"Manifestazio erraldoi bat" deitzeko eskatu diote intersindikalari
Hezkuntza publikoko irakasleek maiatzerako deituta duten greba ziklo berriaren aurrean, asteburu batean Bilbon "hezkuntza komunitate osoa" bilduko duen manifestazioa eskatzeko sinadura bilketa abiarazi du Bermeo BHIko irakasle batzordeak.

Urtarriletik apirilera bitartean hezkuntza publikoko irakasleak greba zikloan murgilduta egon dira, besteren artean indarrean dagoen 2010eko lan-hitzarmena “orain eta hemen negoziatu” eta berritzeko eskatuz. Bederatzi greba egunen ostean, %90eko ordezkaritza duten LAB, ELA, STEILAS eta CCOO sindikatuetako ordezkariek Hezkuntza Sailagaz bildu ziren apirilaren 3an [eguena].
Astebete beranduago jaso zuten akordiorako lehen proposamena, irakasleek aldarrikatutako edukiei “erantzun egokirik ematen ez diena”. Salatu dutenez, Hezkuntza Sailak “ultimatum gisa” aurkeztu zien proposamena, “negoziaziorako aukera baztertuz”. Egoera horren aurrean, lau sindikatuek akordioa sinatu ez eta greba eta mobilizazio “arrakastatsuei” segida emango dietela iragarri dute, bost eguneko greba ziklo berri batekin. Maiatzaren 12, 13, 14, 15 eta 16rako deitu dute greba.
Azaldu dutenez, greba ziklo berri horretan irakasleek “oso mezu argiak” helaraziko dizkiote Hezkuntza Sailari: “Gero eta handiagoak diren lan-zamak arintzeko neurri zehatzak adostea, erretiroa hartzeko baldintzak hobetzea eta plantillen gazteberritze plana garatzea, galdutako erosahalmena berreskuratzea eta jaiotza-tasaren jaitsierak aprobetxatuz aldebakarrez erabakitzen ari diren ikastetxe publikoen fusio eta itxieren aurrean enplegu publikoa bermatu eta lanpostuak egonkortzea”.
Sinadura-bilketa.
Testuingu horretan, eta maiatzeko greba zikloaren atarian, Bermeoko BHIko irakasle batzordeko kideek intersindikalari eskaera bat egitea adostu zuten: asteburu batean eta hurrengo greba zikloaren aurretik, “hezkuntza komunitate osoa” bilduko duen”manifestazio erraldoi bat” antolatzea: “Greba egunak aurrera joan ahala, ikusten ari gara irakasle asko grebetatik aldenduta daudela eta, kontuan izanda Hezkuntza Saila presionatzeko momentua orain dela, beste bide batzuk jorratzeko unea dela deritzogu”.
Hala, guraso, ikasle, irakasle, hezitzaile, sukaldari eta garbitzaileak barne hartuko duen manifestazio deialdia asteburu batean eta Bilbon egitea eskatu dute, “kopurutsuagoa” izan daitekeelakoan. Eskaera Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako 3.000 irakasleek baino gehiagok sinatu dute dagoeneko, eta irakasle batzodcko kideak sinadurak biltzen jarraitzeko asmoa agertu dute: “Eraginkorra izan daitekeela uste dugu jendetsua bada”. Intersindikalari luzatuko dioten eskaeragaz bat egin gura dutenek gutuna internet bidez sinatzeko aukera dute, izen-abizenak eta hezkuntza zentroaren izenak jarriz; gaur egun lanean ez daudenek izen-abizena jarrita “nahikoa” dela zehaztu dute.