Zirt edo zart egin beharra
Gernika Club SDk domekan [maiatzak 4] Real Sociedad C taldearen kontra jokatuko du 2. RFEF ligako azken partidua, 12:00etan hasita, Urbietan. Mailari eusteko, nahitaez irabazi beharko diete gipuzkoarrei.
Gernika Club SD taldea kinka larrian dago. 2. RFEF maila bukatzeko jardunaldi bakar baten faltan, azken partiduan kale edo bale egin eta nahitaez irabazi beharra dute, mailari eutsiko baldin badiote. Domekan [maiatzak 4], Urbietako harmailak gotorleku bihurtu beharko dituzte, 12:00etan Real Sociedad C taldearen aurka jokatuko duten partiduan. Taldeak jarraitzaileei babesa ematera hurreratzeko deialdia luzatu diete.
Talde gipuzkoarrak hurrengo denboraldian maila bat beherago jokatuko du, matematikoki aukera oro galdua baitute. Edozelan ere, gernika-lumotarrek argitu dute maila handiko arerioa izango dela, denetariko arrazoiak tarteko: “Azken unera arte dena ematen duen taldeetako bat da; izan ere, kolektiboki aurrera egiteko aukera barik daude, baina jokalariek, alde partikularretik, hurrengo urtean Real Sociedaden B taldean edo beste etxeren batean jokatzeko aukera ikusiko dute eta, beraz, ahalik eta aurpegirik lehiakorrena erakutsi nahiko dute azken partiduan. Hortaz, norgehiagoka gogorra dago aurreikusita”.
Gipukoarren taldea “oso gaztea” da, eta jokalarien banakako maila, ostera, “benetan handia” da. Azken partiduan, beren aldetik, jokalaririk eskarmentatuenek “ardura” hartu beharko dutela argitu dute: “Gernikaren lantaldea oro har gazte samarra izanagatik ere, badaude hiruzpalau beterano ere; horiek tankerako egoeretatik igarotakoak dira, eta badaki zelan jokatu behar duten. Hala, erantzukizuna eta presioa kudeatzea tokatuko zaie, gazteei gidatzea, gauzak erraz egitea”. Defentsan seguru agertuz, erasoan “sinple eta eraginkor” aritzea izango da giltzarria.
Horixe falta izan zitzaien, hain zuzen, iragan asteburuan; gernika-lumotarrek CD Subizaren aurka ezustekoa jasan zuten. Izan ere, nafarrak maitematikoki jaitsita zeuden, baina ezusteko partidua jokatu zuten: 2 eta 2koagaz amaitu zuten, eta ozta-ozta. Markagailuak Gernikaren aldeko 1 eta 2koa bistaratzen zuenean, penalti batean huts egin zuten; hori gutxi ez, eta 85. minutuan etxeko taldeak berdinketa lortu zuen.
Gaur-gaurkoz, Urbietako taldea jaitsiera eremua baino puntu bat gorago kokatuta dago. Puntu bakarrera behetik dituzte, hurrenez hurren, Tudelano (jaitsiera gunetik kanpo), Calahorra (play-out gunean) eta Barbastro (jaitsieran). Horrenbestez, zirt edo zart egin beharko dute etxekoen aurrean. Hain zuzen ere, beharbada berdinketa ere baliagarri izango litzaieke, baina aipatutako aurkarietako zenbaitek neurketa “erosoagoak” edukiko dituzte eta, beraz, irabaztera zelairatu beharko dira domekan.
Bultzadaren beharraz.
Berebiziko partidua den jakitun, Gernikaren bazkideek sarrera bat doan edukiko dute domekan; seme-alabak taldearen kategoriaren batean jokatzen dituzten gurasoek, beste horrenbeste. Azken partiduan “laguntza oro ondoetorria” izango denez, jarraitzaileen babesa eskatu du taldeak. Ez hori bakarrik: partidua amaituta, Urbietako tabernan paella janaldia egongo dela aurreratu dute.