Amiano eta Elorz, nahieran
Unai Amianok eta Oier Elorzek 22 eta 12 irabazi diete Eñaut Lizeagari eta Unax Landari Ajangizko XI. Esku Pilota Txapelketaren finala.

Atzokoa [maiatzak 11] esku pilota egun handia eta gogoangarria izan zen ajangiztarrentzat. XI. Esku Pilota Txapelketaren finalak jokatu zituzten herriko pilotalekuan, jaien ailegaera iragarriz eta, gainera, eguna are gehiago girotu zuen artisau azokagaz. Elite mailako gizonezko afizionatuen finala izan zen ikusmin handiena piztu zuen neurketa. Egitarauko norgehiagoka nagusia izanda, herritarrek frontoiko harmailak bete zituzten. Gantzabale Elkarteko antolatzaileek final estua eta borrokatua aurreikusten zuten, baina azkenean agintari argiak eduki zituen: Unai Amiano eta Oier Elorz.
Bikote urdinak bere legea ezarri zuen kantxan, Eñaut Lizeagak eta Unax Landak osaturiko bikote gorriaren aurka. Gorriei, baina, den-dena nahastu zitzaien txapelketaren azkenengo jardunaldian: alde batetik, Landak hutsegite asko eduki zituen pilotakadak eroaterakoan, eta bikoteak, oro har, “ez zuen bere egunik onena” eduki; bestetik, urdinek egundoko maila plazaratu zuten, eta uneoro finalaren erritmoa markatu. Antolakuntzak Amianoren eta Elorzen partidu “solidoa” azpimarratu dute: “Oso serio agertu dira kantxan hasiera-hasieratik, ederto ulertu dute elkar, eta partidu osoan zehar nagusi izan dira”. Markagailuak, hain zuzen, Amianoren eta Elorzen aldeko partzial zapaltzaileak bistaratu zituen: 11 eta 1ekoa edota 12 eta 4koa islatu zuen. Azkenean, 22 eta 12koagaz irabazi zuten urdinek.

Argazkia: Xabier Zabala.
Hautagaitza argiagaz ekin zieten Lizeagak eta Landak Ajangizko finalari, Goñi Memorialaren finalean ere Amianoren eta Elorzen kontra jokatuta; Zumarragako azken partidu hartan nahi modura aritu ziren, baina maila haren islarik ez dute erakutsi asteburu honetan. Gainera, Ajangizko frontoian erakutsitako maila “ikusgarriagatik”, Amiano irundarrak jaso zuen pilotaririk onenaren saria: “Bere pilotakada bortitz eta bizkorrak egiten ikustea eta bere eskumutur abilaz gozatzea egundokoa izan da, eta saria merezimendu osoz eskuratu du”. Sari banaketan, txapelketaren antolatzaileek eta udal ordezkariek gonbidatu berezi bi eduki zituzten alboan: Ekain Lizeaga eta Aimar Morgaetxebarria. Biek ala biek Ajangizera bertaratzeko “prestutasuna” eduki zuten, garaileei txapela janzteko.
Harrobi lanaz.
Elite mailako afizionatuen finalaz gain, gaztetxoenen plaza ere izan zen Ajangiz. Txapelketaren lehen jardunaldietan benjamin, kimu eta haur kategorietako partiduak jokatu baldin bazituzten, finalean nesken norgehiagoka gehitu zitzaien aipatutako mailei. Benjaminak izan ziren kantxaratzen estreinakoak: Leiza eta Iglesias nagusitu zitzaizkien Iza anaiei, 18 eta 9, eta Iglesias izan zen pilotaririk onenaren saria jaso zuena. Kimuen finalean, Jurdan-Elene bikote mistoa nagusitu zen, 18 eta 7, Aratz eta Anderren kontra; Elene izan zen jokalaririk onena. Haurren neurketan, berriz, Lizar eta Xuban nagusitasun osoz, 18 eta 6ko markagailuagaz, gailendu zitzaizkien Beñat eta Sillonizi; Xuban aulestiarrak jaso zuen pilotaririk onenaren saria.

Argazkia: Kaku.
Nesken partiduan, aldaketak egon ziren: aurreikusitako lau pilotarietatik, Gastonek bakarrik jokatu zuen. Edozelan ere, antolatzaileek asmatu zuten egoerari irtenbidea ematen eta maila handiko partidua diseinatzen: Gastonek Lekerikabeaskoa izan zuen bikotekide, eta aurrez aurre eduki zituzten Latatu eta Barainka. Partidu horretan ez zuten txapelik banatu, baina 14-15 urtez azpiko pilotariek “maila ikusgarria” eskaini zuten pilota mistoagaz. Lekerikabeaskoa eta Gaston izan ziren azkenean garaile, 18 eta 10ekoagaz.
XI. ekitaldiaren balorazio “oso positiboa” egin dute antolatzaileek, eta lanak ondo amaituta biribildu dute txapelketa: “Pozarren gaude pilotariek erakutsitako mailagaz eta ikusle aldetik edukitako jarraipenagaz. Txapelketak asko eduki du ikuskizunetik, ezustekotik eta giro ederretik. Eguraldia lagun izanda eta artisau azokagaz ere bat eginda, finalen jardunaldia oso polita izan da”.