Ospakizuna kalera aterako dute San Isidro egunez
San Isidro eguna ospatuko dute bihar (maiatzak 15) hainbat herritan.

Nekazari eta baserritarren eguna da biharkoa (maiatzak 15), San Isidro, nekazaritza mundua baserri eremutik atera eta herriko plazetan ospatzen den egun seinalatua. Egun horretan ohikoa den modura, herri txikietan mezara joango dira herritarrak, eta batzuk hamaiketakoan zein bazkarian elkartuko dira gero.
Foruarrek San Martin elizan dute hitzordua 12:30ean, eta, Mendatan, aldiz, 12:00etan batuko dira. Ostean, mendatarrak Artape tabernan kopaua egingo dute, eta belaunaldi desberdinetako jendea elkartu, kontu batzuk esan eta denen artean giro ezinhobean igarotzea da asmoa. Hala egingo dute, baita ere, Natxituan: trikitilariekin batuko dira bazkaldu aurretik, eta giro onean sartuta, Ermintxon bazkalduko dute, gero. Ajangiztarrek ere era berean eutsiko diote jai egunari, meza eta hamaiketakoa egingo baitute Mendietako plazan.
Muruetan garrantzitsuak dira sanisidroetako ospakizunak, eta egitarau zabala prestatu du udalak.Izan ere, egun osokoa izango da, mezagaz eta santuaren prozesioagaz hasiko dutena.
Urteroko hitzorduak ere ez dira faltako: 12:30ean San isidro Kofradiakoen hamaiketakoa izango dute, eta segituan, bolo-jokoan eta bingoan batuko dira.
Arratsaldean zaldi-proben txanda izango da. Kortezubiko probetako harria eta ganeko karga mugitu nahian arituko dira Txertudi (Handi) eta Zubizarreta (Fiera).
Aurten gainera, zesta punta partiduak ere izango dituzte aukeran, 19:30etik aurrera, pilotalekuan. Kinielan arituko dira lehenego Gernika Jai-Alaiko puntista gazteak, eta segituan, Iker eta Kemen, Elene eta Latorreren aurka lehiatuko dira zesta punta partiduan.
Eguna biribildu eta jaia agurtzeko, txokolate janean batuko dira herritarrak.