1.260 haur izango dira protagonista Eskolarteko Dantzari Egunean
35. edizioa izango du aurten Gernika-Lumoko Eskolarteko Dantzari Egunak. "Erritmoa memoria-ekitaldi bihurtzeko helburuz", San Kristobaleko aparkalekuan dantzatuko dute 3 eta 12 urte bitarteko 1.260 ikasleek.

“Erritmoa memoria-ekitaldi bihurtzeko asmoz”, 3 eta 12 urte bitarteko 1.260 ume izango dira protagonista 35. Gernika-Lumoko Eskolarteko Dantzari Egunean. San Kristobaleko aparkalekua eszenatoki izango dute domekan (maiatzak 11). Azaldu dutenez, nahiz eta euria egin, ekitaldiarekin aurrera jarraituko dute, baina Merkatu plazan.
Gernika-Lumoko Udaleko Hezkuntza Arloak antolatutako ekimena da, “belaunaldien arteko jarraipenaren eta konpromiso kulturalaren sinbolo gisa” hartzen den eguna. Antolatzaileek gogoratu bezala, bost ikastetxetako ikasleek parte hartuko dute: Seber Altube Ikastolakoek, Allende Salazar Herri Ikastetxekoek, Barrutia Ikastetxekoek, Mertzede Ikastetxekoek eta San Fidel Ikastolakoek. “Eskola bakoitzak dantzen erakusketa bat prestatu du ikasturtean zehar, eta horiek ere sustraitzeko modu bat dira”, gaineratu dute.
11:00etan, kalejiragaz hasiko dute programa: “Herrigunea txistuaren erritmoan zeharkatuko du kalejirak, eta jaia bizilagunei iragarriko die”. 11:30ak aldera, berriz, txikienek, ekitaldiarekin hasteko, “dantza tradizionalak” eskainiko dituzte: agintariena eta ezpata joko txikia. Nagusiagoek, jarraian, Gipuzkoako dantzen sorta interpretatuko dute: makil txikia, euzko dantza, arku-dantza, zinta dantza, fandango eta arin-arina. Gero, Nafarroa Behereko martxarekin amaituko dute dantza erakustaldia.