Gune urdinean aparkatzeko egoiliar txartela eskatzeko epea, zabalik
Mundakako Udaletik aditzera eman dutenaren arabera, Araututako Aparkalekuaren Zerbitzua arautzen duen ordenantzari jarraiki, hasi dira banatzen ibilgailuentzako egoiliarren bereizkariak; ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean gune urdina erabili ahal izateko baliatu ahalko dira bereizgarri horiek.
Beraien izenean dituzten ibilgailuentzako txartelen eskabidera banku helbideratzeagaz egindako herritarrek, azaldu dutenez, txartela etxean bertan jasoko dute, maiatzean zehar; halaber, kobratzea agindutako banku korronte zenbakian egingo zaiela argitu dute, udaletxean “bestelako izapiderik” egin behar barik. Era berean, eskaera egina ez dutenek baina egin gurako luketenek eskatzeko aukera dutela adierazi dute udaletik.
Aurtengo ikasturteari dagokion aparkaleku txartela nahi dutenek baina kobratzea helbideratzerik gabe egin nahiko luketenek udaletxera jo beharko dute; gauza berbera egin beharko dute enpresako ibilgailuentzako txartela eskuratu gura duten herritarrek, baita udalerriko enpresetara lanera joan beharra dutenek ere, kasu horietan ez baitute helbideratzeko aukerarik. Kasu horietan guztietan, 4,30 euro ordaindu beharko dituzte, eskabidea aurkezterakoan.
Dokumentazioaz.
Ordainketaz gain, kasu bakoitzari egokitutako dokumentazio espezifikoa aurkeztu beharko dute, eskaera egiterakoan. Herritarrek beren NAren, gidabaimenaren, ibilgailuaren zirkulazio baimenaren eta ibilgailuaren aseguruaren azkenengo ordainagiriaren kopiak entregatu beharko dituzte. Mundakako enpresen ibilgailuek, ostera, enpresaren IFKa, ibilgailuaren zirkulazio baimena eta ibilgailuaren aseguruaren azkenengo ordainagiria. Mundakan kokatutako enpresetako beharginek dokumentazio orokorra eta enpresako langilea dela eta zein ordutegi duen adierazten duen enpresa agiria. Enpresako ibilgailua darabilten mundakarrek ere dokumentazio orokorra aurkeztu beharko dute, baita ibilgailuaren eta enpresaren arteko hartu-emana erakusten duen enpresa agiria ere.