Ia 500 mendizale, aurretiaz izena emanda
Eguenean [maiatzak 15] amaituko da XI. Mendi Jaira aurretiaz izena emateko epea. Eguraldia lagun, 500-600 mendizale elkartzea aurreikusten du Arrolape Mendi Klubak.
Gernika-Lumo inguruko mendi eta baso bazterrak mendizaleen zain daude. Datorren domekan [maiatzak 18], kirola, aisia eta solidaritatea ezkontzen dituen Mendi Jaiaren XI. ekitaldia egingo dute, goizetik eguerdira bitarteko egitarauagaz. Arrolape Mendi Klubeko antolatzaileak “itxaropentsu” ageri dira aurtengo aldiari begira: “XI. ekitaldia izateak bistaratzen du egiten dugun behar boluntarioak ondo funtzionatzen duela, gogorra izanagatik ere”. Hain zuzen, elkarlanean atontzen dute Mendi Jaia. Aurten, gaur-gaurkoz 417 lagunek aurretiaz izena eman dute Internet bidez; horietako 144 lasterketetan parte hartuko dute, eta 273, ostera, mendi martxetara animatuko dira. Internetez izena emateko epemuga eguena [maiatzak 15] izango da.
Gaur-gaurkoz izena emandako 417 lagunetatik, 144 lasterketetara animatuko dira, eta 273, aldiz, martxetara
Aurreikuspenak “politak” direla iragarri dute: “Egon dira 1.000 lagun inguru bertaratu izan diren urteak, horrek dakartzan kudeaketa nahiz azpiegitura zailtasun denekin. Edozelan ere, 500-600 lagun inguru erakarri izan ditugu azken aldietan. Mendi Jaia proba xumea da, baina mendizale profil denei zuzendutakoa eta, batez ere, herrikoia”. Era berean, arrolapetarrek egunean bertan izena emateko aukera ere egongo dela adierazi dute. Aurretiaz izena emandakoek elastikoa jasoko dute opari, eta domekan bertan egiten dutenek, aldiz, kaltzerdiak edo “beste oroigarriren bat”. Egunean, Gernika-Lumoko Pasealekuan eman beharko da izena, proben irteera ordua baino lehen.
Kirol lehia ez da egitasmoaren “ardatz nagusia”, baina badago konpetizio kutsurik. Izan ere, mendi lasterketa luzea eta laburra egingo dituzte: lehena 17 kilometrokoa izango da; bigarrena 8,5 kilometrokoa. Eguneko egitaraua, edozelan ere, martxalariek abiatuko dute. Martxa luzea eta laburra egingo dituzte, ibilbide berberekin. Ibilbide luzearen parte hartzaileak 09:00retan hasiko dira lanean. Lasterketa luzeko parte hartzaileak 10:30ean hasiko dira; laburrekoak, berriz, 11:00etan. Azkenik, martxa laburreko partaideak 11:10ean hasiko dira oinez.
Beste urte batez, Etiketa Berdearen egutegi barruko hitzorduetako bat izango da Mendi Jaia
Euro solidarioa.
Solidaritatea eta jarrera etikoa dira ekimenaren zutabeetako bi. Hala, beste urte batez, Mendi Jaia Etiketa Berdearen barruan sartuko da. Etiketa Berdeak mendizaletasunagaz loturiko planteamendu etiko, jasangarri eta errespetuzkoa du zutabe, neurri praktikoetatik abiatuta. Hori horrela, parte hartzaileek beren edalontzia edota botila eroan beharko dute, anoa postuetan ez baita plastikozkorik egongo. Era berean, ibilbideetako markak ere jasangarriak izango dira. Urtero modura, izen ematearen prezioko euro bat solidarioa izango da. Aurten, Enara Alakano gernika-lumotarra buru duen Enarak Behar Zaitu elkarteak jasoko du euro solidarioa; leiomiosarkomaren ikerketa bultzatzeko beka bat bultzatzeko izango da, beraz, dohaintza.
Pasealekuan, gainera, “guzti-guztientzako espazioa” osatzea dute jomuga. Horrenbestez, pasta janaldia eskainiko diete parte hartzaile guztiei; halaber, herriko komertzioen produktu nahiz zerbitzuen zozketak egingo dituzte, eta umeentzako puzgarrien eremua ere egongo da. Sari banaketa ekitaldian, lasterketa luzeko nahiz laburreko lehen hiru emakumezkoak zein gizonezkoak sarituko dituzte. Horrez gain, ibilbide luzeko lehen gizon-emakume beteranoek, lehen 23 urtez azpikoek eta lehen gernika-lumotarrek ere saria jasoko dute. Proba laburrari dagokionez, lehen hiru gizon-emakumeek jasoko dituzte sariak, baita lehen hiru gizon-emakume gazteek ere.