Amesteari muzin egiterik ez
Gernika Rugby Taldeak Ohorezko B Mailaren Elite Multzoko play-offen finalera sailkatzea lortu du, Urbietan Sant Cugat menpean hartu ostean. Domekan [maiatzak 25] jokatuko dute finala, CR Liceo Francesen kontra.

Gogoratzeko moduko denboraldia biribiltzeko aukera aparta dauka Gernika Rugby Taldeak. Domekan [maiatzak 18] basurdeak etxekoen aurrean nagusi azaldu ziren Club de Rugby Sant Cugat taldearen kontra 24 eta 11 irabazita. Talde kataluniarraren aurka jokatu zuten, hain zuzen, Ohorezko B Mailaren Elite Multzoko play-offen finalaurrekoa. Denboraldiko jomuga nagusia Elite Multzora sailkapena izanik, play-offak “opari legez” bizi dituzte basurdeek eta, horrenbestez, jai giroan bizi izan zuten Urbietako partidua.
Partidua orduko eta ostean, ospakizuna izan zen protagonista. Zelaigune barruan, baina, joko gogorra gailendu zen. Lehen zatian, kataluniarrak defentsa lanetara mugatu ziren, erasoaren ardura guztia etxekoen lepotan utziz. Gernika RTko ordezkariek lehen zatiaren gogortasuna nabarmendu dute: “Lehen 30 minutuetan, baloiaren jabetza geurea izan zen, baina partiduak ordu erdia bete arte ez genuen lortu punturik egiterik; beraiek geure dinamikak ondo ikasita zituzten, eta defentsa lerro sendoa antolatu zuten”.
Sant Cugatek partidu fisikoa proposatu zien etxekoei, eta, horretarako, jokalari gogor, bizkor eta gazteak zelairatu zituzten; basurdeen arma nagusia, ostera, lantaldearen eskarmentua eta belar naturaldun zelaia probestea izan ziren. Lehen zatiaren amaieran, 8 eta 6koa bistaratu zuen markagailuak: “0 eta 3 galtzen hasi ginen, baina lortu genuen partidua iraultzea; dena dela, partidua zabal-zabalik zela amaitu zen lehen zatia”. Bigarrena hasi bezain pronto, argi eta garbi geratu zen lehia azken unera arte estua izango zela; kataluniarrak, nekea sumatzen hasita ere, ez zeuden amore emateko prest.
Etxekoek, bigarren zati hasieran, entsegu bat lortu zuten. Eraginkortasunez erantzun zuten bisitariek, beste horrenbeste eginez. Hartu eta eman. Bigarren zatiak aurrera egin ahala, gernika-lumotarrek beren aukerak zukutu ahal izan zituzten, eta Sant Cugat, ostera, ez zen hain artez azaldu. Hala, markagailuan aurrea hartu zuen Gernika RTk, gainera, inork baino hobeto ezagutzen zuten zelaiaren egoera probestuta. 24 eta 11koagaz biribildu zuten finalerdia, maila handiko jokoa plazaratuta eta finalerako txartela poltsikoratuta.

Argazkia: Angel Grande.
Finalari dagokionez.
Datorren domekan [maiatzak 25] jokatuko dute play-offen final handia, Madrilgo Ramon Urtubi zelaigunean, CR Liceo Frances taldearen kontra; 12:30ean hasiko da jokoa. Madrildarrak faborito diren arren, Gernika RTkoek aurreratu dute “edozer dela posible”. Argi dute beren joko sistema “errespetatzea” giltzarri izan daitekeela: “Arerioa edozein izanda ere, guk geure estiloari eutsi behar diogu; aurrelariekin presioa egiten saiatuko gara, eta hiru laurdenekin jokaldiak bukatzen. Orain arte legez jokatu behar dugu, alegia, errespetu handiz baina inor baino gutxiago izan barik. Izan ere, finaletan aditasuna gako izan ohi da sarri, eta hutsegite gutxien dituen taldeak irabazten du”.
Hutsik egiteko prest ez dagoena, bestade, ikusleen babesa da. Urbietako harmailak nahiz ingurua egun osoan zeharo bete baldin bazuten, Madrilgo finalari begira ere “itxaropentsu” dira gernika-lumotarrak: “55 laguneko autobus bat antolatu dugu; eskaera oso handia bada, bigarren bat ere prestatu ahalko litzateke. Izena emateko, taldearen sare sozialetara adi egon behar dira zaleak”.