Basque Warriors gerrikoa, jokoan
Boxeo jardunaldia hartuko du zapatuan [maiatzak 3] Jai Alai pilotalekuak. Borrokaldi amateurrak neo-profesionalekin uztartuko dituzte; tartean, lehian egongo da Basque Warriors gerrikoa.
Jai Alai frontoia goi mailako boxeoaren habitat bihurtuko da zapatu honetan [maiatzak 3]. Arratsaldetik gauera arteko egitarauagaz, boxeo gaualdia antolatu dute elkarlanean Lions Fight Klub eta Royal Boxing klub zornotzarrek. Herrian nahiz eskualdean boxeo kultura sustatzea eta, horregaz batera, maila handiko borrokak eskaintzea izango da egitasmoaren helburua. Antolatzaileek “norgehiagoka biziez gozatzeko eguna” aurreikusten dute. 17:30ean zapaduko dituzte pilotalekuko ateak, eta lehendabiziko borrokari ordubete beranduago ekingo diote.
Ringak zortzi borrokaldi amateur eta neo-profesional bi hartuko ditu; azken horietan, hain zuzen, Basque Warrios gerrikoa jokoan egongo da. Lehian egongo diren protagonistei dagokienez, “etxeko boxeolariak eta kanpoko hainbat gazte interesgarri” egongo direla iragarri dute. Aipatutako gerrikoaren lehia borroka bitara mugatuko da: batetik, Jon Ander Erreapek Steven Ruiz izango du aurrez aurre; bestetik, Asier Sanvicentek Ibai Carmonaren kontra neurtu beharko ditu indarrak.
Halaber, amateur mailan borroka egingo dutenak honako hauek izango dira: Pello Gutierrez vs Gilen Ibarzabal, Daniel Mendoza vs Pedro Ornia, Jon Sancho vs Mounir Osidi, Gabri Jaty vs Juan Blanque, Iñigo Gutierrez vs Ibai Duandikoetxea, Aner Alvarez vs Alain Roman eta, azkenik, Alain Murua vs Beñat Agirre.
Sarrerei buruzkoak.
Boxeo gaualdiaz gozatzeko sarrerak egunean bertan nahiz aurretiaz eskuratu ahalko dira, lehiatilan. Harmailetako sarreren prezioa 18 eurokoa da aurretiaz erosiz gero, eta 23 eurokoa zapatuan bertan; borrokak aulkietan ikusi gura dituztenek 23 euro ordaindu beharko dituzte aurretiaz, eta 28 euro egunean bertan. Ekimenak Gernika-Lumoko Udalaren eta tokiko hainbat enpresaren laguntza jaso duela azaldu du antolakuntzak, eta denei ala denei “eskerrik beroenak” eman dizkiete.