Bermeoko VI. Warhammer lehiaketak 26 talde elkartu ditu Artzan
Bermeoko Rol Eskola Elkarteak txapelketaren balorazio "oso positiboa" egin badu ere, laguntza jaso ezean zazpigarren edizioa arriskuan dagoela jakinarazi dute.

80eko hamarkadaz geroztik, munduan zehar milaka eta milaka jarraitzaile bereganatu ditu Warhammerrek, estrategia oinarritutako rol jolasak. Azken urteetan, gainera, jolasari buruzko egindako ikus-entzunezkoek kuxkuxero berriak hurbildu ditu miniaturez osatutako fikziozko unibertso horretara, eta horren adierazle da asteburuan Artza udal pilotalekua bete zuen Bermeoko VI. Warhammer lehiaketa.
Bermeoko Rol Eskola Elkarteak (BREE) antolatutako txapelketaren seigarren aldiak handik eta hemendik etorritako Warhammer 40k jolas futuristaren zaleak bildu ditu, eta antolatzaileek balorazio “oso positiboa” egin dute: “Txapelketa ikaragarria izan da, dena oso joan da eta parte hartzaile eta ikusleak oso pozik geratu dira”. Aurreko urteetan bezala, zapatu eta domekako jardunaldiak “intzidentziarik gabe” gauzatu direla nabarmendu dute BREEtik.

Argazkia: Bermeoko Udala
Aurten hamaika txoko ezberdinetatik iritsitako 26 talde eta 156 parte hartzaile bertaratu dira Artzara. Aurreko bost edizioetan bost irabazle ezberdin izan ditu txapelketan, baina aurtengo irabazlea ezaguna izan da, iazko talde berak eskuratu baitu garaipena: Gasteizko BattleBunker taldeak. Bigarren postuan, berriz, Galiziatik etorritako Nikandakka taldea sailkatu zen eta hirugarren, Aibalaostia txo! talde bizkaitarra. Jeneral oneraren saria Alvaro Perezek jaso zuen, eta hoberen margotutako armadaren saria, berriz, Jon Vivancok. Denen arteko onenaren saria ere banatu zuten, Victor Tejak bereganatu zuena.
Streaming-a, lehengoz.
Seigarren aldia berrikuntzekin etorri da, estreinakoz txapelketa streamingean eman baitute Twitch plataformaren bidez —PaladinesdeTerra kanalean ikusgai dago—, eta horren ardura hartu duena “liluratuta” gelditu dela nabarmendu dute antolatzaileek: “Poz-pozik geratu da, herria oso polita iruditu zaio, izugarrizko giro ona eta antolakuntzak detaile txiki guztiei erakutsitako arreta nabarmendu ditu”.
Izan ere, detaile txiki horiek zaintzea da BREEren ezaugarrietako bat: “Apaingarri gisa, esaterako, 26 taldeen logoa hartu eta estandarte batzuk egin genituen, eta taldekideak hurbiltzen zitzaizkigun ea erosi ahal zuten galdetzera, eta azkenean opartitzea erabaki genuen”.

Warhammer lehiaketan banatu zituzten sariakBermeoko Udala
Arrakasta handia izan badu ere, antolakuntzak txapelketa aurrera eramateko “lan handia” egin behar izan dutela zehaztu dute: “Imajinatu ezin den lana da, eta beti izaten bagara pertsona gutxi lanean, aurten oraindik gutxiago izan gara. Oso nekatuta bukatu dugu”. Horregatik, ez dira ausartzen datorren urtean Warhammer lehiaketa antolatuko duten edo ez baieztatzera: “Udaleko kultura sailagaz batzartuko gara eta bertan plazaratuko dugu zer behar dugun. Lortu ezean aukera asko daude lehiaketa ez errepikatzeko, ez behintzat datorren urtean”. Hala ere, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako, zein beste leku batzuetako talde asko “ahal duten guztian laguntzeko prest” agertu direla azpimarratu eta eskertu gura izan dute BREEtik.

BREEko antolakuntza taldeaBermeoko Rol Eskola Elkartea
Bizkaiko Open sariketa.
Bermeoko VI. Warhammer 40k lehiaketa igarota eta atseden hartu aurretik, BREEko kideak ekainaren 21erako antolatuta duten Bizkaiko Open torneoari begira daude. Warhammer banakako Munduko Kopara sailkatzeko leiho bat izan daitekeen lehiaketa baina, elkartearen lokalean egingo dute (Esparru kalea, 1), eta izen ematea zabalik dago, plazak bete bitartean; “Printzipioz 20 pertsonak parte hartu dezakete, baina jende gehiagok izena eman nahiko balu, beti dago leku apur bat egiteko aukera. Lokalean ezin ditugu 50 pertsona sartu, baina beharko balitz zeozer handitu ahal dugu partaide kopurua”. Jakinarazi dutenez, dagoeneko 20 plazetatik 16 beteta daude. Izena eman gura duenak gtbermeo40k@gmail.com helbidera idatziz egin dezake.