Lucas Fernandez, bigarren urtez jarraian Lointek Gernika Bizkaiako entrenatzaile
Entrenatzailea dagoeneko 2025/2026 denboraldirako taldea osatzen ari da. Momentuz, bost jokalarik ez dute jarraituko.

Lointek Gernika Bizkaiak Lucas Fernandezen gidaritzapean jarraituko du 2025/2026 denboraldian. Entrenatzaileak bere bigarren urtea osatuko du Malosten lehen entrenatzaile bezala, aurretik lau urtez aritu zen laguntzaile lanetan. Ciudad-Realekoa dagoeneko hurrengo denboraldirako taldea osatzen ari da. Klubak dagoeneko jakinarazi du Awa Fam eta Elena Buenavida Valencia Basketera itzuliko dira urtebeteko lagapena amaitu eta gero. Horrez gain, Maya Dodsonek, Irati Etxarrik eta Kendra Cheryk ez dute jarraituko.
Fernandezek bere gain jarritako konfiantzagatik eskertuta agertu da: “Eskerrak eman nahi dizkiet presidenteari eta zuzendaritza batzorde osoari. Izan ere, egonkortasuna, umiltasuna, anbizioa eta hazten jarraitzeko konpromisoa islatzen ditugu berritze honekin, ilusio handiz, betiere gure aukeren barruan. Gure onena emango dugu gure zaleak ilusioa mantendu dezaten eta euren taldeaz harro egon daitezen”.
2024/2025 denboraldian Lointek Gernika Bizkaiak Koparako sailkatzea lortu zuen, baina sasoi amaiera eskas batengatik azkenean kanporaketetatik kanpo geratu zen: bederatzigarren. Horrenbestez, zail izango du Eurocup txapelketa jokatzeko aukera izatea, talderen batek uko egin beharko dio horretarako.
Lan taldea, prest
Bide batez, Fernandezek bere lan taldea zehaztu du iazkoarekin alderatuta aldaketa gutxi batzuekin. Franky Garcia laguntzaileak, Maialen Markuerkiaga delegatuak, Javier Oleaga prestatzaile fisikoak eta German Candina medikuak jarraitzen dute. Markel Mendibe sartzen da fisioterapeuta lanetan. Badira jarraituko ez duten beste kide batzuk: Mikel Retolaza, Iñaki Rafael, Gotzon Lauzirika eta Maddalen Cassinelli. Haiei eskerrak eman dizkiete “orain arte eskainitako laguntza guztiagatik eta onena opa die haien etorkizunean”.