Erroma ez baitzen egun bakarrean eraiki
Jose Angel ‘Txato’ Etxaniz Ortuñez historialari gernika-lumotarrak ‘Historia del Turismo y Veraneo en Urdaibai’ izeneko liburua kaleratu du. Turismoa Busturialdean zelan ezarri zen azaldu du indusketa historikoko obra horretan, 1830 eta 1900 urteen bitarteko aldia aztertuz. Lana ez dute salgai ipiniko, baina PDF formatuan deskargatu ahalko da.

Frantzia, Espainia, Malaysia, Portugal, Turkia, Grezia, Japonia, Mexiko, Txina, Ameriketako Estatu Batuak edota Austria. Turismoaren Mundu Erakundearen datuek diote horiexek izan zirela 2024an turista gehien jaso zituzten herrialdeak. Euskal herritarrek ere, sobera dakite turismoa foku izatea zer den. Sarritan, baina, ezezagunago zaizkie turismo uriolen jatorria eta noranzkoa zeintzuk diren jakitea.
Busturialdea hastapenetik Euskal Herriko foku turistikoen pare egon zela eta eskualdearen turismo garapenak noranzko partikularrak eduki zituela frogatzen du Jose Angel Txato Etxaniz Ortuñez historialari gernika-lumotarrak kaleratu berri duen obrak: Historia del Turismo y Veraneo en Urdaibai. Urremendi Landa Garapen Elkarte, Urdaibai Biosfera Erreserbako Zerbitzu eta Gernikazarra Historia Taldearen babesagaz jorratu du tokiko turismo jardunaren hazia, 1830 eta 1900 urteen artekoa. Lana ez dute salgai jarriko, baina herritarrek PDF formatuan deskargatu ahalko dute.
Lanaren aurkezpenean, Etxanizek alor horren inguruko dokumentazio falta azpimarratu du: “Bertoko turismoa, alde historiografikotik, apenas landu izan da; horrek zailtasunak dakartza, metodologia ezartzerakoan”. Euskal Herriko turismoaren ernamuina 1845ean kokatzen du Etxanizek, Isabel II.a Donostiara uda igarotera joaten hastean. 1840an, baina, jardun turistikoa Busturialdean indartzen zegoen dagoeneko.
Lehen bisitariak, turista izenez barik, agüista modura ezagutzen zituzten
Turismoaren sorrera txirikordatzen diren elementu bigaz lotuta dago: osasuna eta ura. Izan ere, “uragaz lotutako terapiak” ziren lehen turisten interes iturri nagusiak; iritsi ere, uretatik iritsi ziren, itsasontziz. Bermeo eta Mundaka eta bertako bainu eremuak izan ziren eskualdeko lehen interesguneak. Industria oso bat egituratu zuten bainuen bueltan; lehen bisitariak, turista izenez barik, agüista modura ezagutzen zituzten. Artean, egun hain purian dauden Laga eta Laida hareatzetarako pasabidea konplexua zen oso: bertara iristeko errepidea 1902 eta 1913 artean eraiki zutenez, itsasoz soilik ailega zitekeen hondartzotara.
Jose Angel ‘Txato’ Etxaniz: “Turismoak hain eduki zuen pisua, ezen ordura arte ohikoa zen nudismoa errotik debekatu zuen; bainu jantziak turistek inportatu zituzten”
Bermeotarren kasuan, egungo portuko dikean kokatuta zegoen turistek 1830 eta 1840 artean lepo betetzen zuten igerilekua. Mundakarrei zegokienez, herri inguruko kostalde malkartsuan hainbat bainutoki ustiatu zituzten: “Adibidez, Elexape edo egungo Laminen eta Atorren parkean kokaturiko Azurtoki. Bainu turismoak hain eduki zuen pisua, ezen ordura arte oso ohikoa zen nudismoa errotik debekatu zuen, bisitariek hala eskatuta; bainu jantziak turistek inportatu zituzten. Herritarrek eremu bakoitzean turistei denetariko laguntza ematean oinarritutako jarduera ekonomikoa antolatu zuten”.
Eskualdeko “ezezaguna”.
Itsasokoa ez zen izan bainu mota bakarra. Etxanizen esanetan, Kortezubiko Terlegiz auzoko bainuetxea Busturialdeko turismo foku “ezezaguna” da: “Turistentzako beharrezko azpiegiturak toki bakarrean biltzen zituen barrualdeko gune bakarra zen; hala, Gernikako geltokian gurdi zerbitzua ematen zuten, turistak bertara heldu zitezen”.

Lanaren sustatzaileak, aurkezpen agerraldian, Etxanizegaz batera.
Mapan Gernika-Lumora lekualdatuta, Batzarretxea eta Arbola Zaharra izan ziren turistak erakarri zituen gunea. Bertara egindako bisitek “hauspotu zuten herriko komertzioen jarduna”. Bigarren mailan kokatu ditu Etxanizek eskualdeko beste eremu batzuk: “Ea, Elantxobe, Gautegiz Arteagako gaztelua nahiz Gaztelugatxe”. Batzarretxeak, gainera, aintzat hartu beharreko “erregistroa” zeukan: bisiten liburua. “1895ean, kasurako, 300 bisitari inguru hartu zituzten hilabeteko”.
