Herritik eta herrirako, euskara denetarako
Euskaraldiaren laugarren aldia martxan da dagoeneko Euskal Herriko ehunka txokotan, tartean Gernika-Lumon. Euskaraldiari hasiera herrikoia eman, txapak jantzi eta euskal hiztunen hizkuntza ohituretan eragiten hasteko ekitaldi herrikoia prestatu du Gernika-Lumo Euskaraldiko Batzordeak. Bihar, 12:00etatik aurrera egingo dute, Pasealekuan.

Eta hitzez hitz, Euskaraldiari ekin… Txapa paparrean jantzita, irribarrea ezpainetan eta euskara ahoan, zein belarrietatik gertu. Horrela dabiltza euskal herritar asko atzotik, Euskaraldiak bere laugarren aldiari ekin zionetik. Eta, ‘zer da Euskaraldia? Edo, zer da txapa hori?’ galdetuko du despistaturen batek edo bestek. Euskaraldia hiru helburu nagusigaz sortutako euskararen erabilera aktibatzeko mugimendu soziala da: hiztunen hizkuntza ohituretan eragitea, euskarazko hizkuntza praktikak hedatzeko eta denboran zehar errotzeko, norberaren hizkuntza portaera eta ohituren inguruan gogoeta eragin eta aldaketan lagungarri izatea eta entitateek euskaraz bizitzea ahalbidetuko duten neurriak sustatzea.
Euskal Herriko herri, hiri, auzo eta txoko ia guztietara iritsi da Euskaraldia, 11 eguneko ariketa sozial masibo baten bitartez, euskara ulertzen duten hiztunen hizkuntza-ohiturak aldatzeko mugimendua. Hedapen hori erraztu eta maiatzaren 15etik 25era bitartean, ezerk hutsik egiten ez duela ziurtatzeko helburuagaz, gainera, hamaika batzorde sortu dira han eta hemen, tartean Gernika-Lumoko Euskaraldiaren Batzordea.
Gernika-Lumoko Euskaraldiaren Batzordeak otsailean ekin zion bere ibilbideari, topaguneak ekimena martxan jartzeko zabaldutako “deialdi orokorragaz”. Baina, bigarren bileratik aurrera joan zen egungo batzordea definitzen, eta ariketak Gernika-Lumon izan zezakeen garapena definitzen. Euskaraldia “herritik eta herrirako” sortutako dinamika dela ulertuta, herriko eragileek hartu dute protagonismo handia prestakuntzan, eta Gernika-Lumoren kasuan, udala “beste eragile bat” da: “Udalaren rola nahikoa markatua da: finantzazioa eta baliabideak jarri, eta ahal den guztian laguntzea”.
Euskaraldiaren nondik norakoak, baina, bileretan zehaztu dituzte beti, hasieratik “planteamendu horizontala” jarraitu dutelako: “Erabakigunea batzordea izan da beti; bertan hartutako erabakiak aurrera eraman ditugu”. Horretan pisu berezia izan du Ekain Monge Gernika-Lumoko Euskaraldiaren dinamizatzaileak, “eragileen arteko komunikazioa erraztu, koordinatu eta informazioa ahalik eta herritar gehienei helaraztea” izan baititu zereginen artean, batzordeetan hartutako erabakiak aurrera eramateagaz batera. Euskaraldiarekiko “inplikazio handia” erakutsi duten eragileen artean daude, besteak beste, Allende Salazar Herri Eskola, Segundo Olaeta Musika Eskola, Arrolape Mendi Kluba, Astra, Barrutia Herri Ikastetxea, Berbalagun, Busturialdeko AEK, EAJ, EH Bildu, ELA, Gernika-Lumoko Euskara Zerbitzua, Gernika BHI, Guztiontzako Herria, LAB, Urdaibai Kantagunea, Maier, Oizmendi Telebista, San Fidel Ikastola, Seber Altube Ikastola eta Seberbaz euskara taldea.
“Hamaikatxu erreferente”.
Euskaraldiak bere hamaikakoa du, euskararen erabilera bultzatzeko urratsak eman eta ekimenaren enbaxadore diren 11 pertsonak osatua, denak han eta hemen dinamika sozialaren berri emateko konpromisoa dutenak. Udalerri zein entitate bakoitzak gainera, bere hamaikako propioa eratzeko aukera eduki du.
Gernika-Lumoko batzordeak, baina, hamaikakoaren ideia “modu sinbolikoan” hartzea erabaki zuen hasieratik. “Hamaika pertsona aukeratu beharrean, hamaikatxu erreferente identifikatzea erabaki zen”, azaldu du Estiñe Astorkia udaleko euskara dinamizatzaileak. Erreferenteak ezagututa, horiek gernika-lumotarrei jakinaraztea zen hurrengo pausoa, eta hori “bideo pilula bitartez” egitea erabaki zuten, sare sozialen bidez bideoak ekoiztu eta zabalduta.
