Gerra-Presoen Ospitale Militarrean hildakoak omentzeko eta memoria zabaltzeko hitzorduak
Pipergorri Kultur Elkarteak Gernikako Gerra Presoen Ospitale Militarrean 1938-1940 artean hil ziren 269 presoak omentzeko, ospitalea zarratu zeneko 85. urteurrena gogoratzeko eta memoria historikoa zabaltzeko ekitaldiak prestatu ditu, beste behin. Datorren asteko eguenetik zapatura arteko ekitaldiak prestatu ditu.

Memoria lantzeko eta plazareko lanean ibilbide luzea du Gernika-Lumoko Pipergorri Kultur Elkarteak, eta aurten ere, Gernikako Gerra-Presoen Ospitale Militarrean —gaur egungo Gernikako Institutua dena— 1938etik 1940 artean hil ziren 269 presoak omentzeko, ospitalea zarratu zeneko 85. urteurrena gogoratzeko eta memoria historikoa zabaltzeko ekitaldiak prestatu ditu. Ekitaldi nagusia maiatzaren 31 (zapatua) Zalloko hilerrian egingo duten ekitaldia izango bada ere, aurretik ere beste bi hitzordu zehaztu dituzte: Mirandako kontzentrazio esparruari buruzko hitzaldia eta Zornotzako emakumeen kartzelari buruzko dokumentala.
Lehenengo ekitaldiak Mirandako kontzentrazio esparrua izango du oinarri, eta horri buruzko datuak eskainiko ditu Eduardo Garcia Nietok Memoria anitza: Miranda de Ebroko Kontzentrazio esparruaren ahazturaren ganean eregi izeneko hitzaldian, maiatzaren 29an; Nieto Mirandako kontzentrazio esparruaren historiaren Miranda Memoria arte proiektuaren zuzendaria da, arte behargina eta arte garaikidean eta hezkuntza proiektuetan aditua. Pipergorrikoek gogoratu dutenez kontzentrazio esparru hori 1937ko ekainetik 1947ko urtarrilera arte egon zen martxan, Espainiako Estatuan zarratu zen azken esparrua izanez. Bertatik jatorri askotako 60.000 preso baino gehiago pasatu ziren, eta, hasieran, 1.500 pertsonarentzako diseinatuta egon zen arren, laster baten gainditu zuten muga, han zeuden presoen bizi baldintzen kalterako. 1941era bitartean, batez ere, errepublikarren esparrua izan zen, baina handik aurrera Bigarren Mundu Gerrako presoak zein nazioarteko brigadistak ere hartu zituen.
Hain justu, Mirandako kontzentrazio esparruan egondako errepublikar batzuk larri gaixotu ziren eta handik, 1938tik 1940era arteko tartean, Gernikako Gerra-Presoen Ospitale Militarrera lekualdatu zituzten, bertan hilez. Hala, Pipergorrik berbaldi horren proposamena egin du horrenbeste errepublikarren heriotza ekarri zuen kontzentrazio sistema frankista hura hobeto ezagutzeko eta harek ospitale militarragaz izan zuen lotura ikusarazteko. “Horrela ezagutu ahal izan ditugu aurreko urteetan Joseba Egigurenen eskutik Urduñako esparrua eta Maria Jose Noguesen ahotik muga alboan egon zen Irun herriko kontzentrazio esparrua”.
Hurrengo egunean, Lizeo Antzokian Ikusezinak dokumentala proiektatuko dute. Plaza gernika-lumotarraren lana da, iaz aurkeztutakoa, eta sistematikoki ikusezinak izan diren andrazkoen historia jasotzen duena; zehatz esateko, Zornotzako emakumeen kartzelari buruzko lana da, askoren memoria kolektiboan oharkabean igarotakoa eta ikusezintasun historikoaren adibide garbia dena. El Carmelo ikastetxearen eraikinean kokatu zen emakumeen kartzela hori, 1940tik aurrera, eta 1.200 emakume baino gehiago hartu zituen; lehenago, 1939 eta 1940 artean odol ospitale aizan zen eraikina. Gainera, Pipergorrikoek gehitu dute egun horretan, 13:00etan, dokumentala proiektatuko dutela Gernikako Institutuan, eta hori zabalkunderako “garrantzitsua” dela azpimarratu dute: “Guretzat interesgarria da ondoko herrietan ere zer gertatu zen ezagutzea”.
Eta, zapatuan (maiatzak 31), omenaldiak hartuko du esangura. Gerra-Presoen Ospitale Militarrean hil zen azken presoa ekainaren 3an zendu zen Benito Fernandez Gonzalez asturiarra izan zen, eta hura hil ostean zarratu zuten ospitala. Ordutik 85 urte bete dira, eta egun horren bueltan bertan hildako 269 presoei egingo diete omenaldia. Hala, familia batzuk bertaratuko dira eta horien testigantzek izango dute protagonismoa. Gero, hildakoen izenen irakurketa egingo dute, izanari izena eman behar zaiolako, eta lore eskaintza egingo dute.
Guzti hori Gernikan egingo dute, memoria bizirik dagoen herrian, baina memoriaren perspektiba gehiago zabaldu behar dela uste dute Pipergorrikoek, bonbardaketaren memoriatik harago ere joan behar dela uste baitute: “Beste gertaera batzuk ere badaude kontuan hartu beharrekoak. Gertaera horien artean dago ospitale militarrean gertatutakoa, baina baita fusilatuak gogoratzea edota errepresio frankista lantzea ere. Depurazioak, konfiskatzeak… asko dira jorratu beharrekoak. Ementu desberdinak garatu eta batu behar dira, orekatu, eta urte guztian landu, ez apirileko egun batzuetan bakarrik. Askoz ere harago joan behar dugu”. Horretarako, koordinazioaren beharra dagoela diote, eta urteetan egin duten eskabidea ere egin dute: memoriagaz lotutakoa lantzeko batzordea sortzea erakunde publikoen aldetik, herrian egiten diren ekimen desberdinak lotuko dituena.
Eurek lanean jarraituko dutela esan dute, biktimen erroldak zuzen ditzaten. “Ekinean gaude, ze, iaz, Madrilgo gobernuak hitzarmen bat sinatu zuen Santiagoko Unibertsitateagaz estatu mailako biktimen errolda zuzentzeko eta egiteko. Hori aldarrikapen historikoa izan da, eta alde horretatik jarraitzen dugu Gogoragaz lan egiten, eurek ere zerrenda zuzen dezaten, eta lortu ditugun datuak kontuan har ditzaten, gero, errolda horretara helarazteko“.
18:30-20:00. Eduardo Garcia Nietoren hitzaldia, kultur etxean: Memoria anitza: Miranda de Ebroko Kontyzentrazio esparruaren ahazturaren ganean eregi (1937-1947).
Maiatzak 30, barikua
20:00. Oier Plazaren Ikusezinak dokumentalaren proiekzioa, Lizeo Antzokian.
Maiatzak 31, zapatua
11:30. Gernikako ospitale militarreko presoei 269 in memoriam omenaldia, Zalloko hilerrian.