Frantziatik etorritako errepublikarren seme-alabek Gernika bisitatu dute
II. Errepublika, gerra eta errepresioa gai hartuta sei egunez ibili dira Bizkai, Araba eta Gipuzkoaren memoria historikoan erreferentziak diren lekuak bisitatzen, tartean Gernika-Lumo. Eta, udalerria Pipergorri elkartekoekin batera ezagutu dute, memoria elkartearekin harremanetan.

Gerra eta gerra osteko denporan erbesteratutako errepublikarren seme-alabak Hijos del exilio bandera eta bandera errepublikarra eskuetan zutela ibili ziren atzo Gernika-Lumo ezagutzen; Toulouse eta Saint Gaudens (Frantzia) ingurunetik etorritako 50 lagun inguruko taldea hara eta hona ibili zen.
Izan ere, II. Errepublika, gerra eta errepresioa gai hartuta sei egunez ibili dira Bizkai, Araba eta Gipuzkoaren memoria historikoan erreferentziak diren lekuak bisitatzen: Bilbon, Burdin hesia, Elgeta, Irun, Eibar… bisitatu dituzte, beti memoria elkarteekin hartu-emanetan. Hori dela eta, atzo Pipergorri elkartekoekin ibili ziren Gernikatik, eta, Bakearen Museoa ez ezik, beste gune batzuk ere ikusi zituzten Pipergorri taldekideen azalpenak entzunaz: Picassoren erreplika, Pasealekua, Gernikako Arbola, Juntetxea eta Gerra-Presoen Ospitale Militarraren memoriagunea.
Pipergorrikoek jakinarazi dutenez, bi dira Frantziako elkarte honen helburuak: askatasunaren alde borroka egin zuten errepublikarren memoria mantentzea eta Espainian zehar memoria historikoa berreskuratzeko egiten diren ekimenak ezagutzea.