Musutruk Mundaka, "herri hobe bat egiteko"
Laguntasuna, elkartasuna eta talde lana ditu ardatz Musutruk Mundaka kirol-kultur elkarteak. Lasterketak, hitzaldiak eta beste hamaika ekintza antolatzeko aurreikuspena du "herrian sortutako" elkarteak.

Musutruk Mundaka kirol-kultur elkartea aurkeztu berri dute herrian. “Herri hobe bat egiteko asmoz, herrian sortutako” elkartea dela adierazi dute sortzaileek. Laguntasuna, elkartasuna eta talde lana jomuga dituen elkartea den heinean, azaldu dute, hamaika ekintza antolatuko dituztela aurrerantzean, “elkartearen helburuak betetzetik gero eta hurbilago egoteko eta ohitura osasungarriak bultzatzeko”. Besteak beste, lasterketak, kirol probak edota hitzaldiak aipatu dituzte.
Elkartearen izenak berak dioenez, ekintza horiek guztiak dohain izango dira; musutruk. Tarteka, baina, donazio bat zein beste egiteko proposamena zabalduko dute elkartekideek, jakinarazi dutenez. Izan ere, hasierako helburu zehatzago bat finkatuta dute dagoeneko: Santa Katalinako baseliza konpontzeko dirua lortzea: “Elizarekin hitz egin dugu, helburu eta kopuruak adosteko. Barrutik zein kanpotik konpondu eta apaindu nahi dugu, herriari irekitzeko, eta guk, elkarte bezala ekintzak bertan egin ahal izateko. Kontzertuak edo hitzaldiak baselizan egitea gustatuko litzaiguke”. Horretarako, hurrengo Santa Katalina egunerako (azaroak 25) 100.000 euro lortzeko xedea dutela nabarmendu dute.
Lehen ekintza gisa antolatu dute domekako (maiatzak 11) Milaraldia lasterketa solidarioa. Adin tarte desberdineko jendearen topagune izan zen Santa Katalina, hain zuzen. Kirola nagusi izan zen, baina oparietarako tartea ere ahalbidetu zuen Musutruk Mundakak, “ereindakoa jasotzeko” asmoz. Hala, esan dute, jendeak aurrerantzean “bolondres gisa donazioak egitea” espero dutela. “Gaurtik aurrera kontu korrontea zabalik izango dugu, gura duenak horrekin laguntzeko”.
Atzoko goizarekiko balorazio positiboa egin dute, oro har, antolatzaileek: “Mundakan erroldatutakoentzat zuzendutako lasterketa izan zen, eta 100 pertsona baino gehiago bertaratu ziren; parte hartzaile eta laguntzaileak barne”. Giro ona usaindu zen herrian, eta hurrengo hamabost egunetarako “pare bat hitzaldi eta haurrentzako tabakoaren kontra kontzientziatzeko tailerra” antolatzea aurreikusten dutela azpimarratu dute. Elkartetik, bestalde, “prest” agertu dira beste edozein elkartekin elkarlanean jarduteko, eta bide batez, herritarrei eta ingurukoei dei egin diete, lankidetza horrekin aurrera jarraitzeko.