Mintzakideak batuz, euskarari arnasa emanez
Euskararen biziberritzea mugitzeko asmoz iritsi da Euskaraldia Busturialdeko bazter guztietara. Hamaika ekintzek dantzan jarri dute euskara sustatzeko ariketa soziala bertan, eta hala jarraituko dute.

Txapa soinean eta hitza ezpainetan jantzita daramate herritarrek. Joan den astean hasi zen euskaradunen aldia, Euskaraldia, eta Busturialdeko bizilagunak badabiltza totelka edo arrapaladan doazela, ahots handi edo mehez, ozen zein xuxurlaka, belarriak goxatzen eta mihiak astintzen.
Euskararen biziberritzeak mugimendua behar duela-eta, Euskaraldia elkar mugitzera etorri da aurten. Hala ere, joan den maiatzaren 15ean hasi zen 11 eguneko aldiak ez du amaierarik izango oraingoan: erabileraren aroa ez baita sekula amaitzen. Euskararen aldia egunez egun ekinez transmitizen da, eta eskualdeko herritarrek zein mutrikuarrek gehiago egiteko prest daudela erakutsi dute dagoeneko. “Hiztun komunitate trinko bat gara. Gutako bakoitza, bat gehiago da, are indartsuago, sendoago”, esan zuten Euskaraldiaren hasiera ekitaldietan, han eta hemen.
Euskaraldia da pasioa eta abentura. Ahalegina eta poza. Griña, kemena eta erronka. Eta, orain, eragitea helburu, hitzez ekiteko garaia da: lehenengo pertsonatik eta pluralean, lotsagabe, tinko eta adeitsu.
Horri tiraka, lotsagabe aritu ziren Ean eta Busturian, kantuan. Kantuak batu zituen, baita ere, foruarrak, Gontzal Mendibilen kontzertuaz gozatu ahal izan baitzuten, elizan. Eta jarrera adeitsuagaz, emakumeez eta kartzeaz gehiago jakin zuten Sukarrietan.
Hiztun komunitate askotan, gainera, Euskaraldiaren hasiera ekitaldietan bildu ziren euskalzaleak, Bermeon eta Gernika-Lumon, kasu. Azken horretan, euskara komunitatean bultzatzen dela erakusgarri, SOMEren, Elai Alai Dantzari Taldearen, Urdaibai Kantagunearen eta Ross Dantza Eskolaren emanaldiez gozatzeko aukera izan zuten herritarrek, ze nagusi zein gaztek euskararen aldeko kantuz bete zuten Pasealekua. Eta, bertatik, bihotzetik ezpainetara, eta ezpainetatik bihotzera eraman beharra dela euskara aldarrikatu zuten.

Mihiluze herrikoian bildu ziren herritarrak, Gautegiz Arteagan.Artiako Gazte Asanbladie
Horrez gain, hamaikakoaren ideia “modu sinbolikoan” hartuta, “hamaika pertsona aukeratu beharrean, hamaikatxo erreferente” identifikatu zituzten. Eta, horien ordezkaritza gisa izan ziren bertan Maiteder Olano eta Unai Lekerikabeaskoa.
Euskarak toki guztietan egon behar duela-eta, poteoan ere erabili zuten zenbait herritan. Gautegiz Arteagan tronpa poteoan ibili ziren, eta muxikarrek berriz, bertso, triki eta pintxoak izan zituzten aukeran txokoz txoko egin zuten poteoan.
Mihiak luzatu zituzten, berriz, zapatuan Gautegiz Arteagan. Izan ere, adin guztietako herritarrak bildu ziren Mihiluze herrikoian, eta berbak aukeratzeko eta erabiltzeko duten gaitasuna erakutsi zuten elkarekintza horretan.

Bermeoko aurkezpen ekitaldia.Bermeoko Udala
Hala, inertziak irauli eta hitzak partekatuz hizkuntzari hauspoa eman eta ilusioa banatzeko garaian mugilduta daude herritarrak, “euskararen erabilerari jauzia emateko unean”. Ondorioz, superbotereak ematen dituen txapa jantzita, aldartea poztu eta komunitatea puzteko deia egin dute, txapa baita, hitza bezala, askotariko jendea konektatzeko giltza.
Dagoeneko hasi dira hitzez hitz distantziak txikitzen, euskararen lurraldea handitzen, baina geldirik daudenak pausoz pauso mugiarazteko egunak bere horretan diraute, eta horretarako ekintzak ere nonahi aurki daitezke, tartean, etzi Bermeon, eguenean Busturian eta asteburuan, Ean, Gautegiz Arteagan, Ibarrangelun zein Mundakan. Batera eragingo dute, beraz: gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan.
EGITARAUA
BERMEO
Etzi.
18:30/20:30. Bermeoko Berbalagunek antolatuta, Mintzodromoa, Euskal Gunean. Ezinbestekoa da izen ematea: 607 609 580.
BUSTURIA
Maiatzak 22, eguena.
19:00. Andereño Rositak antzerki-bakarrizketa saioa, kultur etxean.
EA
Maiatzak 23, barikua.
19:00. III. Euskal Kanta Ikastaroa, Itsaso Arrietaren eskutik, Eskolondon.
19:30. Txarakie Eako irakurle txokoak antolatuta, Miren Agur Meaberen Amorante frantsesa liburuari buruzko solasaldia, egilearekin.
Maiatzak 25, domeka.
18:00. Ni eta nitarrak antzezlana, Eskolondon.
FORUA
Etzi.
19:00. Euskararen biziberritzea hitzaldia eskainiko du Erramun Osak, Foruko udaletxean.
GAUTEGIZ ARTEAGA
Maiatzak 22, eguena.
12:00. Euskararen erabileraren inguruko solasaldia.
Maiatzak 25, domeka.
12:00. Sustabiz Fundazioarekin herri kirolak, Euskaraldiko dantzak eta hitzatzea.
IBARRANGELU
Maiatzak 23, barikua.
19:30. Bertso poteoa, Ander Elortegi, Aitor Etxebarriazarraga eta Ibai Amillategigaz, herriko tabernetan.
Maiatzak 25, domeka.
17:30. Euskal karaokea eta Euskaraldiko marrazkiak margotzeko aukera, kultur etxean.
MUNDAKA
Maiatzak 24, zapatua.
17:00/20:00. Euskaraldiko kaleko ihes-gela, herrian zehar. Izena emateko udala.mundaka@bizkaia.org helbide elektronikora idatzi edo 94-617 72 00 telefonora deitu behar da. 12 urtetik gorakoak bakarrik parte hartu dezakete, 8-11 urte bitartekoek, heldu batekin.