Martxan dago Andra Mari eta San Roke jaietako kartel lehiaketa
Sorkuntza lanak aurkezteko epea ekainaren 6ra artekoa da, eta hori 13:59ak aurretik egin beharko dute interesatuek.

Abuztuaren 14tik 18ra bitartera ospatuko diren Andra Mari eta San Roke jaietarako kartel lehiaketa abiatu du Gernika-Lumoko Udalak, Jai Batzordearen bitartez. Nahi duten sortzaile guztiek parte har dezakete lehiaketan, eta artista bakoitzak egokitzat jotzen dituen lanak aurkeztu ahal izango ditu. Ezinbestekoa da, baina, lan horiek originalak eta argitaratu gabekoak izatea.
Sorkuntza lanak aurkezteko epea ekainaren 6ra artekoa da, eta hori 13:59ak aurretik egin beharko dute interesatuek.
Lan guztiek izenburu bera eduki behar dute, derrigorrez agertu beharrekoa: GERNIKAKO JAIAK 2025. Abuztuak 14-18. Egileek nahi duten teknika eta kolorea erabil ditzakete kartela sortzeko, baina neurri zehatz bat eduki behar dute: 65×45 zentimetro (bertikala).
Nola aurkeztu?
Lanak www.kulturagernika-lumo.eus webguneren bitartez aurkeztu beharko dira. Atarian Gernikako Jaiak Karte Lehiaketa izeneko esteka bat jarriko dute, eta izena emateko formulariora bideratuko ditu sortzaileak. Bertan, parte hartzailearen datu pertsonalak jarri bhearko dira, eta 1 Mb-ko JPG bat igotzeko aukera egongo da.
Horrez gain, lana PDF formatuan ere bidali beharko dute parte hartzaileek, bereizmen handiagaz, inprimatzeko neurri berean, eta CMYK koloreagaz. Hori, wetransfer bezalako tresnak erabilita bidali beharko dute kultura@gernika-lumo.eus helbide elektronikora.
Epaimahaiak generoaren eta sexu orientazioaren irudikapenaren aniztasuna, jatorria eta kultura, dibertsitate funtzionala, adina, klase soziala, gorpuztasuna eta abar baloratuko dituela jakinarazi dute, rolak eta estereotipoak saihestuz.
Hala, Jai Batzordeak ekainaren 18ko (eguaztena) bileran aukeratuko du kartel irabazlea, eta epaimahaiaren erabakia egun horretan bertan jakinarazio diote irabazleari. Hain zuzen ere, saridunak 500 euroko saria jasoko du.
Hori bai, udalak kartel irabazlearen jabetza ez ezik, jendaurreko komunikaziorako, kopiatzeko eta banatzeko eskubideak ere eskuratuko ditu, eta udalarenak baino ez dira izango.