Sagrado Corazon ikastetxeko ikasleek irabazi dute 'Kaixomundua.eus' lehiaketa
Iragan barikuan (maiatzak 16) egin zuten Kaixomundua.eus lehiaketaren VI. aldiko sari banaketa ekitaldia Bilboko EITBren egoitzan; besteak beste, Nora Erezuma, Naia Intxausti, Manal Mourtabit, Ilargi Rodriguez eta Oroitz Sanz bermeotarrak izan ziren sarituak, Euskalshop.eus proiektuagaz.

Kaixomundua.eus, webguneen bidez ikasleen gaitasun digitalak garatzea eta euskarazko eduki digitala sortzea bilatzen duen lehiaketa da. Horren VI. aldia izan da aurten, alegia, eta maiatzaren 16an (barikua) egin zuten sari banaketa Bilboko EITBren egoitzan. PUNTUEUS Fundazioak antolatzen duen lehiaketa izanik, esan dute, “orain arteko arrakastatsuena” izan dela azken edizio hau. Izan ere, 68 ikastetxetako 1.600 ikaslek hartu dute parte, 587 taldetan banatuta eta 273 webgune aurkeztuta. “Kopuru hauek erakusten dute lehiaketak hezkuntza komunitatean duen eragin positiboa”, gaineratu du Olatz Arbelaitz PUNTUEUSen lehendakariak.
Lau kategoriatan banatzen da lehiaketa; DBHko lehen eta bigarren zikloak, batxilergoa eta lanbide-heziketa. Kategoria bakoitzak saritu desberdinak izan dituelarik, Bermeoko Sagrado Corazon ikastetxeko ikasleak izan dira horietako baten sarituak. Hain zuzen ere, DBHko lehen zikloko saria jaso dute Nora Erezuma, Naia Intxausti, Manal Mourtabit, Ilargi Rodriguez eta Oroitz Sanz bermeotarrek. Antolakuntzatik azaldu dutenez, “Euskalshop.eus izeneko online denda sortu dute modaren eta sormenaren zale diren ikasleek”. Gainera, Tknikako zibersegurtasun ikertzaile den Ibai Peñaren eskutik jaso dute saria.
“Ikuspegi fresko eta moderno batekin estilo paregabeak konektatzea” du helburu bermeotarren lanak. Hamaika diseinu ardatz dituen jantziak begiratzeko eta eskuratzeko aukera zabala eskaintzen du webgune sarituak, gainera. Oro har, gazteak nabarmentzen dituen proiektua ere bada; ze, uste dute, “gazteek desberdintasuna egiteko ahalmena” dutela. “Aldaketaren belaunaldia” direla. Hori horrela, beraz, beste gazte batzuk bultzatu nahi dituzte abentura horretan beraiekin bat egitera.
Beste hiru kategorietan, halaber, Gasteizko (DBHko bigarren zikloa eta Batxilergoko sariak), Ordiziako (DBHko bigarren zikloko aipamen berezia) eta Usurbilgo (Lanbide-heziketako saria) hezkuntza zentro desberdinetako ikasleak izan dira nagusi, batik bat.
Sariketa ekitaldia Leire Martinezek gidatu zuen, eta besteak beste, honako hauek hartu zuten parte berarekin batera: Arbelaitz, PUNTUEUSen lehendakaria; Peña, zibersegurtasun ikertzailea Tknikan eta Kaixomundua.eus lehiaketako epaimahaikidea; Nerea Enbeita, Euskaltel Fundazioko zuzendaria; eta Oihane Mateos, EITB Mediako Digitaleko Albistegi burua.