Paul Ormaetxea eta Lorea Erekatxo, gaindiezin
Paul Ormaetxea eta Lorea Erekatxo izan dira XI. Mendi Jaiko bizkorrenak, distantzia luzean; laburrean, berriz, Iñigo Pradera eta Paule Portilla nagusitu dira. 600 mendizale elkartu ziren domekan [maiatzak 18] Busturialdeko eguzkipean, eta 600 euroko hauspoa jaso zuen Enarak Behar Zaitu elkarteak.

Beste behin, eredugarria. Mendi Jaiaren XI. ekitaldiak, beste urte batez, kirola, aldarri soziala eta kultura zelan uztartu daitezkeen erakutsi dio herriari. 600 lagun inguru elkartu ditu Gernika-Lumoko mendi lasterketa eta martxak. Giro ederrean eta eguraldia lagun, mendizaleek inguruko bazterrez gozatzeko aukera aproposa eduki zuten iragan domekan [maiatzak 18]. 600 parte hartzaile inguru hartu ditu aurtengo aldiak.
17 eta 8,5 kilometroko ibilbidedun mendi martxak eta lasterketak prestatu dituzte aurten Arrolape Mendi Klubeko antolatzaileek. Azken urteotako dinamikari jarraiki, mendi martxa luzeak bereganatu du mendizale gehienen interesa, denetan ala denetan parte hartze ederra egonagatik ere. Aixerrota tontorra gailur izan zuen martxa laburrera, hain zuzen, lagunarte zein familia asko animatu ziren.

Argazkia: Arrolape Mendi Kluba.
Ibilbide luzearen protagonistak Baldatika, Maiaga eta Ganaga tontorrak izan ziren, aipatutako Aixerrota edo Kosnoagaz gain. Ez ziren, baina, protagonista bakarrak izan. Irteera hartutako 62 partaideetako inor ez zen Paul Ormaetxea Bilbaoren (01.17.20) eta Lorea Erekatxo Monasterioren (01.54.57) kotara iritsi. Muruetarra eta bermeotarra, hurrenez hurren, nagusi izan ziren lasterketa luzearen gizonezkoen eta emakumezkoen sailkapenean. Ormaetxeak behetik gorako lasterketa egin zuen. Goikoerrotatik Baldatikarako igoeran atzean laga zituen gainontzeko lasterkariak; bere erritmoari luzaroen eutsi ziona David Rua Sanchez elorriotarra izan zen, bigarren sailkatua, baina bost minutu utzi zituen helmugan. Hirugarren postua eskutik helmugaratu ziren Aritz Martin Olabarrieta arratzuarrarentzat eta Ekaitz Lejarzegi Urizar ajangiztarrarentzat izan zen.
Erekatxok ere nagusitasun osoz dominatu zuen lasterketa. Bermeotarrak lasterketa erregularra egin zuen, argi-ilunik gabekoa, eta zeharo fidagarria. Gain denetatik lehen postuan igarota, ez zuen areriorik eduki helmugan, eta minutu bitik gorako pitzadura zabaldu zuen bigarren sailkatu zen Luzia Arzanegi Basabere gernika-lumotarrarekiko; podiuma herriko beste korrikalari batek, Eider Arantzamendi Uruburuk, osatu zuen. Lehen gernika-lumotarrei dagokienez, Josu Orbañanos Agirre eta Arzanegi izan ziren. Gainera, beteranorik eta 23 urtez azpikoak ere saritu zituzten: beteranorik bizkorrena Imanol Egia Etxearte fruiztarra izan zen; gazteen lehian Oier Ocerinjauregi Aranguren ugaotarra eta Erekatxo gailendu ziren.

Argazkia: Arrolape Mendi Kluba.
8,5 kilometroko lasterketan, parte hartutako 56 korrikalariko tropelak eskualdeko parte hartze nabarmena izan zuen, tartean, Gernika Atletismo Taldeko korrikalariena. Odol berriak sendo dagoela eta goi mailarako bidean dela frogatu zuen. Lasterketaren ugazabak Iñigo Pradera Belar mallabiarra (43.46) eta Paule Portilla Mena zornotzarra (54.23) izan ziren. Praderaren eskuburdinek preso hartu zituzten gainontzeko korrikalariak: minututik gorako aldea lortu zuen, hurrenkeraz, Xabier Otiñano Erkiaga gernika-lumotarrarekiko eta Peru Luengo Aldamizetxebarria arteagarrekiko. Portilla ere patroi lanetan murgildu zen emakumezkoen artean, minutu bitik gorako aldea atera baitzion bere herrikide eta bigarren sailkatu Amaiur Etxeandia Lejarzegiri. Azken hark, baina, lehia estua eduki zuen Jone Oar-Arteta Zarrabeitiagaz; gernika-lumotarrak osatu zuen, azkenik, podiuma.

Argazkia: Arrolape Mendi Kluba.
Gazteei bereziki zuzendutako proba izanik, gaztetxoenen sailkapenak pisu handia eduki zuen proba laburrean. Hala, Etxeandiak eta Luengok irabazi zuten sailkapen hura. Bigarren postuak Malen Alaiogoikoa Enzunza eta Jon Garate Blanca gernika-lumotarrentzat izan ziren; hirugarrenak, aldiz, Nikole Olivares Jaio zornotzarra eta Peru Enbeita Basterra gernika-lumotarra izan ziren.
600 ilusio ale.
Mendi Jaia aldarrirako eta solidaritaterako plataforma ere izan zen. Izen emateen euro solidarioa leiomiosarkomaren ikerketa helburu duen beka lortzeko borrokara bideratu dure aurten. Horretarako, Enara Alakano gernika-lumotarra buru duen Enarak Behar Zaitu elkartera jo dute, hark jasoko baitu aurtengo dirusaria: 600 euro lortu dituzte, minbizi mota horren aurka borrokatzeko. Hunkiduraz gainezka taularatu zen Alakano, arrolapetarrek egindako ahaleginagatik “guztiz eskertuta”. Halaber, korrikalariak Guggenheim Urdaibai Stop plataformaren banderekin helmugaratu ziren han-hemen; eskualdean ezarri gura den museo makroproiektuaren aurkako aldarrigune ere izan zen Mendi Jaia, baita abian den Euskaraldiaren aldekoa ere.