Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko jardunaldi bereziak egingo dituzte
Bizkaiko Foru Aldundiak Museoen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, hamaika proposamen aurkeztu ditu. Bermeoko Arrantzale Museoa eta Gernika-Lumoko Bakearen Museoa eta Euskal Herria Museoa izango dira protagonista, besteak beste.

Maiatzaren 18a Museoen Nazioarteko Eguna da. Aurten, beste behin, Bizkaiko Foru Aldundiak bat egin du, eta Bizkaia Museoz Museo, aukeratzeko beste lelopean, museo-eskaintza “aberatsa eta askotarikoa” herritarrei hurbiltzeko asmoa daukate arduradunek: “Bizkaiko Museoen Nazioarteko Eguna gure historia, artea eta kultura zaindu eta partekatzeko guneak ezagutzeko eta haietaz gozatzeko gonbidapena da. Ikasteko, hausnartzeko eta gure nortasunarekin konektatzeko aukera bat, gure lurraldeko museo-aberastasunaren bidez”. Hala, aldundiaren eta lurraldeko museoen ordezkaritzek hamaika ekimen aurkeztu dituzte. Urtero legez, Museoen Nazioarteko Egunaren ospakizunaren helburua “museoak kultura-trukerako eta kulturak aberasteko bitarteko garrantzitsuak direla kontzientziatzea” dela azpimarratu dute.
“Museoen Nazioarteko Egun hau ez da soilik kulturaren ospakizun bat. Kulturgune horiek, museoek, gure gizartean betetzen duten funtsezko zereginaren hausnarketa eta aintzatespena sustatzen dituen eguna da, hain zuzen ere. Gure historiaren, kulturaren eta nortasunaren zantzuak dira”, gaineratu du Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatuak. Horregatik, Foru Erakundeak Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko helburuz, datorren domekan (maiatzak 18) Abandoibarran ekimena antolatu du, 11:00etatik 19:00etara ikus-entzuneko pieza batez gozatzeko aukera eskainiz. Azaldu dutenez, Bizkaiko 45 museotan barrena ibilbidea egin ahal izango da bertan, “museoen aniztasuna eta aberastasuna ezagutzeko aukera emanez”. Egun eta gune horretan, txikienentzako tokia ere izango da. Izan ere, 5 eta 11 urte bitarteko haurrei zuzendutako tailerren gunea jarriko dute, 11:00etatik 15:00etara, haurrek ere museoekin lotutako sorkuntza eta hezkuntza-jardueretan parte hartzeko.
Bilboko hitzordu horretaz gain, Bizkaiko museoek jarduera bereziekin eta doako sarrerekin ospatuko dute maiatzaren 18a. “Askotariko kultur programazioa” prestatu dute, batik bat, ate irekiak, bisita gidatuak, kontzertuak eta tailerrak nagusi izanik.
Busturialdeak ere presentzia nabarmena izango du horretan. Domekan bertan, Gernika-Lumoko Bakearen Museoak ate irekien jardunaldia eskainiko duen heinean, Euskal Herria Museoak sarrera librea ahalbidetuko du. Era berean, Kortezubiko Santimamiñen bisita gidatuak doakoak izango dira.
Bermeo ere ez da atzean geldituko; maiatzaren 15ean (eguena), 18:00etan, Arrantzaleen Museoan Juan Antonio Apraizen erakustaldiaz gozatzeko aukera izango da, Gure arrantzaleen arrantza; ikusi-ikutu-erabili erakustaldiarekin. Ekimen horren bidez, Bizkaiko kostaldean erabiltzen diren arrantza-aparailuak ikusi, ukitu eta erabiltzeko aukera izango dute bisitariek. Maiatzaren 16, 17 eta 18an Arrantzaleen Museorako sarrera doakoa izango dela ere aurreratu dute, beregain, Museoen Nazioarteko Eguna eta Bermeoko Arrain Azokak bat eginez.