Urteko hitzordurik garrantzitsuena izan daitekeenaren atarian
Gernika Rugby Taldeak Ohorezko B Mailako Elite Multzoaren play-offak lehiatuko ditu, domekan [maiatzak 18], 12:30ean, Urbietan. Club de Rugby Sant Cugat talde kataluniarra edukiko dute arerio basurdeek, partidu bakarrera eta etxeko zaleen aurrean jokatuko duten finalaurrekoan.
Denboraldi gogoangarria egin ostean, Gernika Rugby Taldea urteko norgehiagokarik gogorrenetako eta berezienetako baten atarian dago. Datorren domekan [maiatzak 18], 12:30ean hasita, Club de Rugby Sant Cugaten kontra jokatuko dute Ohorezko B Mailako Elite Multzoaren play-offetako finalaurrekoa, Urbietan. Basurdeak merezimendu osoz sailkatu dira play-offetara, eta orain denboraldia aho zapore eztiagaz biribiltzeko prest daude.
Aurkari eta neurketa “gogorra” aurreikusten dute etxekoek: “Gogoratzeko modukoa“. Kataluniakoa talde “benetan sendoa” dela azpimarratu dute: “Beheko mailetatik hasita, urte asko daramatzate goi mailan lan egiten, eta azken urteotako lana lehen taldeagaz jaso dute; izan ere, lantalde benetan lehiakorra, solidoa eta dinamikoa dute”. Abiadura izango da Sant Cugaten bertute esanguratsuenetako bat: jokoa zelaigunearen alde batetik bestera berehala lekualdatzeko gai dira, eta alde fisikotik zein kontaktuaren alderditik ere “maila oso handian” daude. Ez hori bakarrik: “Ligan kontrako puntu gutxien jaso ohi dituen taldeetako bat da”.
Jokalari gazteak dituzte kataluniarrek, baina hori beharbada “beraien kontra” izan daitekeela azpimarratu dute Gernika RTko kideek: “Gure lantaldeak eskarmentu handiagoko jokalariak ditu, tankerako egoeretan zelan jokatu ondo dakitenak; horixe izan beharko litzateke geure alde baliatu beharreko aukera”. Gernika-lumotarren estrategia “burutik” abiatu beharko da, joko “argia, sinplea eta eraginkorra” egiteko. Bestalde, Urbietako belar naturaldun zelaia ere giltzarri izan daiteke, Sant Cugatek belar artifizialdun zelai sintetikoan jokatzen baitu. Gainera, basurdeek ez dute bidaiaren nekea garraio eroango, bisitariek ez bezala.
Domekako sukalki janaldirako txartelak Azules tabernan daude salgai, eta eguena da horiek erosteko epemuga
Finala, Urbietan?
Etxean eta etxekoen berotasunagaz jokatzea izango da, edozelan ere, indargunerik handiena. Gernika-lumotarrei Urbietara bertaratzeko deia luzatu die klubak eta, hain zuzen, egitarau berezia prestatzen ari dira. Batetik, partidua orduko, zelaigune aldamenean karpa bat jarriko dute, eta bertan triki nahiz txalaparta emanaldiak eman, jai giroa bermatze aldera. Bestetik, neurketaren ondoren, zale guztiak sukalki janaldian elkartuko dira. Horretarako, txartelak erosi beharko dituzte; Gernika-Lumoko Azules tabernan daude salgai, bost eurotan, eta eguena [maiatzak 15] izango da horiek eskuratzeko azken eguna. DJ emanaldia ere egongo da ostean.
Basurdeek domekan irabaziz gero, eta Ingenieros Industrialesek CR Liceo Frances taldeari beste finalerdia irabaziko balio, finala Urbietan jokatuko lukete
Beste finalerdiari dagokionez, CR Liceo Frances eta Ingenieros Industriales taldeen artekoa izango da. Domekan irabaziz gero, eta finalaurreko hori bigarren taldeak irabaziko balu, play-offen final handia Urbietan jokatukolukete basurdeek, hurrengo asteburuan. Hori bai, gaur-gaurkoz, asteburu honetako partiduarentzako begirik baino ez dute: “Domekakoa geure lehen finala izango da; hori irabaztea lortuz gero, orduantxe ipiniko gara azken partiduari begira, baina ez lehenago”.