Gernika-Palestinak Gazako Askatasunaren Ontzidia erasotu dutela salatu du
Gazako Askatasunaren Ontzidiko 'Conscience' ontziak nazioarteko uretan jaso berri duen erasoa "irmoki" salatu du Gernika-Palestina Herri Ekimenak, eta "euskal instituzioen parte-hartzea" exijitu dute.
Gernika-Palestina Herri Ekimenak jakinarazi duenez, Gazako Askatasunaren Ontzidiaren Koalizioak indarkeriarik gabeko ekintza bat antolatu du zentsura informatiboaren aurrean, balizko sabotajea saihesteko. Horretarako, alegia, “21 herrialde baino gehiagotako boluntariok” Maltara bidaiatu zuten, “Gazako misioari ekiteko”. Baina, programatutako irteeraren goiz berdinean, 00:23ean, itsasontzia erasotu dutela salatu du herri ekimenak: “Armatutako droneek bi aldiz eraso diote armarik gabeko ontzi zibil baten brankari, sute bat eta kroskoan zulo handi bat eraginez”.
Itsasontzia nazioarteko uretan dago oraindik, esan dutenez, eta izandako azken komunikazioak adierazi duenez, “droneak oraindik itsasontziaren gainetik daude”. Southern Cypressen ontzi bat bidali dela ohartarazi du Gernika-Palestinak, baina “ez du laguntza elektrikorik ematen”. ” Droneek eragindako erasoak ontziaren sorgailuari nahita eraso diola dirudi, tripulazioa elektrizitaterik gabe utziz eta ontzia hondoratzeko arrisku larrian jarriz”, gaineratu dute.
Tripulazioaren parte direnen artean euskal herritar bat dagoela nabarmendu dute, gainera, eta beraz, “euskal instituzioen parte-hartzea” exijitu du herri ekimenak. “Israelgo Estatua gai da inpunitate osoz nazioarteko uretan zibilak erasotzeko, nazioarteko agintariek beste alde batera begiratzen duten bitartean”, salatu dute, irmoki, bide batez.
Gainera, “Maltak bere betebeharra berehala betetzea eta itsasontziko pertsona guztien segurtasuna bermatzea” ere eskatu dute. Hala nola, nazioarteko komunitateak laguntza humanitarioko ontzi desarmatu baten aurkako “eraso hori gaitzestea” eta “Maltako agintariei berehala jarduteko eskatzea”.