Mundakako EH Bildu: "Udaletik lanean jarraituko dugu mundakarren bizi baldintzak hobetzeko"
Herritar Alternatibaren udal gobernua uzteko erabakiaren aurrean, Mundakako EH Bilduk esan du duela bi urte Mundakako herritarrek erabakitako "aldaketarekiko konpromisoari" eutsiko diotela.

Herritar Alternatibak Mundakako Udaleko gobernu taldetik ateratzeko iragarpenaren aurrean, Mundakako EH Bilduk esan du duela bi urte Mundakako herritarrek erabakitako “aldaketarekiko konpromisoari” eutsiko diotela: “Udaletik lanean jarraituko dugu mundakarren bizi baldintzak hobetzeko”.
Esan dute mundakarrek “udal politikak aldatzeko borondatea” adierazi zutela duela bi urteko hauteskundeetan, eta, horren ondorioz udal lana garatzeko akordioa sinatu zutela EH Bilduk eta Herritar Alternatibak. Gehitu dute euren helburua beti izan dela “aldaketa errealitate bihurtzea” eta hori “ondo egitea”, herritarrentzako onena lortzea lehenetsiz.
Herritar Plataformakoek atzo salatu zuten EH Bildukoek “informazio eta erabaki garrantzitsuetatik kanpo” utzi zituztela, baina EH Bildukoek uste dute Herritar Alternatibakoak izan direla azken boladan euren jarrerari “bira bat” eman diotenak, “inolako justifikaziorik” barik, gainera: “Gure udal ordezkariekiko jarrera urrunak izan dituzte eta ez dira leialak izan. Guk, bitartean, lanean jarraitu nahi izan dugu, gobernu akordioak errespetatuz eta beti guztiontzako kudeatzeko eta gobernatzeko helburuagaz”.
Egungo egoeraren aurrean, eta udalbatza osatzen duten beste bi taldeak mundakarren mesederako akordioak bilatzeko prest agertu direla kontutan hartuta, EH Bilduk lanean jarraituko du udal lana garatzen jarraitzeko, “agintaldiaren hasieran aldaketaren alde hartu zuten konpromisoan oinarrituta”.