Guggenheim Urdaibai proiektuak "Alerta Gorria" piztu du
Guggenheim Urdaibai Stopek hala eskatuta, Hezeguneentzako Mediterraneoko Aliantzak Alerta Gorria piztu du biosfera erreserban, museo makroproiektuak "dakarren mehatxua" dela eta.

Guggenheim Urdaibai Stopek Hezeguneentzako Mediterraneoko Aliantzari Urdaibain Alerta Gorria pizteko eskaera egin dio, eta halaxe egin du aipatutako erakunde horrek. Herritar plataformaren ordezkariek azaldu dutenaren arabera, museo makroproiektuak “dakarren mehatxua” dela eta aktibatu dute alarma hori: “Proiektuak Guggenheim markako instalazio bi proposatzen ditu biosfera erreserbaren barruan, eta proposatutako kokalekuetako bat estuarioaren bihotz-bihotzean kokatuta dago, bere ingurumen balio erantsiagatik nazioartean aintzatetsitako eremu batean, eta horrek beregain dituen ondorio guztiekin”.
Plataformakideek Urdaibaik dituen babes figurak nabarmendu gura izan dituzte. Batetik, Unesco aipatu dute, erakunde hark eremua biosfera erreserba izendatu baitzuen; bestetik, Ramsar Konbentzioa, nazioarteko esangura daukan hezeguneen zerrendan sartzearren; horiez gain, Europako legediari jarraiki, Urdaibai Natura 2000 Sareko parte dela ere azpimarratu dute.
Argitu dutenez, Hezeguneentzako Mediterraneoko Aliantza osatzen duten partaideek ia 80 talde kontserbazionistaren babesagaz, gutunak sinatu eta bidali dizkiete Trantsizio Ekologikorako Espainiako Ministerioari (MITECO), baita Unescoren nahiz Ramsarren idazkaritzei ere. Gutunotan “proiektua geldiarazteko neurriak” har ditzatela eskatu diete. Gainera, biosfera erreserba jasaten ari den “mehatxu larriaren berri” eman diete, baita erakunde horietako bakoitzak babesari begira “eman beharreko erantzukizun urratsak” gogoratu ere.

Argazkia: Guggenheim Urdaibai Stop.
Zientzialarien Adierazpena argitaratu dutela ere aditzera eman du plataformak. Adierazpen hori hezegunearen etorkizunagatik “kezkatuta dauen zientzialari eta ikertzaileak” ditu hartzaile. Hain zuzen, Urdaibai hegaztientzako “itzelezko garrantzidun” gunea da, bai migrazioan, bai negualdian zein atseden uneetan dauden hegaztiei dagokienez. Hori horrela, museo makroproiektuak eragingo lukeen “biodibertsitatearen galera handia” plazaratu dute; manifestu horrek, adierazi dutenez, 150 atxikimendu baino gehiago jaso ditu.
Hezeguneetako Mediterraneoko Aliantzari dagokionez, “indar handiko” erakundea da, hezeguneen edota ibaien kontserbazioaren alorrean; hemezortzi herrialdetako 30 kontserbazio eta ikerketa taldek osaturik dago. Bere xede nagusia Mediterraneoko hezeguneak zein errekak “babesteko, leheneratzeko eta modu jasangarrian erabiltzeko” lanean diharduten gizarte zibileko erakundeei nahiz ikerketa erakundeei laguntza ematea da. Testuinguru horretan ekin diote, hain zuzen ere, Urdaibaiko hezegunea babesteko lankidetzari. Elkarlan horren funtsa plataformakideen eta erakunde zientifikoen arteko lana erraztea izango da; horretarako, komunikatzeko laguntza emango zaio herritar plataformari, “bere gaitasunak garatzeko programak eskaintzeaz eta agintariekin batera politikak inplementatzeaz eta betearazteaz gain”.

Argazkia: Guggenheim Urdaibai Stop.
Herritarrei deialdia.
Maiatzaren 18ko Museoen Nazioarteko Egunean ere bere tokia eduki zuen Guggenheim Urdaibai Stopeko ordezkaritzak. Bilboko Guggenheim Museoaren aurrealdean elkarretaratzea egin zuten, eta aldarri hartan bildu ziren hainbat herritar. Elkarretaratzea egiteaz gain, plataformako kideak goiz osoan informazio paskinak banatzen aritu ziren Bilboko museoaren inguruan. Ez hori bakarrik: Maren Kattalin eta Gari musikariek zuzeneko emanaldia ere egin zuten. Halaber, eskultoreek ere parte hartu dutela adierazi dute plataformatik, eta tai txi erakustaldia ere egin zutela.