Besteren artean, Max Weber, Adolfo Guiard edota Isaac Albeniz izan ziren garaiko bisitaririk entzutetsuenetako zenbait
Horietako gehienen profila argi askoa zen: “Dirudun jendea zen, baita nobleziako kideak ere”. Adibideak errekaren gisara datorzkio gernika-lumotarrari: “Max Weber ekonomialari alemaniarra, Adolfo Guiard margolari bilbotarra edota Isaac Albeniz musikagile kataluniarra, besteak beste”.
Txatxarramendi, “epizentro”.
Albeniz, hain zuzen, negu aldian hasi zen Busturialdea bisitatzen, baina atoan uda sasoian hurreratzeari ekin zion, pisuzko arrazoia tarteko: “Udan, Bilboko Sociedad Filarmonicagaz batera, musika jardunaldiak prestatu zituen, Sukarrietako Txatxarramendi uharteko hotelean“.
Hotel hark gorde zuen hamarkada haietako turismoaren giltza; burdinbidea, ostera, giltzaren sarraila izan zen. Trenbideak “demokratizatu” egin zuen turismo jarduna: Gernikara 1888an iritsi zenez geroztik, turismoak goi klaseen esklusibitatea eta ur bainuen bakantasuna galdu zituen. Edozelan ere, Txatxarramendik noble zein aberatsen gordeleku izaten jarraitu zuen, 1893an Pedro Pascual Gandarias arratzuar enpresariak trenbidea bertaraino luzatzea lortu ostean.
“1924ko udan, Txatxarramendiko hotelak 26.000 lagun erakarri zituen”
Gandariasek Txatxarramendiko orubea erosi zuen, eta bertan eraikitako hotelaren inguruan “egundoko industria turistikoa” prestatu: “1924ko udan, 26.000 lagun erakarri zituen”. Hotela biltzar eta ekitaldietan espezializatua —egun MICE turismo legez ezaguna— izatearren, zeharo entzutetsu egin zen. Atxuriko tren geltokian, esaterako, hotelerako tren zerbitzu berezia zegoen. Gainontzeko hotelek ez zituen xehetasunak zeuzkan: “Aberatsen neskameentzako eremua zuen, beraientzako ohe eta ezkaratzekin; sasoiko Donostiako hotel handien pare zegoen”.
Hortxe datza gakoetako bat: “Miarritzek nahiz Donostiak hartu zuten aldi hartako prestigioa, nobleziak eta errege-erregina gehienek toki haiek hautatu zituztelako, baina Busturialdea ez zen inondik inora atzean geratu. Txatxarramendik ia 50 herrialdetako 1.000 laguneko biltzarra hartu zuen. Alfontso XIII.a Espainiako erregea bertan egon zen; Frantziako chefek hango sukaldeetan kozinatu zuten; hizkuntzak zekizkiten bilbotar gazte denak bertara deitu zituzten, bisitarien itzultzaile aritzeko; alemaniar, britainiar eta frantziar bidaia liburuxketan eskualdea helburu turistiko legez erakusten zuten; eta beste hamaikatxo datu. Funtsean, Sukarrieta, Kortezubi, Bermeo, Busturia edo Mundakak beharrezko azpiegitura oro zuten, beharrezko prestigioa, baina hona ez zen Frantziako enperadorerik etorri, udaldia pasatzera”.
Lehen lagina argitaratuta, Etxanizek 1901etik 1939ra eta 1939tik 1975era bitarteko aldi historikoetako turismo jarduna xehetzea du helburu
1940 eta 1965 bitartean iritsi zen tokiko turismoaren gainbehera aldia. Manuel Fraga ministro frankista Gernika-Lumora etorri zenekoa gogoratu du Etxanizek: “Fraga haserre etorri zen, Hondarribitik Muskizera ostatu edo paradore handirik ez zegoela eta; sektorea biziberritu asmoz, Busturialdean paradore bat egiteko dirua emateko prest agertu zen, eta enpresari batek proposamena onartu zuen”. Sukarrietan eraikitzen hasi ziren, baina, interes talka bat tarteko, 17 solairuko eraikin “soil” batean geratu zen egitasmoa: “Txatxarramendirako sarrera parean dagoen eraikina”. Sasoi hartakoak dira, halaber, Ea, Gernika-Lumo eta Bermeoko “eraikin garaiak”.
Argitaratutako lana ikerketa putzu baten lehen ur gardena baino ez da. Etxanizek 1901etik 1939ra bitarteko tartean eta 1939tik 1975era bitarteko aldi frankistan eskualdeak bizitako turismo jarduna aztertzea du ortzimugan. Etapaz etapa zukutuko du turismoak eskualdean edukitako pisua; sasoi bakoitzari “dagokion garrantzia” emango dio. Arnas luzeko proiektua da gernika-lumotarrarena, eskualdeko turismoak arnas luzeko ibilbidea eduki baitu. Erroma ez baitzen egun bakarrean eraiki.