Abian daude Bermeoko Turismo Bulegoa birgaitzeko lanak
Lanak iraun bitartean, Turismo Bulegoak Bekoportalen eskainiko du zerbitzua, eta Bekoportaleko zerbitzua Gizarte eta Kultura Etxeko lehenengo solairura lekualdatu dute.

Bermeoko Udala Turismo Bulegoaren eraikina birgaitzeko lanekin hasi da, horren efizientzia energetikoa hobetu eta bulegoaren digitalizazioan aurrera pausoak emateko asmoz. Izan ere, beharrezkoa da esku-hartze “sakon bat” egitea, isolamendu arazoak baititu eraikinak, eta horrek energia galerak dakartza.
Horiek horrela, eraikinaren aurrealdea isolamendu sistema baten bidez (SATE sistema) birgaituko dute kanpoaldetik, eta bertan dauden elementuen egokitzapena ere egingo dute; hala nola, balkoiak, tailatu hegalak eta bestelako osagaiak egokituko dituzte. Gainera, teilatua ere konponduko dute, eta eraikinaren estalkian isolamendu termikoa instalatuko dute.
Barrualdera begiratuta, argiztapen guztia LED teknologiaduna izango da, kontsumo txikiagoa eta iraunkorragoa bermatzeko.
Eraikuntza lan horiei dagokienez, 426.894,14 euroko aurrekontua aurreikusi dute, baina horiek egiteko 350.000 euroko diru laguntza jaso du udalak. Hain zuzen ere, zehaztu dute jarduketa hauek udalaren Helmugako jasangarritasun turistikoko plana 2023 (Berreskuratze, eraldatze eta erresilientzia plana, Europar Batasuneko funtsek finantzatuta) diru laguntzen programaren baitan kokatzen direla, eta Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumoaren sailaren eskutik datozela.
Esan dute, jarduera horiei esker, eraikinak gutxienez B energia etiketa lortuko duela, eta aurreikuspenen arabera A mailara ere iritsi daitezkeela. “Hori guztia 025Bis etiketan jasotako betekizunen arabera egingo da, 2021/241 (EB) Erregelamenduaren VI. eransklinean zehaztuta dauden irizpideekin bat eginez”, azaldu dute.
Eraikuntza lan horiekin batera, aldi berean, Turismo Bulegoaren digitalizazioaren lehen faseari ekingo diote, “bisitariei zerbitzu hobea eskaintzeko” baliabide teknologiko berritzaileak erabiliz. Lan hauetarako aurrekontua 9.998,23 eurokoa da (BEZ barne), eta kostuaren %100 jasoko da funts berdinetatik.
Bestalde, bigarren fase batean, eta beste dirulaguntza batzuen bidez, eraikineko klimatizazio sistema berritzeko asmoa dute udaleko ordezkariek. “Fase honetan eraginkortasun oso handiko hidrotermia sistema bat ezarriko da, energia berriztagarrietan oinarrituta”, jakinarazi dute.
Obrak iraun bitartean, Turismo Bulegoak Bekoportalen (Hurtado de Mendoza Kardenalaren kalea, 8) eskainiko du zerbitzua, eta Bekoportalen eskaintzen zen haurrentzako zerbitzua Gizarte eta Kultura Etxeko lehenengo solairura mugitu dute. Udaletik “ulermena eskatu” diete herritarrei, lan horiek egiterakoan sor daitezkeen eragozpenengatik, eta aldez aurretik eskerrak eman dizkiete emandako laguntza eta pazientziagatik.