Montorreko bideoklipa jai giroan aurkeztuko dute
Maiatzaren 31n (zapatua) egingo dute hori herritarren aurrean, bertso afari bateko jai giroan murgilduta. Bertso afarira bertaratzeko aurretiaz izena eman behar da, maiatzaren 24a (zapatua) aurretik.

Montorre herri eskolakoek eskolari buruzko kantua sortu zuten urte hasieran, eta orain, bideoklipa aurkezteko ordua heldu zaie. Maiatzaren 31n (zapatua) egingo dute hori herritarren aurrean, bertso afari bateko jai giroan murgilduta.
Poteo musikatuan bilduko dira lehenengo 19:30ean, eta ostean, bertso afariaz gozatzeko aukera izango dute 21:00etan, frontoian. Gero, Koldo Gezuraga bertsolari gernika-lumotarra eta Etxahun Lekue larrabetzuarra arduratuko dira afalostea girotzeaz.
Eta, bertan egoteko, aurretiaz izena eman beharko da, maiatzaren 24a (zapatua) aurretik, eta hori Artea eta Egala tabernetan zein kultur etxean egin ahalko da; menu begetarianoa nahi izanez gero, izena ematerakoan adierazi beharko da. 16 urtetik beherakoek 15 euro ordaindu beharko dituzte, eta helduek 20.
Horiek horrela, Montorre herri eskolako kideek eskolako komunitateko kideei zein bizilagunei bertaratzeko deia egin diete.