6.500 lagunek bisitatu dute Gaztelugatxe Aste Santuan
Bizkaiko Foru Aldundiak bildutako datuen arabera, apirilaren 17tik 21era bitartean, 6.000 bisitari baino gehiago izan dira natura monumentu horretan. Bisitari-kopururik handiena (1.439) zapatuan gerturatu zen.

Gaztelugatxek, lehen biotopo babestuak, 6.500 bisitari inguru jaso ditu Aste Santuan, apirilaren 17tik 21era bitartean, Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez.bBisitari kopururik handiena zapatuan (apirilak 19) bertaratu zen Gaztelugatxera: 1429 bisitariren bilgune izan zen biotopoa. Eguenean (apirilak 17), 1403 bisitari gerturatu ziren, eta barikuan (apirilak 18), 1.382.
Hori bai, aipatu datuak Gaztelugatxeko bisita ordutegi kontrolatuaren barruan egindako bisitei buruzkoak direla zehaztu dute.
Foru erakundeak jasotako datuen arabera, natura monumentu horretako bisitari gehienak, Espainiar estatutik bertaratutakoak izan ziren, %72,7. Bizkai, Araba eta Gipuzkoatik bisitarien %22,29 gerturatu ziren, eta %10 izan ziren beste beste herrialde batzuetatik hurbildutakoak, hala nola Frantziatik, Italiatik, Alemaniatik, Argentinatik, Kolonbiatik, Amerikako Estatu Batuetatik, Erresuma Batutik, Esloveniatik edo Uruguaitik.
Bisitarien adinari erreparatuta, egun horietako bisitari gehienak 16 eta 35 urte bitartekoak izan ziren (%39,70), baina asko izan ziren, baita ere, 36 urte eta 55 urte bitartekoak (%35,05). Hortik gorakoak, berriz, bisitarien %25,25 izan ziren.
Egun horietan, bisitak erregulatzeko aldez aurreko erreserba sistema ezarri zuten, sarbideen kontrola eta ticketing digitala erabilita. Izan ere, diotenez, sistema horiek bisita kopurua mugatzeko eta Gaztelugatxez gozatzea ingurumen babesagaz “bateragarria” izateko balio dute. Izan ere, Gaztelugatxek gehienez ere 1.462 bisitari jaso ditzake eguneko, aldundiak Europarc-en (kontinente osoan eremu babestuak kudeatzen dituzten erakundeen Europako antolakundea) txostenetan oinarrituta ezarritako kopuruaren arabera.