"Aurreikuspenik gabe funtzionatzen dugu, momentua bizitzen"
2025eko bira hasi berri du Zazpizar erromeriak. Hainbat plaza berri eta ez hain berri izango dituzte aukeran udaldi honetan, tartean Ibilaldia, Gernika-Lumoko Andra Mari eta San Roke jaiak eta Bilboko Aste Nagusia izanik.

Zortzi izarrek osatzen dute Zazpizar erromeria taldea. Elena Ojanguren (Muxika) ahotsean, Iban Hernandez (Gernika-Lumo) baxuan, Ander Akordagoitia (Gernika-Lumo) baterian, Irati Zabala (Gernika-Lumo) teklatuan, Ander Ansotegi (Kortezubi) saxoan, Beñat Zobaran (Busturia) tronpetan, eta Ibai Bengoa eta Iker Aranaz (Gernika-Lumo) gitarran izanik, inongo aurreikuspenik gabe doaz aurrerantz. Erromeria taldea diren arren, ez dute mugarik jarri nahi, eta datorrena datorrela, naturaltasunez gozatzen diraute.
Zein da taldearen jatorria?
Taldea eratzeko ideiarekin hiru hasi ginen, Ander gitarran, Iban baxuan eta Elena abesten. Hor sortu zen erromeria talde bat sortzearen ideia, eta hortik hasi ginen jendea biltzen. Gitarrarekin hasi, eta gutxika beste denak batu ginen, gaur egungo taldea osatu arte.
Erromeria taldea osatu duzue. Zergatik?
Astran Cover Gaua egin zen, eta horretan parte hartzeko elkarrekin hitz egin, eta parte hartu genuen. Hurrengo egunean, berriz, Luhartz erromeria ikusten joan ginen Morgara; Anderren aitaren erromeria da. Euren deskantsuetako batean gu igo ginen eszenatokira, aurreko Cover Gaueko bizpahiru kanta abesten, eta jaistean, gizon bat hurbildu zitzaigun kontaktu eske, eta talderik genuen galdezka. Hortik tiraka hasi ginenez, argi izan genuen erromeria gisa hastea. Hala ere, ez dugu mugarik jartzen. Gaur gaurkoz ez dugu gure abesti propiorik, baina kontzertuei eta abestiei beste ikuspegi bat ematea posible ikusten dugu etorkizun hurbil batean. Ez diogu ezeri aterik itxi nahi, eta egoeretara moldatzeko gaitasun hori izan nahi dugu.
Nondik dator Zazpizar izena? Zortzi zarete eta.
Hasieran zazpi ginelako. Hainbat ideia geneuzkan buruan, eta horien artean zegoen Zazpizar. Horrekin hasi eta aurrerago aldatzea ere bageneukan pentsatuta, baina uste dugu nahikoa errotu zela —eta genuela—, beraz, horrekin egin dugu aurrera, nahiz eta zortzi izan.
Aurrera begiratuta, ba al duzue helbururen bat?
Ez bereziki; esan bezala, ez gaude ezeri itxita. Egunez egun joatea eta kontzertuak ematen jarraitzea izango lirateke gure helburuak. Aurreikuspenik gabe funtzionatzen dugu, momentua bizitzen. Datorrena datorrela, modu naturalean hartzen dugu. Noizbait aurreikuspenen bat zein beste izan dugu, eta emaitza ez da ona izan.

Argazkia: Unai Alba eta Julia Alvarez
Normalean erromeriek udan egiten dituzte birak. Nola daramazue hori lan karga aldetik?
Nahiago dugu, egia esan. Gazteak gara, eta ikasketak eta azterketak ere baditugu. Beraz, udaldia baino lehen datozen kontzertu askori ezezkoa ematen diegu. Hala ere, leihoak zabaltzen ditugu gure egutegiaren baitan: Aratusteetakoa, Aste Santukoa eta udakoa. Gero, uda sasoia urrira arte luzatu daiteke, batzuetan. Asko izanik, gainera, errazagoa suertatzen zaigu udaldian kontzertuak egitea, denak egoteko eta antolatzeko. Era berean, gure arteko giro onak antolatzeko orduan asko laguntzen digu.
