Busturiko jaietako kartel lehiaketa, abian
Maiatzaren 6ra (martitzena) arte entregatu daitezke lanak, Altamirako Kultura Etxean. Partaide bakoitzak gehienez bi lan aurkeztu ahal izango dituela jakinarazi du Busturiako Jai Batzordeak, irizpideak ezagutarazteagaz batera.
Busturiko Jai Batzordeak aurtengo jaiak iragarriko dituen kartel lehiaketarako deialdia zabaldu du. Parte hartu nahi dutenek maiatzaren 6ra arte (martitzena) entregatu ahal izango dituzte lanak, Altamirako Kultura Etxean, 9:00etatik 11:30era eta 16:00etatik 20:00etara bitartean.
Partaide bakoitzak gehienez bi lan aurkeztu ahal izango dituela jakinarazi dute jai batzordetik. Gehitu dutenez, gaia eta kartela egiteko erabilitako teknikak ere autorearen aukerakoak izango dira. Lana DIN A2 formatuan aurkeztu beharko dela nabarmendu dute, halaber; euskarri zurrunean. Kartel proposamenak sinadura barik aurkeztu beharko direla ere gogoratu dute, lema bategaz. Horregaz batera, kartazal itxian, eta lelo berbera gainean ipinita, autorea identifikatzeko datuak, curriculum laburra, telefono zenbakia eta Nortasun Agiriaren kopia sartu beharko dira.
Busturiko jaietako kartela zein izango den Busturiko Udalak eta jai batzordeak aukeratutako epaimahaiak aukeratu du, eta horien aukeraketa apelaezina izango da. Epaimahaikoek zalantzazko autoretza duten lanak, pertsonen duintasunaren kontra doazenak edo plagioa direla uste dutenak deskalifikatzeko eskumena izango dutela nabarmendu dute.
Irabazlearentzat.
Lehiaketan nagusitzen den lanak saria jasoko du: 400 euro autorearentzat. Hala ere, aurkeztutako kartelek behar besteko kalitate teknikorik ez badute, lehiaketa sari gabe gera daitekeela aurreratu dute. Kasu horretan epaimahaikoek beste artista bati agin diezaiokete kartela egitea.
Lan irabazlea Busturiko Udalaren jabetzakoa izatera pasatuko da; hau da, autoreak kartel hori ustiatzeko eskubideak udalaren esku utzi beharko ditu. Sarituak izan ez direnen lanak, bestalde, Altamirako Kultura Etxean batu ahal izango dira, uztailaren 31ra arte. Data hori iraganda, udalak askatasun osoz erabili ahal izango ditu jaso ez direnak.