Ibarrangeluko VIII. Azoka, berriro epizentro izateko prest
Zapatuan [maiatzak 3] egingo dute Ibarrangeluko Azokaren VIII. aldia. 31 postuz osatutako azokaguneaz gain, denetariko jardueraz osatutako egitaraua jorratu du Ibarrangeluko Azoka Taldeak.
Datorren zapatuan [maiatzak 3], ibarrangelutarrek hitzordu berezi askoa edukiko dute herrian: Ibarrangeluko VIII. Azoka. Herritar orori zuzendutako denetariko eskaintza gastronomikoa, artisautza, sorkuntza eta aisialdi aukerak edukiko ditu ardatz nagusi azokaren VIII. aldi horrek. Inondik inora, azoka ekimenik berezienetako bat izan ohi da, eta aurtengoak ere halaxe izateko aurreikuspenak ditu. Izan ere, urte birik behin antolatzen du Ibarrangeluko Azoka Taldea izeneko lantaldeak, udalagaz eta Kutxabankegaz elkarlanean.
31 salmenta postuk osatuko dute aurtengo azokagunea
Elexaldeko azokagunean hala Ibarrangeluko, nola Busturialde osoko produktuak egongo dira salgai, eskualdeko sormena eta tokiko merkataritza nahiz ekoizpena baitu jomuga ekimenak. Azoka 31 salmenta postuz osatuta egongo dela iragarri du antolakuntzak, eta Elexalde aldameneko aparkalekuan kokatuko dute, udaletxearen eta San Andres elizaren alboan. Egitaraua 11:00etan abiatuko dute, eta ordu horretatik aurrera bisitariek postu denetan kuxkuxeatzeko aukera aproposa edukiko dute.
Anitza besteko koloretsua izango da azoka eta, besteak beste, honako produktuok egongo dira aukeran: hegaluzea kontserban, patea, eztia, gazta, ogia, marmelada ekologikoa, txakolina, baserriko produktuak, euskal pastela, pasta, sendabelarra, artisautza produktuak, eskuz eginiko jantziak, loreak eta bitxigintza zein ehungintza produktuak. Ez hori bakarrik: bertaratzen direnek artisau eta ekoizleek zein modutan lan egiten duten ikusi ahalko dute; zeramikariak, artile zein larru artisauak, gorulariak edota ehoziri lanak ontzen dituzten sortzaileak azokagunean bertan beharrean ariko dira. Gainera, 14:30ean, tokiko produktuz osatutako otzara bat zozkatuko dute.
Ibarrangeluko Azoka Taldea: “Ibarrangelun geure azokagaz inplikatzen gara, udalerrian eta eskualde osoan ditugun produktu bikainak ezagutarazteko aukera egokia baita”
Ibarrangeluko Azoka Taldekoek baserritarrez jantzita hurreratzeko deialdia luzatu diote herritarrei, “azoka gehiago girotzeko”: “Ibarrangelun geure azokagaz inplikatzen gara, udalerrian eta eskualde osoan ditugun produktu bikainak ezagutarazteko aukera egokia baita. Inguruko baserritarrek eskaintzen dituzten produktuez gozatzeko aukera emateaz harago, herritar guztiek egun osoko jai giroaz goza dezaten saiatuko gara, denetariko jarduerekin; esate baterako, gaztetxoenak entrenetitzeko gunea ipiniko dugu”.
Herriko artisten pinturen erakusketatik ateratako dirua minbiziaren aurkako ikerketara bideratuko dute
Badago zer eginik.
Eguerditik aurrera, Joseba eta Koldo musikari bikoteak trikiti doinuz girotuko du azoka. Jan-edanaren pentsuan daudenek, halaber, aukera paregabea edukiko dute zapatuan: taloa eskainiko dute txorizoarekin edota giharrarekin, txosnan. Tankera askotako jarduerak prestatu dituzte antotzaileek, besteren artean, uso mezularien erakusketa egingo dute, baita bertako artisten argazki erakusketa ere; azken horren gaia Koadrilak izango dela argitu dute. Beste alde batetik, kausa solidarioa ere ez dute ahaztuko zapatuan: herriko artisten pinturen erakusketa nahiz salmenta postua egongo da azokagunean, eta bertatik ateratako dirua minbiziaren aurkako ikerketara bideratuko dute.
Abiadura bete-betean jarrita, karretilen kronoigoera ere egingo dute. “Lasterketa bitxia” izango dela adierazi dute, azokaren duela urte biko azken ekitaldian herritarren artean “oso arrakastatsua” izan zelako errepikatuko dutena. 17:00etarako ipini dute irteera ordua, Elexaldeko aldapan. 18:30ean, aldiz, umeei zuznedutako txokolate janaldia egongo da eta, azokagunea zarratu ostean, Jaire taldearen erromeriak dantza batean jarriko du bertaratzen den oro.
EGITARAUA
11:00. Azokagunearen irekiera.
12:00. Joseba eta Koldoren trikiti saioa.
12:30. Umeentzako jolasak.
14:30. Tokiko produktuen otzararen zozketa.
17:00. Karretilen kronoigoera.
18:30. Umeentzkao txokolate janaldia.
20:00. Jaire taldearen erromeria.