintza bakarra. Egun horretan hasi, eta ekainaren 14ra bitartean [zapatua], Bermeo FTko “argazki historikoen erakusketa” egongo da ikusgai Nestor Basterretxea aretoan, 19:00etatik 21:00era bitartean. Horrez gain, ekainaren 13an [barikua] Ramon Basaldua kirol kazetari bermeotarrak Historia del Club Bermeo hitzaldia eskainiko du Nestor Basterretxean bertan, 19:00etan hasita.
1950az geroztik.
Bermeo Kluba ofizialki 1950ean eratu bazen ere, aurretik ere bazegoen futbol taldea kostaldeko udalerrian: “1926tik 1936 Lagun-Etxea izeneko taldea egon zen”. Goienetxeak gogoratu duenez, garai hartan ez zegoen futbol-zelairik Bermeon, eta taldea etxeko jokalariek osatzen zuten bere osotasunean, Bizkaiko C mailan lehiatzen zutela.
Gerora, bai 1950ean zale talde batek Bermeo Kluba sortzea erabaki zuen, baina udalerriak futbol-zelai gabe jarraitzen zuen: “Lehenengo urtetan Mungiako Basozabalen jokatzen genuen, zelaia uzten zigutelako”. Itxas Gane zelaia 1951ko martxoaren 25ean inauguratu zen, Bermeo eta Derioko Solokoetxe Klubaren arteko partida bategaz.
Itxas Gane etxe dutenetik asko izan dira klubaren titulu eta garaipenak, besteak beste, 1951/1952 denboraldian eskualdeko bigarren mailako txapelketa, 1954/1955 denboraldiko erregional lehenengo mailako txapelketa, 1966/1967 denborldian Bizkaiko kopako txapeldunorde sailkatzea, 1983/1984 denboraldiean gazteen lehen mailara igotzea lortzea edota 2012an hirugarren mailara igoera lortzea. Bermeo Futbol Taldearen inoizko posturik onena 1998/1999 denboraldian eman zen, taldea 2. maila B kategoriara sailkatu baitzen,
Gaur egun talde bermeotarra Lurralde Ohorezko Mailan lehiatzen da. “Maila gorenetan egoteko dirua behar da, eta hemen momentuan dugunagaz lan egin behar dugu”, nabarmendu du Bermeo FTko presidenteak.
525 futbolari.
Talde bermeotarra, baina, indartsu dago: “Umeak gero eta gehiago dira eta taldeak ere bai”. Hala ere, klubak “arazotxo” bat duela azpimarratu du Goienetxeak, ez baitute emakumeen taldea eratzea lortzen: “Gazteetan talde mistoa dago, baina nagusiagoetan ez dugu emakumeen taldea lortzen, garai batean izan bagenu ere. Ea datorren urtean lortzen dugun”.
Gaur egun 525 futbolari igarotzen dira astero Itxas Ganetik, maila, talde eta adin ezberdinetakoak. Zortzi talde daude federatuta, 200 jokalari hartzen dituztenak: nagusiak, erregiol mailakoak, gazte mailako hiru talde eta kadete mailako beste hiru talde. Eskola adinekoen taldeak 13 dira, 225 futbolarigaz: haur mailako lau talde, kimu mailako bost eta benjamin mailako beste lau. Horrez gain, eskola-kiroleko taldeak ere badaude, 125 neska-mutil biltzen dituztenak.
Goienetxeak Athletic Clubekin sinatuta duten hitzarmena ere gogoratu du: “Laguntza ematen digute, eta jokalariren bat prest dagoela uste badute, Lezamara eramaten dute. Guretzat ez da onena izaten, baina horrela da”. Horren adibidetzat jarri ditu Mikel Jauregizar eta Unai Gomez, egun Athleticeko lehen taldeko jokalari direnak: “Nagusien taldean ez dugu neskarik, baina umeetan hor daude Naiara Diez eta Maider Allika, adibidez”.
Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkatea ere izan da agerraldian, eta klubari 75 urteko bidea egiten lagundu dien erakunde, boluntario, ume eta gurasoen laguntza eskertu du, horiek gabe ibilbidea “ezinezkoa” izango litzatekela nabarmenduz. Era berean, Bermeoko Udalaren eta Bermeo FTren arteko harremana beti “oso ona” izan dela azpimarratu du: “Klubak gutxienez beste 75 urte egin behar ditu, pasio berdinagaz. Udalaren partetik laguntza osoa duzue eta izango duzue , ahal dugun guztian laguntzeko”. Hala ekainaren 7ko ospakizunera bertaratzeko deia egin die herritarrei, kluba barrutik ezagutzen ez dutenek lehengo aldiz ezagutzeko ere “aukera oso ona” izan daitekeelako.