Bermeok Bizkaiko Trainerilla Ligako lehenengo estropada irabazi du
Bermeoko gizonezko nagusiek lortu dute garaipena. Elantxobek eta Mundakak ere parte hartu dute ligako lehenengo estropadan. Hurrengo jardunaldia eguenean [maiatzak 1] izango da, Mundakan.
Bizkaiko trainerillek ekin diete aurtengo lehiari. Domekan [apirilak 27] Lekeitiok hartu zuen ligako lehenengo estropada, eta beste hainbaten artean, Bermeo, Elantxobek eta Mundakak parte hartu zuten.
Bermeotarrak gizonezko nagusien mailan garaipena lortuta itzuli ziren etxera. Lekeitiarrak atzetik eduki zituzten arren, hiru ziabogetan nagusitasuna erakutsi zuen Bermeo B-k, eta 15.37,95eko denbora eginda amaitu zuen. Atzetik Isuntza geratu zen, 15.57,84ko denboragaz. Bermeo A traineruak, ostera, zazpigarren postuan amaitu zuen estropada, eta Elantxobek, hamaseigarren. Emakumezko nagusietan ez zen eskualdeko trainerurik egon; Kaikuk irabazi zuen estropada eta atzetik geratu zen Ondarroa.
Elantxobetarrek emaitza hobeak lortu ahal izan zituzten gizonezko gazteen mailan. Zierbenak irabazi zuen estropada (17.21,65), eta etxeko arraunlariak geratu ziren bigarren (17.23,58); Elantxobek, ostera, bosgarren postuan amaitu zuen estropada (18.10,56). Mundakak bederatzigarren postuan amaitu zuen, 19.54,49ko denbora eginda.
Emakume gazteetan, ostera, Ondarroak Mundakaren aurretik amaitzea lortu zuen. Lehenengo ziabogatik nagusitu ziren ondarrutarrak, eta goren goreneko maila mantendu zuten estropada guztian zehar. Hala, 20.13,05eko denboragaz amaitu zuten estropada; Mundakak 22.03,71eko denbora egin zuen.
Hurrengo jardunaldia. Ligari Lekeition hasiera emanda, beste sei estropada jokatuko dituzte arraunlariek. Hurrengoa eguenean [maiatzak 1] izango da, Mundakan, 16:00etan. Mundakakoaren ostean, maiatzaren 3 eta 4an Elantxobek hartuko du trainerilla liga, 16:00etan eta 10:30ean, hurrenez hurren. Liga amaiera eta Bizkaiko Txapelketara sailkatzeko azken estropada maiatzaren 10ean izango da, Ondarroan.Txapelketagaz amaitzeko, ostera, Bizkaiko Txapelketa lehiatuko dute arraunlariek, maiatzaren 11n, Ondarroan.