Sormena eta tokiko merkataritza nahiz ekoizpena, Ibarrangeluko VIII. Azokan
Bi urterik behin antolatzen dute Ibarrangeluko Azoka, eskualdeko sormena eta tokiko merkataritza nahiz ekoizpena sustatzeko asmoz. Gaur (maiatzak 3) eguraldia aldeko dutelarik, herritarrak goi-goitik ari dira azokaz gozatzen.

Ibarrangeluko VIII. Azokaz gozatzen ari dira herritarrak gaur (maiatzak 3). Izan ere, herritar orori zuzendutako denetariko eskaintza gastronomikoa, artisautza, sorkuntza eta aisialdi aukerak edukiko ditu ardatz azokaren VIII. aldi horrek. Eguraldia ere aldeko dute, eta giro herrikoia nagusi da Ibarrangelun, bi urterik behin antolatzen duten azokan; Ibarrangeluko Azoka Taldeak antolatzen du azola, udalagaz eta Kutxabankegaz lankidetzan.
Elexaldeko azokagunean hala Ibarrangeluko, nola Busturialde osoko produktuak egon dira salgai eta ikusgai, eskualdeko sormena eta tokiko merkataritza nahiz ekoizpena baitu jomuga ekimenak. 11:00etan eman diote irekiera azokari, eta ordu horretatik aurrera bisitariek postu denetan kuxkuxeatzeko aukera aproposa dute.
Hegaluzea kontserban, patea, eztia, gazta, ogia, marmelada ekologikoa, txakolina, baserriko produktuak, euskal pastela, pasta, sendabelarra, artisautza produktuak, eskuz eginiko jantziak, loreak eta bitxigintza zein ehungintza produktuak dira, besteak beste, Ibarrangeluko VIII. Azokak eskaintzen dituen produktuak.
Gainera, bertaratu direnek artisau eta ekoizleek zein modutan lan egiten duten ikusteko aukera paregabea izan dute. Hain zuzen ere, zeramikariak, artile zein larru artisauak, gorulariak edota ehoziri lanak ontzen dituzten sortzaileak azokagunean bertan beharrean ari dira.




















