Euskararen "grina, kemena eta erronka"
Abian da Euskaraldia, Euskal Herri osoan, 'Elkar mugituz egingo dugu', lelopean. Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian ekitaldia egin du SOMEk, Busturialdeko hezkuntza zentroetako ikasleekin batera. Hurrengo 11 egunetan, denetariko jarduerak egingo dituzte Lea-Artibain, Mutrikun nahiz Busturialdean.

Abian da euskaldunen hizkuntzaren jarduera sozial masiboa: Euskaraldia. Euskal Herri osoko milaka lagunek, euren hizkuntza ohiturak aldatu eta euskaraz gehiago eta erosoago egiteko saiakera egingo dute 11 egunez. Gaur [maiatzak 15] Euskal Herriaren luze-zabaleko hainbat herritan egin dituzte Euskaraldiaren aurkezpen ekitaldiak. Haietatik nagusienak Bilbo, Getxo, Baiona, Iruñea, Donostia eta Gasteizkoak izan dira.
Agerraldi nagusiotan, euskarak beharrezko duen “biziraupen mugimendua” azpimarratu dute, herritar guztiek Euskaraldiaren txapa bereizgarriak batera ipini orduko: “Urrundik gatoz, eta asko egin dugu. Orain eta hemen, gehiago egiteko prest gaude: euskararen biziberritzeak mugimendua behar du. Eta gu elkar mugitzera goaz. Horrexegatik aurtengo ekitaldiaren leloa: Elkar mugituz egingo dugu. Hori da euskararen grina, kemena eta erronka”.
“Urrundik gatoz, eta asko egin dugu. Orain eta hemen, gehiago egiteko prest gaude: euskararen biziberritzeak mugimendua behar du”
Hitzez ekiteko garai honen aurrean, antolatzaileek “eragitea” helburu dutela nabarmendu dute: “Lehenengo pertsonatik eta pluralean”. Euskararen aldeko bultzadak eta eragiteak “lotsagabea, tinkoa eta adeitsua” behar duela izan adierazi dute. Hitzez ekiteko garaia da. Eta guk, eragitea dugu helburu: lehenengo pertsonatik eta pluralean. Elkar zainduz, batera bultzatuz, konplexurik gabe: lotsagabe, tinko eta adeitsu”, azaldu dute. Hala, taldelanarentzako nahiz tokian tokiko zein herriz herriko batzordeetako kideentzako berbak ere eduki dituzte: “Komunitatea dugu ikur, eta auzolana babes; beste inon ez da Euskaraldia bezalako ariketa sozial masiborik egin”.
Txapen “superboterea”.
Aldartea poztea eta komunitatea piztu. Horixe da Euskaraldiaren txapak duen egiteko nagusia. Ikur berezi horren atzean, gainera, “superbotere bat” duela argitu dute: “Hau ez da txapa sinple bat. Izan ere, txapa honek superbotereak ematen dizkizu. Adorea ematen dizu, entzumena ernetu, eta aldamenekoa zein zu babesten zaituzte. Txapa hau, hizkuntza bezala, magikoa da: ilusioa aktibatzen du. Txapa da, hitza bezala, askotariko jendea konektatzeko giltza”.
Herritarrei parte hartzeko eta Euskaraldian agente aktibo izateko deialdiarekin biribildu dute aurkezpen ofiziala: “Txapa soinean eta hitza ezpainetan, euskaradunon aldia hasia da. Totelka edo arrapaladan, ahots handi edo mehez, ozen zein xuxurlaka, gozatu belarriak eta astindu mihiak, hitzez ekinez distantziak txikitzera eta euskararen lurraldea handitzera goaz eta. Pausoz pauso, jarri gaitezen martxan: irmotasunez, mugiaraziz geldirik daudenak. Hiztunak batuz, eman euskarari arnasa; mintzakideak elkartuz, eman elkarri babesa. Batera eraginez, erabilera handituko dugu”.
Lea-Artibain, Mutrikun eta Busturialdean ere, egun handia da gaurkoa. Plazarik plaza eta txokoz txoko, herritarrek bat egin zuten Euskaraldiarekin. Bermeotarrek 19:00retan ekin diote aurtengo ekitaldiari, Goiko plazan bilduta. Gernika-Lumon, baina, ekimenaz askoz goiztarrago abiatu dituzte. Hain zuzen ere, 11:00etan, Segundo Olaeta Musika Eskolako kideek Busturialdeko hainbat hezkuntza zentroetako ikasleekin bat egin dute, Lizeo Antzokian, musika, dantza eta ospakizuna uztartu dituen ikuskizunean. Gernika-Lumoko Allende Salazar Herri Ikastetxeko, Gautegiz Arteagako Montorre Eskolako, Mundakako Eskolako eta Muxikako Urretxindorra Herri Eskolako ikasleek parte hartu dute, eta bihar beste batzuen txanda izango da.
Zirikatzeko deialdia.
Haurrei zuzenduta, azaldu zieten eurak zirikatzaileak izango direla aurtengo Euskaraldian: “Zirikatzea izango da zuon guztion egiteko nagusia. Euskaraz hitz egiteaz gain, zirikatu itzazue inguruko guztiak, modu horretan Euskaraldian parte har dezaten, txapak jantzi ditzaten; hori da zuen superboterea, ahal bezainbeste zirikatzea”.
Gainontzeko udalerriei dagokienez, Busturian Asier Kidam magoaren Hurbileko magia izeneko ikuskizunaz gozatzeko aukera eduki dute herritarrek, Altamirako plazan. Jarraian, musikaz girotu dute Euskaraldiaren hasiera: Kantu-Kantari saoiarekin eta osteko txistulari kantaldiarekin. Musika eta kale giroa beste zenbait txokotan ere gailendu dira: Mendexan pintxo pote musikatua egoin zuten, eta Lekeition Zaletxuek antolatutako kantupoteoa. Bihar [maiatzak 16] , munitibartarrek ere zuzeneko musikarekin osatuko dute Euskaraldi hasierako irakurketa. Busturiakoa, halaber, ez da Busturialdeko magia saio bakarra izango egunotan: etzi [maiatzak 17], 18:00retan hasita, Tor magoak Hator Magiara ikuskizuna emango du, Morgako ludotekan.
Mutrikuarrek ere, gaur eduki dute Euskaraldiaren hasiera ekitaldia, Goiko plazan. Lekeitiarrek, ostera, Nautika aurrealdean ekin diote euskararen jarduera erraldoiari. Asteburuari begira, gainera, denetarikoez gozatzeko aukera aproposa egongo da. Foruan, eskulan tailerra egingo dute bihar J.M. Torrealdai Kultur Etxean, eta etzi kontzertua emango du, 19:00retan hasita eta San Martin elizan, Gontzal Mendibil musikari zeanuriztarrak.
Sukarrietarrek ere prestatu dute egitasmorik asteburu honetarako: Emakumeak eta kartzelak berbaldia emango du, domekan [maiatzak 18], Josune Muñozek. Ziortza-Bolibarren, aldiz, zuzeneko musika eta bertsolaritza ezkonduko dituzte Josune Aramendik eta Unai Iturriagak; Itsu Koplak ikuskizuna emango dute igandean, Simon Bolivar museoan.

















































































































