Arrain Azoka Jai Alai jaialdia egingo dute Artzan
Bermeoko Zesta eta Pala Eskolak Arrain Azoka Jai Alai egitasmoa prestatu du domekarako [maiatzak 18], Artza udal pilotalekuan. Emakumezkoen eta harrobiaren zesta-punta bultzatzen segitzeko asmoz antolatu dute ekimena, Arrain Azokaren testuinguruan.
Arrain Azoka ate joka dute bermeotarrek, eta aurten Artza udal pilotalekua ere ospakizunaren epizentro nagusietako bat izatera pasatuko da. Bermeoko Zesta eta Pala Eskolak Arrain Azoka Jai Alai izeneko egitasmoa atondu du datorren domekarako [maiatzak 18], eguerditik arratsaldera bitarteko egitarauagaz. Klubaren ordezkariek azaldu dutenez, Arrain Azokak Bermeon duen esangura pisutsua probestu gura izan dute, emakumezkoen eta gaztetxoenen zesta-punta “bultzatzen segitzeko”. Hala, haurrak eta emakumeak izango dira antolatu duten egitarauaren protagonista nagusiak. Gainera, sarrera doakoa izango da,
12:00etan, eskolako gaztetxoenen txanda izango da. Argitu dutenaren arabera, jendea frontoira bertaratu bitartean, gazteek “pilotaka aritzeko aukera” edukiko dute. Era berean, nabarmendu dute helburua haurrek ondo pasatzea eta egun bereziaz disfrutatzea” izango dela. Ondoren, herriarteko topaketa egingo dute. Orain arte, Gernika-Lumo, Markina-Xemein, Berriatua edota Noaingo klubetako pilotariek parte hartu baldin badute, orain Tolosaren txanda izango da. Aretx eta Aiert izango dira talde bermeotarraren partaide biak; Tolosak, ostera, Oier eta Oinatz kantxaratuko ditu. Halaber, aurrerantzean “beste klub batzuekin” ere saretzen jarraitzeko borondatea dutela azpimarratu dute.
Elaia Gogenola eta Maia Goikoetxea berriatuarrek Erika Mugartegi eta Arai Lejardi markina-xemeindarren kontra jokatuko dute partidu nagusian
13:30ean, Onintza Enbeita bertsolari muxikarrak elite mailako puntistei bertso bidezko harrera egingo die, eta jarraian plazaratuko dira egitarauaren partidu nagusia jokatuko duten pilotariak. Berriatuarren eta markina-xemeindarren arteko lehia izango da: Elaia Gogenolak eta Maia Goikoetxeak Erika Mugartegi eta Arai Lejardi edukiko dituzte aurrez aurre. Partidu “estua eta polita” izateko osagai guztiak dauzka. Izan ere, Mugartegi edota Gogenola moduko jokalari honezkero eskarmentuak kantxaratuko dira, batetik; bestetik, baita Goikoetxea moduko puntista gazteak ere, eta Lejardi ere bai, egungo pilotaririk seguruenetako nahiz indartsuenetako bat.
Herritarrei frontoira hurreratzeko deia egin diete antolatzaileek: “Esku pilota jaialdia betidanik egon izan da Arrain Azokaren egitarauaren barruan, eta zesta-puntak ere bere tokitxoa eduki dezake; gainera, hau ez da inondik inora gazteei soilik zuzendutako ekimena eta, horrenbestez, bermeotar nahiz bisitari guztiei domekan Artzara bertaratzera animatzeko eskatzen diegu. Azokaguneaz gozatu ondoren, jaialdia bazkalordura bitartean tarte atsegin batez gozatzeko eta maila handiko partiduak ikusteko aukera aproposa izango da”.