Lauaxeta omendu du Gernika Memoriaren Lekukok, askatasunerako zubi izanagatik
Prentsa Askatasunaren Nazioarteko Eguna (maiatzak 3) baliatu du Gernika Memoriaren Lekuko plataformak Estepan Urkiaga Basarats 'Lauaxeta'-ri omenaldia egiteko. Mungiako Haizetara elkartearekin elkarlanean antolatu du plataformak ekitaldia, eta "txikitasunean handi den liburu bat" aurkeztu dute.

Maiatzaren 3a Prentsa Askatasunaren Nazioarteko Eguna da. Hori tarteko, Estepan Urkiaga Basarats Lauaxeta-ren jaiotzaren 120. urteurrena omendu du gaur (maiatzak 3), Gernika Memoriaren Lekukok, Mungiako Haizetara elkartearekin batera, Gernikako bonbardaketaren 88. urteurreneko azken ekimen gisa. Azaldu dutenez, urtero izan ohi dute seinalatuta egun hau, eta orain arte, Pablo Gonzalez kazetariaren aldeko aldarrikapenez jantzi izan dute: “Pablo Gonzalez jada ez dago espetxean, baina oraindik, beste modu batera bada ere, errepresioa pairatzen du. Guk, hemendik, eta Busturialdetik Pablo Gonzalez etxean gura dugula aldarrikatzen jarraituko dugu”.
“Efemeride berezi bat” betetzen dela nabarmendurik, Lauaxeta izan dute mintzagai gaur eguerdian, Merkurion: poeta, kazetaria eta literatur-ekintzaile izan zen laukiztarra, eta duela 88 urteko apirilaren 29an, Gernikako bonbardaketaren testuinguruan, Gernika-Lumon bertan atxilotu egin zuten. “Nazioarteko kazetari desberdinak ekartzen zituen Lauaxetak hona, Gernika-Lumora, munduari hemen gertatzen ari zen sarraskiaren berri emateko. Horren ondorioz, atxilotua, espetxeratua eta ekainaren 25ean erahila izan zen”, azaldu dute Gernika Memoriaren Lekuko plataformako kideek. Hori aintzat hartuz, Prentsa Askatasunaren Nazioarteko Eguna baliatu du plataformak, Haizetara elkartearekin elkarlanean, Lauaxetari “merezitako omenaldia” egiteko.
Lau haizetara ezizenagaz ere ezaguna zen Lauaxeta. Izan ere, jaio zen baserriaren (Laukiz) izenaren laburpena hartu zuen ezizen gisa. Horregatik, Gernika Memoriaren Lekuko plataformako kideez gain, Mungiko eta Laukizko errepresentazioa ere bertaratu da, gaur goizean, Lauaxetaren oinordekoez eta senideez gain. Militantea ere izan zela gaineratu dute, oro har, Haizetara elkartekoek, eta Lauaxetaren itzala azpimarratu dute: “Lauaxetari buruz asko idatzi eta esan da, zorionez. Baina, Lauaxetaren itzala ere azpimarratu nahiko genuke. Hain zuzen ere, askotan gertatzen ez den moduan, bere figura irautaraztea lortu da; gaur egun oraindik oso bizirik mantentzen den figura da berea. Horrek, bere itzalean jende asko geratzea ekarri du. Lauaxetak, baina, nola edo hala, horiek guztiak ordezkatzen dituela uste dugu, eta bere belaunaldikide asko eta askoren ordezkari da, bide batez”.
Astasunerako zubi gisa ere definitu dute, batik bat, idazle ohia: “Zeharkako figura, edo figura zubigilea izan da, eta da oraindik Lauaxeta. Memoriaren eraikuntzan pauso handiak eman zituen, eta herri honen askatasunaren alde ere asko borrokatu zuen”. Omenaldian, kulturak eta arteak ere askapenerako bide horretan duten garrantzia azpimarratu dute behin eta berriz. Horren erakusle dira, Ibai Amillategi eta Aitor Etxebarriazarraga bertsolariak eta Asier Zugadi abeslariak, goiza soinutzen aritu baitira. Maitane Azurmendiri ere berebiziko aipamena egin diote; berak egindako ilustrazioa hartu dute omenaldiaren ikur gisa. “Ilustrazioan Lauaxetaren betaurreko ezagunak islatzen dira, gainean tiroak dituelarik. Bere heriotzaren islada izan daitekeen ilustrazioa da”, esan dute antolatzaileek. Bertaratutako bakoitzak, gainera, lore bat eskaini dio Lauaxetari, Azurmendiren ilustrazioaren azpian bana-banaka kokatuz.
Txikitasunean handi. “Ezusteko txiki bat” ere aurkeztu du, horrez gain, Gernika Memoriaren Lekuko plataformak, “poztasun handiz”. Hala nola, “txikitasunean handi den proiektua” aurrera ateratzea lortu dutela esanez, Gernika Memoriaren Lekuko liburua aurkeztu dute, omenaldiaz jarraituz. “Gure ikuspuntu eta begirada nonbaiten idatzia geratzea nahi genuen. Gaur esan dezakegu, begirada horrek argia ikusi duela, euskarri fisikoa jasoz”, goraipatu dute. Sabin Ibazeta Gernika Batzordeko kideak horren inguruko xehetasunak eman ditu, bere gain: “Oso esanguratsua den liburua da, eta Euskal Herriko hiru hizkuntzetan idatzia dago: euskera, gaztelera eta frantzesa. Auzolanean eginda dago liburua, baina idazketa prozesua Josu Barandikak egin du”. Jakitera eman dutenez, plataformatik zabalkuntza prozesu bat egingo dute, hainbat erakunde eta espaziotan utziz. Herritarrek, baina, Gernika Memoriaren Lekuko plataformaren webgunean eskuratu ahal izango dutela aurreratu dute, PDF formatuan.