Erreferentziazko pertsona horiek izan dira herritarrei Euskaraldiaren dinamikan garrantzitsuak diren ekintzetan parte hartzeko deia egiteko bitartekariak: “Parte hartzera animatzeko, ahobizi rola hartzeko, belarriprest rola hartzeko, txapak jasotzeko… Deialdi ezberdinak egin dira”. Helburua “ahalik eta herritar gehienengana iristea” izanik, hamaikatxu profiletako erreferenteak bilatu dituzte: “Adin, genero era arlo ezberdinetakoak, ahobizi direnak, belarriprest direnak… denetarik”.
Euskaraldiaren laugarren aldia izanik, aurreko edizioetan egindako lanaz baliatzeko aukera ere eduki dute, batez ere sustapenari dagokionez. “Aurreko edizioetatik sortutako talde bat zegoen, Euskaraldia martxan jartzeagaz batera aktibatzen zena. Talde horretan jende asko zegoen, edizioz edizio taldera batuz joan direnak; ez ziren batzordearen parte, baina guretzat aliatu oso garrantzitsuak dira, eta, horregatik, dinamizatzaileak infogune legez erabiltzea proposatu zuen: bileretara etorri ez arren, hedapen funtzioa har zezaten. Sustapenaren beste zati handi bat hortik bideratu dugu”, azaldu du Astorkiak. Mongerentzat Whatsapp taldea “oso praktikoa” izan da, sare sozial horrek duen “hedapen gaitasunagatik”. Horren adierazle da Infoguneak “120 pertsonatik gora” biltzen dituela gaur egun.
“Nahi duena, datorrela”.
Entitateekin egindako lana ere “beste modu batean” planteatu du batzordeak aurten: “Beste urte batzuetan, zuzenean joan gara merkatariengana, baina aurten, batzordean erabaki zen hedapena egingo genuela, eta nahi duena datorrela. Guk baliabideak eman dizkiegu izen ematea eta dena errazteko”, azaldu dute. Batzordekideentzat “ariketa kontzienteki eta ondo” egiteko ahalegina egingo duten “bermea eta borondatea” erakusten duen neurria da. “Fokua jarri dugu Euskaraldiagaz bat egiten duenak zer den jakitean. Batzuetan olatua hartzen dugu, eta txapa janzten dugu janztearren. Hori ez da kontua, ariketa zentsuz, modu kontziente batean egitea baino”, nabarmendu du Astorkiak.
Horrez gain, hezkuntza zentroak edota SOME bezalako “hedapen ahalmen handia” duten taldeak batzordearen parte izatea “oso pozgarritzat” jo dute. Gainera, SOMEk eman zion hasiera atzo goizean Euskaraldiari, eskualdeko hezkuntza zentroekin antolaturiko ekitaldi bategaz. Ikasleak izan dira, gainera, izena eman ezin badute ere, “zirikatzaile rola” hartu dutenak aurten, etxekoak zein ingurukoak Euskaraldian izena ematera animatzeko.
Hasiera handia, bihar.
Gaur gaurkoz Gernika-Lumoko 90 elkarte, enpresa, merkatari eta bestelako entitatek eman dute izena Euskaraldian. Horiei gehitu behar zaizkie, gainera, banakako legez izena eman duten 1.738 herritarrak: 1.547 ahobizi txapa jantzita dabiltza dagoeneko eta 191 belarriprest txapagaz. Bai horiek guztiak, bai oraindik izena emateko daudenak gonbidatu ditu Gernika-Lumoko Euskaraldiaren Batzordeak biharko antolatu duten hasiera ekitaldiagaz bat egitera: 12:00etan jarri dute hitzordua, Pasealekuan.
SOMEren, Elai Alai Dantzari Taldearen, Urdaibai Kantagunearen eta Ross Dantza Eskolaren emanaldiez gozatzeko aukera edukiko dute, besteak beste, Pasealekura bertaratzen direnek. Izan ere, “musikari loturiko ekitaldia” prestatu dute, eta herritarrek ere edukiko dute kanturako tartea. Hain zuzen ere, “sinbolismo handiko” hiru kantu abestuko dituzte, kantaldi herrikoian: Oskorriren Euskal Herrian Euskaraz, Esne Beltzaren Euskaraz bizi nahi dut eta 2025eko Euskaraldiaren abestia den Bulego taldearen Gure bihotzaren taupadak.
Ekitaldia Euskaraldiaren erreferente bilakatu diren banakako eta eragileei “errekonozimendua egiteko” ere baliatuko dute, gernika-lumotarren konpromisoa erakusten duen “argazki erraldoia” ateratzeagaz batera.
Antolatzaileek azpimarratu dute ekitaldia ez dela amaiera, “denaren hasiera” baizik: “Ekitaldia zabalduko zaio herriari, eta horren isla izango da Urdaibai Kantagunea herritik zehar, herriko kaleak alaitzen ibiliko dela, ekimena herrian zehar zabaltzen”.
Era berean, izena emateko eta txapa jasotzeko aukera oraindik zabalik dagoela gogoratu dute batzordekideek, “euskararekin ahobizi eta belarriprest izateko egunak 365” direla nabarmenduta.
Tatarara, tatarara, entzun gure bihotzaren taupadak, euskaraz dira!