Nagusi zein gazte, euskararen alde
Euskaraldiaren laugarren aldia den honetan, Gernika-Lumo Euskaraldiko Batzordeak hasierako ekitaldi berezia prestatu du gaur, musika eta dantzaz baliatuz, euskara lau haizetara zabaltzeko. SOMEren, Elai Alai Dantzari Taldearen, Urdaibai Kantagunearen eta Ross Dantza Eskolaren emanaldiez gozatu dute, besteak beste.

Elkar mugituz egingo dugu dio aurtengo Euskaraldiaren leloak, eta horrela da. Jende txiki askok, leku txiki askotan, gauza txiki asko eginez heltzen da aldaketa oro, eta Gernika-Lumon horrela dela baieztatu dute gaur goizean. Izan ere, Euskaraldiaren laugarren aldia martxan da dagoeneko Euskal Herriko ehunka txokotan; foru herrian barne. Euskaraldiari hasiera herrikoia eman, txapak jantzi eta euskal hiztunen hizkuntza ohituretan eragiten hasteko ekitaldi herrikoia prestatu du Gernika-Lumo Euskaraldiko Batzordeak gaurko.
Hala, SOMEren, Elai Alai Dantzari Taldearen, Urdaibai Kantagunearen eta Ross Dantza Eskolaren emanaldiez gozatzeko aukera izan dute gaur gernika-lumotarrek. Nagusi zein gaztek, beraz, euskararen aldeko kantuz bete dute Pasealekua. SOMEren eta Elai Alai Dantza taldearen Kalakan-en bertsioa izan da ekitaldiari hasiera eman diona, eta nabarmendu dute, “Euskal Herriko musika tresnekin” jo dutela pieza, batik bat, alboka, xirula, txistua, txalaparta eta bonbeteagaz.
“Euskararen erabilera sustatzeko ariketa masiboa” da Euskaraldia, eta azpimarratu dute, euskararen erabileraren aroa ez dela sekula amaitzen, eta “egunez egun ekinez” transmititzen dela etorkizunera. Bihotzetik ezpainetara, eta ezpainetatik bihotzera eraman beharra dugu euskera, eta horretan irmo agertu dira gaur, Euskaraldiko Batzordeko kideak, eta nola ez, ekitaldira hurbildutako guztiak. Horregatik, Euskaraldiaren laugarren aldiaren egunera arteko datuak jakinarazi dituzte musika eta dantza artean: “1.738 partaide Gernika-Lumon. 1.547 ahobizi eta 191 belarriprest. Eta 90 elkarte, enpresa, merkatari eta bestelako entitateak”.
Bereziak izan ohi dira gernika-lumotarrak. Horren erakusle argia da, Euskaraldiak bere hamaikakoa duela, euskararen erabilera bultzatzeko urratsak eman eta ekimenaren enbaxadore diren 11 pertsonak osatua, denak han eta hemen dinamika sozialaren berri emateko konpromisoa dutenak. Udalerri zein entitate bakoitzak gainera, bere hamaikako propioa eratzeko aukera eduki du. Gernika-Lumoko batzordeak, ordea, hamaikakoaren ideia “modu sinbolikoan” hartzea erabaki zuen hasieratik. “Hamaika pertsona aukeratu beharrean, hamaikatxu erreferente identifikatzea erabaki zen”. Herriko hamaikatxu erreferente horien ordezkaritza gisa izan dira gaur Maiteder Olano eta Unai Lekerikabeaskoa, hitza hartuta. “Hitzez ekiteko garaia da. Eta guk, eragitea dugu helburu: lehenengo pertsonatik eta pluralean. Elkar zainduz, elkar bultzatuz, konplexurik gabe: lotsagabe, tinko eta adeitsu”, gaineratu du Olanok. Lekerikabeaskoak, bere aldetik, “txapen superboterea” gogorarazi du: “Txapa honek suoerbotereak ematen dizkizu. Adorea ematen dizu, entzumena ernetzen dizu eta aldamenekoa eta zu babesten zaituzte. Txapa hau, hizkuntza bezala, magikoa da: ilusioa pizten du, aldartea poztu eta komunitatea puztu. Txapa da, hitza bezala, askotariko jendea konektatzeko giltza”.
Hamaikatxo erreferente bai, baina beste horrenbeste aldarrikapenez jantzi dute gaur Pasealekua: “Bihotzetik ezpainetara eta alderantziz eroan daigun euskera gure herriko abesti doinuekin!”. Hori esan, eta Urdaibai Kantaguneko kideak lehen lerrora atera dira, egunez egun jarduten duten bezala, Euskal Herriko kantutegi zabala munduan zehar zabaltzeko helburuz, Euskaraldiaren aldeko beraien aletxoa jarriz. SOMEren laguntzaz baliatu, eta ikusle guztien ahotsez jantziz, Euskal Herrian Euskaraz, Euskaraz Bizi Nahi Dut eta Euskaraldirako sortutako abestia den Gure Bihotzaren Taupadak plazaratu dituzte, pozez, baina batez ere, aldarrikapenez betez.
































