Jaietan erromeriak egotea asko eskertzen du jendeak, baina aldi berean gutxietsitako taldeak zaretela uste duzue?
Azken batean, erromeriak jendeak parrandak egiteko dira, gehienbat. Edo, horretarako nahi ditu erromeriak jendeak. Ondo pasatzeko eta musikaz gozatzeko, eta guk hori badakigu. Hori da errealitatea, gure ustez. Errealitate horretan, baina, guk asko disfrutatzen dugu.
Alde bisual edo estetiko aldetik, ordea, musika taldeekiko antzekotasunak ere badituzue.
Alde bisual hori zaintzen saiatzen gara, bai. Garrantzia handia ematen diogu. Publikoarekin hurbiltasun hori lortzeko, batik bat. Iaztik, Unai Alba argazkilaria taldeko bederatzigarren kidea da, eta kontzertuz kontzertu etortzen da gurekin. Ibai ere, sare sozialetan fin-fin mantentzen da egunez egun, hamaika ideia mahaigaineratzen eta horiek aurrera eroaten.
Nondik dator Albarekin elkarlan hori?
Laguntasunetik, esango genuke. Konfiantzatik. Kontzertuetako argazkiak ateratzeko ideia izan genuen iaz, Batera Garan. Eta Ikerrek Unai ezagutzen zuenez, berari proposatu genion, eta oso naturala izan da bide guztia. Bira guztia egin zuen gurekin. Berak badaki askatasun guztia duela gurekin argazkilaritza ikuspuntutik gauza berriak probatzeko edo nahi duena egiteko. Gu oso pozik gaude, eta bera ere bai.
Elkarlanekin jarraituz, Erromeriak.eus-egaz ere baduzue elkarlana. Zein ekarpen egiten dizuete?
Iaz hasi ginen eurekin. Oxabi erromeriako partaide batzuk daude horretan, eta gure taldeko Ibairen anaia Oxabiren parte denez, hortik dator elkarlana. Erromeriak laguntzeko elkarteak dira Erromeriak.eus edo Danok Pro bezalakoak, eta gu berriak ginenez, horretan lagundu ziguten. Egia esan, kontzertuak bilatze aldera edo horien kalitatea bermatze aldera, lana asko erraztu digute. Eta gainera, erromerien arteko saretzea bultzatzen dute.
Ametsetako plazarik duzue?
Duela bi urte baietz esango genuke. Gaur gaurkoz, ordea, Gernika-Lumoko jaietan jo genuenetik, ez. Etxean jotzea berezia da oso. Hala ere, 2025eko biraren baitan, Bilboko Aste Nagusian izango gara, Kaskagorrin. Horrek, adibidez, ilusio berezia egiten digu.
Bira berri horren baitan, besteak beste, domeka honetan Galdakaoko ibilaldian izango zarete. Aurreikuspenik?
Aurrera jarraitzea, orokorrean. Eta disfrutatzea eta egoera desberdinetara egokitzea. Geroz eta proposamen desberdinagoak dituzten erromeriak daude, eta gu ere horretara egokitu behar gara, nolabait.
Nola egiten duzue kontzertuen lanketa?
Momentuan entzuten diren abestiak kantatzen saiatzen gara, gehienbat. Jendearentzat hurbilak izan daitezkeenak. Baina, kontzertuaren arabera, horiek aldatu, murriztu edo gehitu egiten ditugu, denboraren edo plazaren arabera. Zornotzako Zelaietako lokaletan entseatzen dugu. Lehen domekero, eta orain gutxiago, ze, azken finean, betiko abestiak kantatu izan ditugu orain arte, eta gutxi gorabehera dagoeneko entseatuta ditugu. Baina, gutxika, kontzertuak heltzen dabiltzanez, maiztasuna handitzekotan gaude, abesti berriak sartzeko asmoz.