Emakumeak, itsasoaren ikur
Itsas munduagaz erlazionatutako emakumezko langileek Hegaluze Saria jaso dute gaur [maiatzak 16], 31. Arrain Azokaren irekiera ekitaldian.

31. Arrain Azoka abian da. Gaur [maiatzak 16] egin dute aurtengo azokaren inaugurazio ekitaldia, Lameran, eta datorren domekara [maiatzak 18] bitartean denetariko eskaintza edukiko dute esku-eskura herritarrek. Kultura, gastronomia eta festa gailenduko dira asteburu osoan, itsas arrantza arloaren erakusleihorik esanguratsuenetakoa den azokan.
Aurtengo inaugurazio ekitaldia berezia izan da inondik inora: ordezkariak Euskaraldiaren txapak soinean dituztela azaldu dira; euskararen ariketa sozial masiboak bat egin du Arrain Azokagaz. Bermeon, hain zuzen ere, 1.500 herritar inguruk izena eman dute aurtengo aldirako. Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkate eta Arrain Azoka Elkartearen presidenteak, ekitaldian, azaldu du Bermeo arrantza barik irudikatzea “ezinezkoa” dela, “sasoian sasoikoa eta tokatzen den modura eginda”.
Era berean, Hegaluze Sariak jaso dituzten orain arteko denak ere gogoan izan ditu. Aurten, itsas munduagaz erlazionatutako emakumezkoek jaso dute omenaldi eta sari hori: “Bularretik euskara eman diguten emakumeak dira; geure lehenengo emakumeak gabe, ez ginateke egungoak izango. Emakume haiek garrantzitsuak izan ziren, eta egungoak ez gara gutxiago“.
Bermeotarren izaerari egin dio keinu alkateak, sariak banatzerakoan: “Bermeotarrok betidanik izan gara beharginak, ekintzaileak, ikuspegi zabalekjoak, eta itsasoaren handitasunak beti eman izan digu aurrera egiteko kemena. Aurtengo Hegaluze Sariak omenaldia egiten die bai itsasoaren inguruan lan egin duten emakume guztiei, bai gaur egun arlo horretan dihardutenei ere”.
Langile horien ordezkaritza zabala elkartu da inaugurazio eta sari banaketa agerraldian, baina argitu dute itsas sektore guztiaren ordezkaritza zabalaren “zati txiki bat” baino ez dela: “Asko eta asko baitira itsasoagaz lotutako denetariko ogibideetan lan egiten dutenak”. Sarituako ordezkaritza hain zabala denez, aurtengo Hegaluze Saria Arrantzaleen Museoan geratuko dela iragarri dute.
Nadia Nemeh Shomaly: “Bermeotarrok betidanik izan gara beharginak, ekintzaileak, ikuspegi zabalekjoak, eta itsasoaren handitasunak beti eman izan digu aurrera egiteko kemena”
Sektoreka banatuta jaso dituzte emakumeek dagokien saria, hurrenkera honetan: Añek, armadoreak, neskatilak, sareginak, sare fabrikako langileak, kontserba lantegietakoak, freskerak, arrain saltzaileak, horniduretakoak, kapitainak, farozainak, Nautika eskolako irakasle zein ikasleak, zientzialariak, bulegoetako beharginak, itsas zerbitzuetakoak, eta abar luze bat. “Horiei guztiei, bihotz-bihotzez gogoetarik gozoena eta esker onik preziatuena bidaltzen diegu, utzitako ondareagatik eta egungo lanari esker gizarte osoari eginiko ekarpenagatik“.
Aldarrirako tartea ere egon da gauko ekitaldian. Izan ere, Guggenheim Urdaibai Stop herritar plataformaren kideak ere bertan egon dira, eskualdean aurrera eroan gura duten museo makroproiektuaren kontrako aldarrikapenak eginez; kideek, hain zuzen, domeka honetarako deialdi herritarra luzatu dute, Bilboko Guggenheim Museoaren aurrean elkarretaratzea egiteko, Museoen Nazioarteko Eguna dela eta.
Kresala, herri osoan.
Gaurko hasiera apartaren ondoren, 31. Arrain Azoka abante betean dago jadanik, eta asteburu osoan ez da atsedenerako tarterik egongo. Izan ere, hala bihar, nola etzi musika, kirola, folklorea eta gastronomia han-hemen dastatu, ukitu, ikusi eta sentitu ahalko dira. Antolatzaileek azpimarratu gura izan dute ospakizun egitaraua ez dela soilik azokagunera mugatuko: herriko kaleak, Artza udal pilotalekua edota itsasoa bera izango dira agertoki.
Halaber, Lameran Solidaritza Gunea izenekoa martxan egongo da: marmitakoa eta hegaluze erreza eskainiko dituzte eremu horretan, eta bilduko dirua Bermeoko 6 eta 12 urte bitarteko umeen tratemendi berezietara bideratiko dute, Osakidetzak estaltzen ez dituen beharrizanak asetze aldera. Bestalde, jakiok etxera eroateko asmoa dutenei beren ontziak eramateko eskaera egin diete. Era beream drogomenpekotasunari buruzko informazio puntua ere ipiniko dute bihar, 13:00etatik aurrera, Lameran; 19:00retatik 01:00etara artean, Portuzarrean Puntu Morea egongo da.























































































































































































