"Euskara nire bizitzan ez balego, ez nintzateke ni neu izango"
Herriko gazte mugimenduetan murgilduta dagoen heinean, Euskaraldiaren hamaikakoaren parte da Irune Astiazaran Allika bermeotarra. Batik bat gazteen artean euskararen garrantzia hauspotzeko prest dago.

Euskarak pisu handia izan du, eta du bermeotarraren bizitzan. Irune Astiazaran Allikak herriko Euskaraldiaren hamaikakoaren parte izatea espero ez bazuen ere, argi du Bermeo moduko herri batean aldaketaren beharra dagoela.
Bermeoko Euskaraldiko hamaikakoan zaude. Zer suposatzen du horrek zuretzat?
Konpromiso bat suposatzen du. Azken finean, nire egunerokoan ia %100ean euskara erabiltzen duen pertsona naiz, salbuespenak salbuespen. Izendapen honekin, baina, nolabait neure burua behartuko dut euskara ulertzen duen orori euskaraz hitz egitera. Neure buruarekiko konpromiso hori hartzeko prest nago.
Espero zenuen?
Egia esanda, ez. Hamaikakoa prestatzen zebiltzala esateko idatzi zidaten lehenik; Bermeoko kaleetan zehar jendearen proposamenak biltzen aritu ondoren, besteak beste, nire izena irten zela azaldu zidaten, gazte mugimenduetan sartuta ibiltzeagatik izendatu nautela. Ez nuen espero, ez, inondik inora ere.
Zein eginkizun dituzu hamaikakoaren kide bezala?
Ez nago ziur oraindik. Arlo desberdinetan eragiten edo lan egiten duen jendeak osatzen du Bermeoko Euskaraldiko hamaikakoa, profil desberdineko jendeak. Esan bezala, nire kasuan, herri eta gazte mugimenduetako kide izateagatik izendatu nautenez, suposatzen dut nire eginkizunak esparru edota espazio horretan eragitearen aldekoak izango direla, gazteen artean euskararen garrantzia hauspotzea, batik bat.
Zelako pisua du euskarak zure bizitzan?
Niretzat beti izan du, eta izango du pisu handia. Bai euskarak, bai bermeotarrak. Nire ustez, bermeotarra ez da euskalki bat bakarrik. Bermeotarra nortasuna ere bada; beraz, euskaraz, edo are gehiago, bermeotarrez hitz egitea nire zati bat da. Euskara nire bizitzan ez balego, ez nintzateke ni neu izango.
Eta Bermeo moduko herri batean?
Bermeo bere osotasunean oinarritzat hartuz, handia; gaur egungo Bermeon, ordea, bat ere ez. Kaleetan argi ikusten da arrakala bat dagoela. Zaharrek euskara erabiltzen dute, bai. Baina badago hor adin tarte bat, ez dena euskararik erabiltzen. Gazteek, beraz, hori ikusirik, are gutxiago erabiltzen dute. Bermeo moduko herri batean beti izan du pisu handia, eta oraindik ere izan beharko luke, baina ez da horrela. Jendeak ez du euskararen garrantzia ulertzen edo ez du ulertu nahi.
Txarto ikusten duzu, beraz, egungo herriko egoera.
Oso txarto. Gazteak ez dira euskaraz hitz egiten ikusten, eta hori ikusten dutenetik dator, eredutzat dituztenetatik. Gazteek ez dituzte nagusiak euskaraz berbetan entzuten, eta beraz, beraiek ere ez dute euskaraz hitz egiten. Arazo bat da. Lehen esan dudan bezala, Bermeo Bermeo da kulturagatik, baina bere euskaragatik ere bai. Bermeo beti izan da herri euskalduna; kanpora zoazenean eta Bermeokoa zalera esaten duzunean, euskararekin lotzen zaituzte jarraian, eta tamalez, gaur egun ez da horrela.
Atzera begiratuz, eta egungo egoera hori ikusirik, esango zenuke kezka dela hitza?
Bada, bai. Euskara galdu egin da herrian; txakurrei edo hiru hilabete dituen haurrari bakarrik egiten diete herritar askok euskaraz. Egunerokotasunean, baina, deus ere ez. Kezkatzeko modukoa da, bai.
Nondik dator euskararen erabileraren jaitsiera, zure ustez?
Uste dut modak direla, eta euskaraz hitz egitearen moda hori ez zaigula bueltan etorriko. 80 eta 90eko hamarkadetan hainbat borroka desberdin bizi zituzten herriko zaharrek, eta beraz, euskara berebizikotzat dute. Gaur egun, ordea, beste moda batzuk ditugu, eta inguratzen gaituen guztia erdaraz heltzen zaigu: reggaetoia, telesailak, etabar. Espainiar kultura oso geureganatuta dugula esango nuke, eta txarrena da ez digula axola.
Argi esan duzu ez dela euskararen moda hori bueltatuko.
Bai, horrela uste dut. Jendeak barne-hausnarketa bat egin ezean, eta Bermeo moduko herri batean euskara barik bizitzearen arazoa ulertu ezean, jai dugu. Hori aldatzeko saiakerak, gainera, ez dira falta. Horretan jarduten dugu gazte mugimendu desberdinek, era batera edo bestera. Baina, talde batek horren alde borrokatzea ez da nahikoa, herritarrek erantzuten ez badute.
Etxalak Bermeoko Euskara taldeko kide ere bazara. Zein da taldearen helburua?
Lagun batzuk eman zidaten taldearen sorreraren berri, eta horren parte izateko gonbidapena egin zidaten. Ez nuen pentsatu, noski. Segituan eman nuen baiezkoa. Bermeoko euskararekiko arazo hau mahaigaineratu, eta horri konponbideak bilatzeko helburuz jaio zen taldea, eta horretan jarduten dugu egunero. Ez dakigu konponbiderik duen, baina gure saiakera hori, behintzat, ez da faltako. Herritar guztiei dei egiten dion taldea den arren, batez ere gazteei bideratutakoa da. Ze, 16-18 urtegaz hasten gara, gutxi gorabehera, bakoitzaren nortasun eta izaera ulertzen eta finkatzen, eta horretan eragin nahi dugu talde bezala.
Zertan jarduten duzue?
2024ko abenduan sortu genuen taldea; beraz, ez daramagu denbora asko. Hala ere, hamaika ekintza antolatzen saiatzen gara, herriko gazteen artean euskara sustatzeko asmoz. Adibidez, mendi irteerak egin ditugu, hezkuntza zentroetan ere egon gara hitzaldiak ematen, manifestazio desberdinetara ere talde gisa joan gara eta euskal dantza tailerrak ere antolatu izan ditugu. Herri lasterketan ere kartel batekin agertu ginen, herritarrei ‘hemen gaudela’ esateko. Ze, zertarako balio du guk, talde gisa, euskararen alde borrokatzea, herritarrek gure berri ez badute?
Garrantzitsua da herriko gazteek ikusten dituzten arazoei konponbideak bilatzeko antolatzea?
Bai, noski. Uste dut edonork herrian arazo bat identifikatzen badu, ezin dela itxaroten gelditu; konponbidea zein den jakinda, konpontzen saiatzea garrantzitsua da, nahiz eta ezer ez lortu. Nik beti esan dut, konponbidearen parte izan naitekeela uste badut, horretan jardungo dudala. Saiakera da balio duena horrelakoetan; beste norbaitek egiteari itxaroten ez gelditzea. Aldaketa oro, hastekotan, pertsona baten saiakeratik hasten da, eta gutxika joaten da zabaltzen.