Etenik bariko jai herrikoietan barneratzeko prest daude
Saragiaren igoeragaz eta soka dantzagaz abiatuko dituzte herriko jaiak ajangiztarrek, gaur. Ekainaren 1era bitarteko egitaraua antolatu dute, adin eta gustu guztientzako ekitaldiekin.

Egutegian seinalatutako egunak dira Ajangizko sanisidroak eta sanasentzioak. Uda aurrekoclehenengotariko jaiak dira, eta gogotsu hartzen dituzte bertako zein inguruko herritarrek.
Uda berotzeko aukera ederra dira; izan ere, urtero legez, Ajangizko jaiak arduratuko dira eskualdera uda usaina ekartzeaz. Zeregin horretan, antolatzaileak aurton ere ez dira labur geratu prestatu dituzten ekintza guztiekin: maiatza ekintzaz beteko duten hamaika ekitaldiko, txapelketako eta hitzorduz betetako egitaraua aurkeztu dute. Egitarauak Ajangizko jaietan tradizio diren ekintzak ditu oinarri, baina baita azken urteetan egonkortu direnak ere.
Dagoeneko berotu dituzte motorrak, eta jai giroa nabaria da herrian. Izan ere, joan den asteburuko pilota partiduek eta azokak jendez bete zuen Mendieta ingurua, eta lekuko horri helduta jarraitu gura dute datozen egunetan ere.
Ohiturari jarraituz, eta Errenteria ere Ajangiz dela aldarrikatuz, Errenteriako zubitik herriko plazara Saragiaren igoera eginez hasiko dituzte herriko jai nagusiak gaur. Hortik aurrera, gelditu gabeko lau egunez gozatzeko aukera izango dute ajangiztarrek.
Saragiaren igoeraren ostean, soka dantzan ariko dira. Hainbat urtez egin ez den ekintza hori berreskuratu zuten duela hiruzpalau urte, eta aurton ere soka dantzagaz abiatuko dituzte jaiak iluntzean.
San Isidro eguna da biharkoa, eta meza osterako hamaiketako herrikoia antolatu dute. «Herritar askok ez dute jai eguna izaten, baina nagusienentzako hamaiketakoa prestatuko dugu, eguna bera ere ospatzeko», azaldu dute udal ordezkariek. Izan ere, nekazarien egun hori egun seinalatua da ajangiztar askorentzat.
Etzi, berriz, gazte eta juergazaleei begirako hitzordua izango dute. Herriko gazteek antolatzen dituzte jaietako kontzertuak, eta, azken urteetan egin modura, gauez hasi eta goizaldeko ordu txikietan amaitzeko emanaldiak prestatu dituzte. Hala, aurten ere Elizpeko kontzertu bategaz abiatuko dute kontzertu gaua, eta hori Eiho taldearen eskutik etorriko da. Gerora, Mendietako plazako oholtza nagusira igoko dira Gozzue eta TOC musika taldeak, baita Altxaporru erromeriako musikariak ere. Hori gutxi balitz, gaua luzatzeko Dj saioak ere egongo dira jaia luzatu gura duten horientzat: Dj Whizky eta Dj I AM GIZ arduratuko dira gau ilunean musika jartzeaz.
Zapatuan, berriz, abiaduraren txanda izango da, eta, iaz jendetza erakarri zuen goitibehera txapelketaren bigarren aldiaz gozatzeko aukera izango dute bertako zein ingurukoek, Arganan. Gainera, mus txapelketa ere egongo da Pertxamendi txokoan, eta, arratsaldean zehar, parrilladaz gozatzeko aukera ere bai.
Herri kirolak ere ez dira faltako Ajangizen. Domekan izango dute hitzordua, eta, bertaratzen direnek, herri kirol ezberdinak probatzeko aukera izango dute.
Sukalki herrikoia
Jai herrikoiak dira Ajangizkoak, eta horren erakusgarri izango da maiatzaren 24ko hitzordua. Izan ere, sukalki herrikoian bilduko dira Mendietan herriko kuadrilletako kideak, giro ezin hobeaz betez plaza. Aurtengoan, txapelketa kutsua izango duen lehia herrikoia egingo dute, baina sariak parte hartzaile guztientzat egongo direla jakinarazi dute antolatzaileek.
Herriko umeek puzgarriak izango dituzte aukeran, eta gero, gainera, musika jartzen ariko dira Pelma & Luis Selektorrak.
San Isidro egunaz gain, Asentzio eguna ere hitzordu garrantzitsua da Ajangizen. Eta, egun horretan, briska lehiaketa eta txokolate jana egongo dira Pertxamendi txokoan.
Eta, jaiei amaiera hasi bezala emango diete, kirola eginez. Izan ere, 16. Mugari Biragaz agurtuko dituzte jaiak. Ekimen jendetsua izaten da, jendeak gustuko duena, eta aurten ere bi ibilbide izango dituzte aukeran herritarrek, luzea eta laburra.
Herritarrei zein inguruko bizilagunei Ajangizera bertaratzeko deia egin diete antolatzaileek, ondo pasatzeko hamaika aukera daudela azpimarratuta.
Gaur, bezpera eguna
21:00. Saragi igoera, Errenteriako zubitik.
Ostean. Makailao jana, Mendietako plazan.
Gero. Soka dantza, Ajangizko dantzarien eskutik.
Bihar, San Isidro
11:00. Meza.
13:00. Hamaiketako herrikoia.
Etzi.
22:00. Kontzertuak: Eiho, Gozzue, TOC eta Altxaporru erromeria.
Gero. Dj Whizky eta Dj I AM GIZ.
Zapatua, maiatzak 17
15:00. II. Goitibehera Txapelketa.
18:00. Mus txapelketa, Pertxamendi Txokoan.
Bitartean. Parrillada.
Domeka, maiatzak 18
11:00. Sustabizekin, herri kirol erakustaldia. Taloak egongo dira txosnan.
Zapatua, maiatzak 24
14:30. Sukalkien aurkezpena.
15:00. Bazkari herrikoia.
16:00. Umeentzako puzgarriak.
18:30. Girotzeko musika.
Eguena, maiatzak 29, San Asentzio
20:00. Briska Txapelketa, Pertxamendi Txokoan.
Gero. Txokolate jana eta ogia egongo dira.
Domeka, ekainak 1
08:30. XVI. Mugari Birako martxa luzeko irteera (19 kilometro).
09:30. XVI. Mugari Birako martxa laburreko irteera (11 kilometro).
Oharra: izen ematea egunean bertan egin ahalko da, irteera ordua baino ordu erdi lehenago, Mendietako plazan.