Adin-adin ekimeneko lehen bertso saioa, Gernika-Lumon
Xabier Arriaga "Txiplas" eta Aissa Intxausti bertsolariak bertso kantuan arituko dira bihar [maiatzak 15], Gernika-Lumoko Kaltzada egoitzan, Adin-adin proiektuaren barruan.
Bizkaiko zaharren egoitzak bertso doinuz beteko ditu Adin-adin proiektuak bihar hasi [maiatzak 15], eta uztaila bitartean. Bertsozale Elkarteak sortutako Lanku Bertso Zerbitzuak Adin-adin proiektua sortu zuen 2014an, belaunaldien artean zubiak eraiki, egoitzak bertso plazan integratu eta bertsoa adinekoen egoitzetara hurbiltzeko helburuagaz.
Ekimenak 12 geraleku izango ditu eta horietako bakoitzean bina bertsolari ibiliko dira kantuan. Saioak Gernika-Lumon, Diman, Markina-Xemeinen, Ondarroan, Zeberion, Lekeition, Durangon, Otxandion, Leioan, Bermeon, Sondikan eta Zornotzan izango dira, eta guztira 15 bertsolarik parte hartuko dute ekimenean.
Lehen geralekua Gernika-Lumon egingo du ekimenak, bihar. Xabier Arriaga Txiplas eta Aissa Intxausti arituko dira kantuan, 11:30ean hasita, Kaltzada egoitzan. Libreko saioak izango dira, eta bertsoak ez ezik, “entzuleen interesekoa izan daitekeen istorioen kontakizuna eta zuzeneko tratuak ere paper handia” izango dute saioetan.
Bermeon ere geldialdia egingo du Adin-adinek, baina oraindik ez dute data jakinarazi.