Herritar Alternatibak Mundakako udal gobernua utzi du
"Blokeo politikoa eta gardentasun eza" izan dira, Herritar Alternatibakoen berbetan, udal gobernua uzteko erabakia hartzera eroan dutenak.

Herritar Alternatibak Mundakako udal gobernua uzteko erabakia hartu du, eta gaur (maiatzak 14) jakinarazi du erabakia Mundakako osoko bilkuran. Hain zuzen ere, “blokeo politikoa eta gardentasun eza” izan dira erabakia hartzearen arrazoiak, eta hori “udal gobernuaren funtzionamendu demokratikoan egondako gainbehera larria egiaztatu ondoren” hartu dutela adierazi dute.
“Gure plataforma politika hurbil, parte hartzaile, eta, batez ere, gardena egiteko konpromisoagaz sortu zen, Mundaka eraldatzeko asmoz. Gobernu honetan benetako aldaketa bultzatzeko borondateagaz sartu ginen, EH Bildurekin asmo hori partekatzen genuela sinetsita, eta, urte luzez nagusitu den gobernatzeko moduari amaiera emateko asmoz”, adierazi dute Herritar Plataformako kideek osoko bilkuran.
Hala ere, Herritar Plataformakoek salatu dute proiektu hori “guztiz blokeatuta” gelditu dela. Izan ere, esan dute azken hilabeteetan “informazio eta erabaki garrantzitsuetatik kanpo” utzi dituztela, baita euren “eskumen instituzionalen erabilera eraginkorretik” ere. Gehitu dute euren proposamenak “ez dituztela kontutan hartu”, eta delegatuta egon den euren zinegotzia “alboratu” egin dutela: “Zinegotzi horren lana alkateak ezarritako norabide bakarreko dinamikaren bidez mugatua izan da”.
Praktika horiek “koherentziaz eta arduraz lan instituzionala” egitea “ezinezko” egiten dutela iritzita, Herritar Alternatiba plataformakoen iritziz udal gobernuan jarraitzeak ez luke zentzurik, “partekatzen ez duten politika egiteko modu baten konplize bihurtuko lituzkeelako”.
Gehitu dute herritarrentzat “balizkoa den zerbait lortuta” atera direla udal gobernutik: “Nahiago dugu herritarrentzat balio duen zerbait lortu dugula jakinda gobernutik atera, beste agintaldi bat inolako ekarpenik egin barik eta EAJren legatuagaz jarraitu baino”.
Gogoeta “sakon” baten ondorioa dela erabakia diote, eta gobernua, euren eskumenak eta ardurak utzi ostean oposiziotik jardungo dutela adierazi dute: “Erabaki honek ez du amore eman dugula esan nahi, hasiera berri bat dela baizik. Osoko bilkuran ahots kritiko, aktibo, proposatzaile eta zaindari izateko konpromisoa berresten dugu”. Hori esanda, herritarrak gonbidatu dituzte “gardentasunaren eta inposizio alderdikoi gabeko politikaren alde” borrokatuko duen herri plataforma independenteetan antolatzera.