Ibarrurin hasiko dira Busturialdeko Inertzia Kopa eta Euskal Kopa
Ibarruriko I. Goitibehera Lasterketa egingo dute datorren zapatuan [maiatzak 10], 16:30ean hasita. 30 lagunetik gora aurreikusten dituzte, eta jaitsiera jai giroagaz uztartuko dute.
Iazko estreinaldi arrakastatsuaren ondoren, eskualdeko udalerrik, herri nahiz auzoetako jaitsierak goitibeheren eskualdeko lehiaketaren zain daude. II. Busturialdeko Inertzia Kopa hasteko puntuan dago. Aurten, Muxikako hitzordua San Romanetik Ibarrurira lekualdatuko dute eta, hain zuzen ere, bertan ekingo diote txapelketari. Zapatuan [maiatzak 10] koparen estreinako proba lehiatuko dute: Ibarruriko I. Goitibehera Lasterketa. 16:30ean ipini dute hitzordua, Eleizalden, baina gauera arteko egitaraua prestatu dute elkarlanean Trokan Behera Inertzia Taldeak, Muxikako Udalak eta Erdu! Muxikako Gazte Asanbladak.
Lasterketa berezia izateko osagai guztiak ditu, aurtengo Euskal Koparako lehendabiziko proba puntuagarria ere izango baita. Hala, gaur-gaurkoz, 30 lagun inguru daude izena emanda, tartean, goitibehera lasterketetako eskualdeko espezialista nagusiak. Antolakuntza lantaldea “oso pozarren” ageri da parte hartzaileen erantzunagaz: “Lasterketa antolatzen dugun lehen aldia eta eskualdeko koparen lehen hitzordua izanda, jasotako erantzuna polita da”.
Burdaria eta Eleizalde arteko jaitsierak 800 metro inguru ditu, “teknikoak, estuak eta penditz handikoak”
Antolatzaileek 800 metroko jaitsiera laburra baina “oso teknikoa” prestatu dute, Burdaria auzoan hasita eta Eleizalden bukatuta. Ibilbidearen penditza nabarmendu dute, “oso esanguratsua” baita. Aldapa, baina, ez da parte hartzaileek aurre egin beharko dioten oztopo tekniko bakarra izango: “Hiru puntu interesgarri egongo dira. Hasi bezain pronto, ondo hartu beharreko bihurgune arriskutsua dago; babestuta egongo da, baina ez da erraza. Jarraian, beste bihurgune bizkor bat egongo da. Ostean, chicane bat topatuko dute partaideek. Gainera, errepidea oso estua izango da, jaitsiera osoan”.
Goitibehera jaitsiera bakoitzak bere testuingurua duen eta tankerako probetan hautagaitza argiak azpimarratzea gaitza den jakitun, antolatzaileek “lehia estua” egongo dela uste dute. Hori bai, badira beharbada gainontzekoak baino kokatxo bat gorago aritu daitekeen parte hartzaileren bat edo beste: “Eskualdeko koparen iazko garaileak, Koldo Betanzos eta Urko Lekerikabeaskoa, dira faborito nagusiak. Iazko garaipenak emandako konfiantzagaz eta Euskal Kopan ere erakutsitako maila handiagaz, lehian bete-betean murgilduta ibili beharko litzateke bikote hori. Dena dela, goitibehera berria plazaratuko dute Ibarrurin eta, hortaz, ikusi beharko da material horretara ohituta dauden ala ez”.
Prestakuntzarako jaitsiera bat eta lehiarako bi egin beharko dituzte parte hartzaileek
Eguneko egitarauari dagokionez, lehenik eta behin ibilbidea ikuskatzeko txanda bat egingo dute parte hartzaileek; bakoitzak prestakuntza jaitsiera bakarra egin ahalko duela gogoratu dute antolatzaileek. Ondoren, beste bina txanda ofizial egin beharko dituzte, eta bi horietako denborarik bizkorrena hartuko dute kontuan. Partaide denek lanak amaituta dituzteneak ekingo diote, helmuga eremuan, sari banaketa ekitaldiari, 19:30ak inguruan. Eskualdeko goitibehera jaitsierak “jai inguruan” izan ohi direnez, Ibarrurikoa ere ez da gutxiago izango. Hain zuzen, Erdu!-k afaria antolatu du parte hartzaile nahiz ikusleentzat; afalostean, gainera, musika ipiniko dute, jai giroan. Afaritarako ere, erantzun aparta jaso dute antolatzaileek: “40 lagun inguru daude izena emanda; kopuru ederra, beraz”.
Gainontzeko hitzorduak.
Sei lasterketaz osaturik egongo da II. Busturialdeko Kopa. Ibarruriko zitaz gain, hurrenez hurren, Ajangizek (maiatzaren 17an), Gernika-Lumok (abuztuaren 15ean), Gautegiz Arteagak (abuztuaren 31n), Muruetak (irailaren 7an) eta Mendatak (urriaren 4an) osatuko dute. Proba oro aipatutako bi lehiaketarako baliagarria izango dela iragarri dute, Ajangizkoa izan ezik: “Jaitsiera hori Busturialdeko Inertzia Koparako puntuagarria baino ez da izango”.