Zuzenketa publiko "argia eta beheralakoa" eskatu dio gobernu taldeak EAJri
EAJren adierazpenek "marra gorria" gurutzatu dutela aldarrikatu du Nadia Nemeh Bermeoko alkateak, eta udalaren kudeaketa "arduratsua eta orekatua" izan dela defendatu du.

Bermeoko Udalak 2024. urteko aurrekontuaren kitapenaren berri eman, eta EAJk emandako adierazpenak salatu ditu. Udal gobernu taldeak “zuzenketa publiko argia eta berehalakoa” eskatu die jeltzaleei, eta horrela egin ezean, “pentsatzen dituzten pausoak” emango dituztela jakinarazi dute.
Nadia Nemeh Bermeoko alkateak jakinarazi duenez, 2024ko kitapenaren emaitza 102.003,20 eurokoa izan da, eta diruzaintza gerakina, 23.306,10 eurokoa. Aurrekontuaren exekuzioari dagokionez, gastuen betetze maila %82,70koa izan dela argitu du alkateak, eta onartutako betebeharrena, berriz, %91,12koa. Sarreren betetze maila %83,42koa izan zen. Datu horiek udalaren kudeaketa “arduratsua eta orekatua” izan dela erakusten dutela defendatu du Nemehk.
Udal gobernuko kideek aurrekontuan aurreikusitako dirua erabili dela, eta hori “kudeaketa on baten adierazle argia” dela nabarmendu dute: “Udal batek bere baliabideak helburu zehatzetara bideratzea eta hauek gauzatzea funtsezkoa da, eta 2024an hori bete egin da”.
Idoia Platas zinegotzi jeltzaleak dirua nora doan argitzea “beharrezkoa” zela nabarmendu zuen, eta Nemehk jakinarazi du soberakina “bi ildotako ordainketak” egitera bideratu dutela: 450.000 euro egonkortze prozesutik eratorritako indemnizazioetarako, eta 721.000 euro, Udalkutxara bueltatzeko.
Desleialtasun politikoa.
“Oposizioak udal gobernu baten kudeaketari kritikak egitea normala da. Guk gobernatzeko modu bat daukagu, eta EAJk beste bat: modelo oso ezberdinak gara, eta kudeaketa edo eredua salatzea ulertzen dugu. Baina EAJko ordezkariak ea non dagoen dirua galdetzen duenean, normaltasuna apurtzen da, eta desleialtasun politiko bat agertzen da”, adierazi du Nemehk. Azpimarratu du horrelako galderek “ardura politiko eza eta herritarren artean susmoa zabaltzeko arriskutsua den jarrera” erakusten dutela, “udalaren sinesgarritasuna eta gobernantza kolokan jarrita”.
Alderdi jeltzalearen adierazpenak “marra gorria” gurutzatzea direla nabarmendu dute: “EAJk badaki zertan gastatu diren zentimo guztiak, batzorde eta osoko bilkura guztietan informazio guztia eman da, gardentasun oso onagaz”. Horrez gain, alderdi jeltzaleari adierazi diote “gezurrekin eta maltzurkeriekin ibiltzea ez dela bide egokia”: “Egin duzuenak ez du laguntzen udalean giro egokia izateko, udal gobernu hau hasieratik ahalegindu den moduan”.
EH Bilduk eta Guzanek osatutako udal gobernuko kideek nabarmendu dute oposizioaren kritikak “kontrajarriak” direla: “EAJren aurreko agintaldian abiatutako egonkortze prozesuak ordainsari edo indemnizazio batzuk zekartzan jada aurreikusita. Prozesu horren oinarriak euren gobernu garaian ezarri ziren, eta hortik eratorritako kostuak 2024ko aurrekontuan islatu ziren, 450.000 euro gordeta”. Nemehk adierazi bezala, hori ez da egungo udal gobernuaren ardura, “aurrekoen kudeaketa eta aurreikuspen faltaren ondorio zuzena baizik”.
Horrez gain, iragan astean udal gobernu taldeak aurkeztutako mozioa gogoratu du, zeinetan Udalkutxari “denon dirua beste modu batera kudeatzea” eskatzen zioten. Mozioa EH Bildu eta Guzanen aldeko botoekin onartu zuten, eta EAJkoek kontrako botoa eman zuten: “Bizkaiko Foru Aldundiak Udalkutxatik 721.000 euro kendu dizkio udalari urte amaieran, eta kontrako bozka emanda, alderdi jeltzaleak euren lehentasun politikoa alderdiaren interesak herritarren gainetik jartzea dela argi utzi zuen”.
Difamazioen kontra.
Xabi Ortuzar alkateoardearen hitzetan, udal gobernu taldeak hasieratik kolaborazioetarako jarrera erakutsi du: “Beti euren eskuetan izan dute eskatu duten dokumentazio guztia, eta eskuartean ditugun plan guztiak ere azaldu dizkiegu batzorde guztietan. Uste dugu guk emandako tratuak ez duela justifikatzen euren jarrera”. Adierazi du gobernu taldearentzat “desesperagarria” izaten hasi dela beti “susmo edo difamazioen kontra” aritu behar izatea, eta oposizioari eskatu dio “gaitzusteko intsinuazioen bidea” uzteko: “Zeozer txarto egiten badugu, argi dugu badutela non salatu; zeozer txarto ikusten dutenean, salatu dezatela argi eta garbi, baina utzi dezagun herrian susmoak zabaltzearen bidea”.
Era berean, “sare sozialetan profil faltsuekin difamazioak zabaltzearen bidea eta herria polarizatzeko joera ez justifikatua” uzteko deia egin du Ortuzarrek: “Buelta gaitezen elkarlanaren bidera. Eskatu ditzagun, bermeotar modura eta alderdien gainetik, denok batera eta tokatzen den lekuan, Bermeorentzako, gure herriarentzako onurak. Izan dezagun gure herriagaz ere aldundiagaz eta Eusko Jaurlaritzagaz dugun begirune eta errespetua”.
Udaletik herritarrei “lasai” egoteko deia egin diete, eta udalaren egoera ekonomikoa “ona” dela argitu dute, kudeaketa eredua “sendoa eta gardena” dela zehaztuta: “Gobernu taldearen helburua beti izan da herritarren interesak lehenestea, eta horretan jarraituko dugu lanean”.