Sarek "behin betiko konponbiderako" puzzlearen piezak gizartearen taulan kokatu ditu
Sarek ‘Puzzlea osatu arte’ egitasmoa aurrera eroan du asteburuan, "behin betiko konponbidea" eskatzeko helburuz. Herriz herri ibili dira 28 herri zeharkatuz, tartean Gernika-Lumo, konponbidearen puzzlea osatzeko piezak mahaigaineratuz. Etxerako bidea egiteko duten 57 presoen eskubideak aldarrikatu dituzte.

Euskal Herrian urteak dira puzzle bat eraikitzeko lanean ari direla herritarrak, “eskubide urraketa eta sufrimendu handia” eragin duen gatazka politiko baten soluzioaren puzzlea osatzeko beharrean dihardutela, hain zuzen ere: “Izugarrizko erronka da gure gizartearen taulan pieza guztiak kokatzea, asko eta neurri, forma eta kolore anitzekoak direlako gatazka luze eta gogor horren gorabeherek barreiaturik utzi zituztenak”. Hala adierazi zuten asteburuan Sareko kideek, Puzzlea osatu arte ekimen ibiltarian, baina puzzlea osatzeko bidean aurrera doazela ere erakutsi zuten Mutrikun, Ondarroan, Lekeition eta Gernika-Lumon egindako ekitaldietan.
Sareko kideek sinisten dute puzzlea osatu behar dela, taula berean denok elkarren ondoan bizitzeko “ezinbestekoa” delako, hori baita puzzle bat: “Eraikuntza harmoniatsu bat da puzzlea, non pieza bat bera ere ez dagoen sobran eta bat bera ere ez den falta. Badakigu ze pieza ditugun, eta taulan denak sartzen ditugunean amaituko da lana, ez aurretik”. Izan ere, “ezinbestekoa” deritze elkarbizitza agertokietara jauzi egin nahi izanez gero “gatazkaren ondorio guztiekin amaitzea”; biktimek “behar eta merezi” duten aitortza dela erreparazioa jasotzea diote, baina, horrekin batera, euskal preso, iheslari eta deportatuen auziagaz amaitzea ere “ezinbestekoa” dela uste dute.
Gaur egun “pozik” adierazten dute puzzlearen zenbait pieza kokatzea lortu dutela, euskal preso, erbesteratu eta deportatuak etxera itzultzeagaz lotuta daudenak. “Presoak Euskal Herriko espetxeetara ekarri izanak eta gradu progresioaren politika ezartzen hasteak —legean jasotakoagaz bat—, besteak beste, aukera eman digute amesten dugun puzzle osatuaren irudia bistaratzeko”, esan zuten ekitaldietan.

Sare Gernika-Lumok Merkurion egin zuen ekitaldia.Sare Gernika-Lumo
Hala ere, badagoela “kostata” aurkitu duten beste pieza bat ere adierazi zuten: Europako araudiaren aplikazioa, Frantziako kartzeletan betetako zigorraren denbora kontuan izatea lantzen duena. “Eskuetan dugun pieza hori, orain, bere tokian jartzea falta da, horrekin estu loturik dauden beste pieza asko ere sartu ahal izateko osatu beharreko puzzlean”, azaldu zuten, izan ere, oraindik hainbat erbesteratu eta deportatu etxera itzuli barik daudela gogoratu zuten, eta, horiez gain, beste 58 pieza daudela oraindik aurkitzeko. Zigorra erregimen itxian betetzen ari diren presoak dira horiek, erregimen irekietara (kalera ateratzeko aukera programatu eta kontrolatuagaz) pasatzeko lege eta baldintzak betetzen dituztenak. Euskal Herriko 28 herritan dauden 57 hutsune dira horiek Sarekoen berbetan, “falta diren pieza osatzeko falta direnak”.
Gernikakoa da puzzlea osatzeko falta den pieza horietako bat, bertara Jabi Abaunza itzultzea falta baita: “Jabi da oraindik zigorra frantziar estatuan betetzen ari diren 4 euskal presoetako bat. Eta ezinbestekoa da ahalik eta azkarren bera Hego Euskal Herrian izatea, ezinezkoa baita oraindik iraganera iltzatzen gaituen egoera honi ahalik eta azkarren amaiera ematea. Sufrimendua gehiago luza ez dadin, etxean behar dugula adierazi nahi dugu”.
Eta, Leire Gandarias poetak idatzitakoa gogoratu zuten ekitaldian: “Askotan, puzzlea osatzeko pieza bakar bat falta delarik bukatzen dela denbora”. Hori gertatzen denean “alferrikakoa” bihurtzen dela ordura arte egindako ahalegina sinetsita, azken piezak “lehenbailehen aurkitzeko” eta jartzeko beharra plazaratu zuten: “Ez dezagun denbora hiltzen utzi”.